Dokumentuaren akzioak
Maialen Araolaza: "Euskal dantza onuragarria da zahartzaroan"
Euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu ditu Maialen Araolaza (Eibar, 1978) unibertsitate irakasleak eta ikertzaileak EHUn defendatu berri duen doktore tesian. Bilbao Musikan dantza tradizionala ikasten duten Patxi Labordaren hainbat ikasleren jarraipena egin du, dantza egiteak haien funtzioetan zer nolako ondorioak dituen neurtuz. Ikerketaren emaitzak pasa den uztailaren 17an arrakastaz defendatu duen "Dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsoriomotore eta neuropsikologikoak adineko emakumeetan" izenburuko doktore tesian jaso ditu.
Fisioterapeuta ogibidez, goi mailako kirolariekin eskarmentu handia du, hala nola Blume egoitzan eta eskubaloi eta hockey espainiar selekzioekin ere, baina baita musika eta dantzan ere, Bartzelonako Liceon edo Operación Triunfo telebista saioan aritu baita besteak beste. Dantza eta musikari estuki lotua sentitzen da, eta zaletasun horrek bultzatu du doktore-tesiko gaia aukeratzera; arte eszenikoak, batxilergoko ikasketetatik kentzeak erabakiorra izan zen, hauen balioa neurtzea beharrezkoa sentitu baitzuen. Askotan gutxiesten bada ere, artearen aspektu inklusiboan sinesten baitu Araolazak.
Dantza tradizionalak adineko emakumeentzat izan ditzakeen onurak ikertu dituzu aurkeztu berri duzun doktore tesian ezta?
Hori da, zahartzaroko narriadura funtzionala landu dut. Jarduera fisikoak gaitasun funtzionalean onurak dakartza. Medikuek gehien agintzen duten jarduera oinez ibiltzea izan ohi da, eskuragarria da, zapatilak jantzi eta ez da askoz gehiago behar. Baina jarduera batzuk onuragarriagoak lirateke beste batzuk baino eta ikertu nahi izan dut ea euskal dantza tradizionalak ba al daukan onura berezirik.
Eta ba al da dauka?
Oinez ibiltzen diren 22 emakumeri eta dantzatzen diren 22 emakumeri hainbat neurketa egin dizkiegu eta ikusi dugu dantza egiten duten emakumeek funtzio kognitibo-motorrean emaitza hobeak lortu dituztela, bereziki oreka dinamikoko eta arreta eskatzen duen eginkizun motor berriak egiterakoan, izan ere, orekaren kontrol motor egonkorragoak erakutsi dituzte. Horrez gain, dantzan aritzen direnek oinez aritzen direnek baino indar funtzional hobeak eta mugikortasun hobeak izateko joera ere erakutsi dute. Beraz, euskal dantza tradizionala egitea onuragarria litzateke zahartzaroko funtzio maila mantentzeko eta beraz beherakada prebenitzeko.
Zerk egiten du onuragarri euskal dantza tradizionala?
Lehenik eta behin eredu erritmikoen eta hauen lateralitatearen aberastasuna aipatuko nituzke. Nire ustez oreka eta arreta biak une berean sustatzeko osagai garrantzitsuenetakoak dira. Oreka eta arreta, zahartzaroko prozesuan lehenengo kaltetuak izan ohi dira. Eta ez hori bakarrik, bien arteko konpetentzia moduko bat dago. Egunerokoan, horri aurre egiteko, bietako bat lehenesten da edo bien errendimendua jeisten da. Hain justu, dantza tradizionalak, sustatzea interesatzen zaigun orekaren eta arretaren arteko konpetentzia hori eskatzen du. Horrez gain, errepertorio zabala, espazioaren banaketa, rolen banaketa, arreta...
Nola lantzen dira oreka eta arreta dantzaren bidez?
Alde batetik eredu erritmikoak, eta dantza urratsak, noski, eta beste aldetik gorputzaren mugimendua, gorputzaren espresibitatea, besoena, kriskitin egiten duzun edo ez, nola antolatzen zaren besteekiko, musikak daukan estimulua, dantza irakasleak eskatzen duena, emozioak nola partekatzen diren besteekin... arreta gune pila bat daude momentu berean, etengabe aldatzen joan behar dira, baina zure gorputz masaren desplazamendua, norabide eta abiadura desberdinetan gelditu gabe.
