Dokumentuaren akzioak
Medikuek dantza klaseak agindu ahalko dituzte laster Britainia Handian
Inguruan gero eta heldu gehiago sumatzen ditugu dantza-klaseetara joaten, horietako asko, medikuek gomendatuta. Jakinekoa da eta zientifikoki ere frogatu dituzte, dantzak dakartzan onura fisikoak eta mentalak. Britainia Handian adibidez, hemendik gutxira, medikuek dantza klaseak agindu ahalko dizkiete pazienteei. Dance magazine aldizkari digitalean irakurri dugu, Matt Hancock, osasun-idazkariaren iniziatibari esker, dantza-klaseak, musika, kirola, lorezaintza... errezetatuko dizkiela medikuek dementzia, biriketako arazoak edota gaixotasun mentalak pairatzen dituzten gaixo britainiarrei.
"Agindu sozialak" izena eman dieten esku-hartze horien helburua da, tratamendu tradizionalak aberastu eta gehiegizko medikamentuei alternatiba eskaintzea.
Medikuek agindu gabeak izan daitezkeen arren, Estatu Batuetako zenbait programek erakutsi dute mugimenduak ze eraginkorrak izan daitezkeen hainbat tratamendutan. Mark Morris dantza taldeak Dance for Parkinson Disease programa aurkeztu zuenean 2016an, ikertzaileek ikusi zuten zortzi astean dantza-klaseak jaso zituzten pazienteek %10,4ko hobekuntza izan zutela mugimendu orokorrean, %26,7koa ibiltzerakoan eta %18,5ekoa dardaretan. 2010ean Missouriko unibertsitateko ikertzaileak ohartu ziren, helduentzako inpaktu gutxiko dantza klaseak oinarri dituen Lebed metodoari esker, ikasleek oreka eta martxa hobetzen zutela, horrela erorketen ondoriozko lesioak gutxituz. Beste zenbait ikerketek frogatu dute dantzak antsietatea murriztu dezakeela eta funtzio kognitiboak hobetu.
Britainia Handian programa pilotuekin ari dira lanean eta 2023rako guztiz martxan izango dituztela aurreikusten dute.
Informazioa: Doctors in the U.K. Will Soon Be Able to Prescribe Dance Classes (Dance magazine)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osadantzan
Dantzak osasuna dakar eta osasunak dantza. Adin, gorpuzkera eta tamaina guztietako jendea osasuntsu izateko jarduera egokia da dantza, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzana. Gorputz osoari egiten dio mesede dantzak: bihotza eta birikak hauspotu, giharren tinkotasuna eta indarra areagotu, iraupen motora eta azkartasuna bizitu, gaitasun aerobikoa handitu, pisuaren kudeaketan lagundu, hezurren sendotasuna hobetu, osteoporosia atzeratu, gorputz osoaren azkartasuna eta malgutasuna, oreka eta espazioaren kontzientzia handitu, gorputzarekiko konfidantza hobetu, buruazkartasunari lagundu, eta ongi-izate fisiko eta mental orokorra hobetzen du, auto-konfidantza eta autoestima areagotuz, eta gaitasun sozialetan lagunduz.
Eta hori guztia gorputz ariketaz gozatuz, plazer hutsez egiten den jarduera eginez, dantzatuz.