Gainera plazerez egiten den ariketa da.
Hori da, dantza saioa edo erromeriak bukatzean ikasleen aurpegiari begiratu besterik ez dago. Bestalde, irisgarria da. Ia Euskal Herriko herri guztietan daude helduentzako dantza eskolak edo helduak dantzan jartzen dituzten tallerrak. Beste hainbat ariketa osasungarri daude, adibidez taichia, erorketa prebentzioan ebidentzia maila altua duena. Eta ez dut esaten jende guztia dantzatu behar denik. Baina errazago animatu daiteke adineko emakume eta baita gizonezko asko euskal dantzara, bai kulturalki motibatuta daudelako edo bai bere lagunartean sentitzen direlako. Ez medikuak agindu dielako, gustatzen zaielako baizik, joateko irrikitan daudelako, aste guztiko momentu ederrena delako, ondo sentitzen direlako, plazera sentitzen dutelako dantzan. Erronka handia litzateke hori edozein osasun interbentziorekin lortzea, plazera!
Prebentzioa da garrantzitsua ezta?
Azken aldian ikerketa askok diote nagusitzen garenean, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna galdu baino lehen, aldaketa txikiak egiten ditugula oztopoak saihesteko: geldoago ibili, eskuak erabili aulkitik altxatzeko edo eskailerak jeisteko etab. eta horregatik komeni da galera horren zeinuak identifikatzea ahalik eta azkarren. Horiek detektatzea oso interesgarria da, behin identifikatuta, ariketa fisikoaren bidez galera horiek atzeratzeaz gain erreserbak handi daitezkeelako. Prebentzioan, pazienteek ariketa egin dezaten, ahalik eta aukera anitzenak eman behar dizkiegu eta dantza aisialdian edo erromerietan egiten den jarduera fisikoa izateaz gain, egituratutako eta helburu zehatz batekin sortutako ariketa fisiko programa ere bada.
Zenbat dantza egitea da gomendagarria?
Munduko osasun erakundeak, osasuna mantentzeko edo hobetzeko astean intentsitate baxuko 150 minutuko ariketa gomendatzen du gutxienez. Intentsitatea aldagai garrantzitsua da, eta ariketa biziagoarekin, eman beharreko denbora laburtzen da. Dantza motaren arabera, intentsitateak aldakorra dira, jauzi bat eta jota bat adibidez oso desberdinak izan daitezke. Dena den, oreka mantentzeko eta erorketak prebenitzeko adibidez denbora gehiago behar da, asteko 180 minutu gutxienez. Kontuan izan behar da, dantza saioak dantza geletakoaz aparte, plazetakoak ere balio dutela, noski. Beraz gutxieneko denbora horietara heltzea beharrezkoa da osasunerako onurak lortzeko.
Ze dantza iruditzen zaizkizu egokiak? Badago saihestu beharrekorik?
Progresibitatean eta indibidualizazioan dago gakoa, segurtasuna bermatu eta lesioak prebenitzeko, baina baita ere partehartzaileen motibaziorako. Hori taldeetan ez da beti erreza izango, baina segurtasuna bermatzeko, mailaren araberako taldekatzeak beharrezkoak iruditzen zaizkit. Edukiei dagokienez, urratsak sokan ikastea, eta gero eskuak libre progresio egokia izan daitezke, adibidez, oreka mantentzeko. Bestalde, birak eta jauzi handiak erronka handiegia izan daitezke, eta erorketa arriskua handitu. Bereziki, alde batera eta besterako buelta jarraiak arriskutsuak izan daitezkeela uste dut. Horregatik, horiek saihestuko nituzke hasiera batean (adibidez mutil-dantzak edo dantza teknikoki sofitikatuagoak). Azkenik, lehen aipatu bezela motibazioa zaindu behar da. Ondo pasatzen dugu gure ahalmenerako erronka handiegia edo txikiegia ez denean, beraz, berriz ere mailakatzea gomendagarria izan daiteke denei maila egokia eskeini ahal izateko.
Nola hautatu dituzue ikerketa eta jarraipena egiteko dantzariak?
Ikerketarako partehartzaileak emakumeak eta 60 eta 72 urtekoak izan dira, osasuntsuak, eta astero egiten zuten ariketa fisiko kantitatea 150 min baino gehiago zen. Partehartzaileak bi taldetan banatu genituen. Haietako batzuk, Bilbao Musikako dantzako ikasleak ziren gutxienez 2 edo 3 urtez eta erromerietara joateko ohitura ere bazuten. Patxi Laborda da hango dantza irakaslea, eta 4-6 urtetako progresio zehatz bat jarraitzen duen programa egituratua du, oso inklusiboa bai adin bai genero aldetik, musikan eta dantzan eskarmentu handia dauka eta jendeak ez du ia hutsik egiten dantzako hitzorduetara. Bestalde, dantzan egiten ez zuten ezaugarri bereko emakumeak hautatu genituen, ohiko jarduera dantza beharrean ibiltzea zutena.
Dantzan irakasteko erabiltzen den metodologiak ba al du garrantzirik?
Esango nuke garrantzitsuena dela ikertutako metodologiak duen eredu erritmikoa, musika eta espazioaren erabileran oinarritutako dantza urratsen unitate txikien antolaketa. Gero unitate horietatik progresio malguak eraiki daitezke, partehartzaileen erantzunaren arabera moldatuak. Horrez gain, programa epe luzekoa da, 4-6 urte, urratsen entrenamenduak oreka, eta arreta eta memoria sustatzen ditu etab. Azkenik, motibazioarekin zerikusia izan dezake aipatu dudan inklusibitatea adin eta generoarekiko, feedback positiboak, askotariko saioak, ariketa bakoitza gehiegi luzatu gabe, musika aukeraketak, irakaslearen dohainak, klaseko giro onak, etab.
Osasun munduan ezagutzen eta baloratzen al dira dantzak eskaini ditzakeen aukerak eta onurak?
Orokorrean gimnasio eta konpetizioko taldeko kirolekin konparatuz, dantza ez da kontutan hartu osasunerako jarduera edo ariketa fisiko bezala, nire ustez. Mundu mailan, azken aldian asko zabaldu da artearen onuren kontzeptua osasunean eta osasun publikoak babestu eta indartu beharko lukeela diote azken ikerketek. Dantzaren kasuan, onurak fisikoak dira, baina baita kognitiboak eta emozionalak ere. Adibidez, badut lagun bat Irlandan eta osasun sailak ordaintzen dio adinekoei dantza saioak emateko. Hori gaur egun hemen pentsaezina da. Uste dut oraindik aurreiritzi asko eta begirada motza dagoela hemengo osasun publikoan, prebentzioa berandu heltzen dela. Iruditzen zait kultura komunitatearen osasuna hobetzeko tresna bezela kontutan hartzeko ordua badela.
Zer kontuan hartu behar dute dantza irakasle eta dantza eragileek dantza-praktika osasuntsuak sustatzeko?
Lehen aipatu bezala, mailakatzea beharrezkoa da, segurtasuna eta motibazioa bermatzeko, eta baita dantza saioen denborak eta intentsitateak kontutan izatea. Aldiz, epe luzera eraginkorrak izateko, osasun eta dantza adituekin osatutako mahai bat eratuko nuke, ezagutza transferentzia hori bermatzeko eta osasungileek jardueraren ezaugarrien arabera pazienteei dantzako aukera eskaintzeko.
Tesia defendatuta etapa bat borobildu duzu baina ikerketa honekin jarraitzeko asmorik duzu?
Nik nahiko nuke. Alor honetan lan egitea asko maite dut, baina benetan zaila da laguntzarik gabe eta bi pertsonaren artean hau aurrera ateratzea. Beraz, etorkizunean baliabideen arabera egingo dugu aurrera.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osadantzan
Dantzak osasuna dakar eta osasunak dantza. Adin, gorpuzkera eta tamaina guztietako jendea osasuntsu izateko jarduera egokia da dantza, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzana. Gorputz osoari egiten dio mesede dantzak: bihotza eta birikak hauspotu, giharren tinkotasuna eta indarra areagotu, iraupen motora eta azkartasuna bizitu, gaitasun aerobikoa handitu, pisuaren kudeaketan lagundu, hezurren sendotasuna hobetu, osteoporosia atzeratu, gorputz osoaren azkartasuna eta malgutasuna, oreka eta espazioaren kontzientzia handitu, gorputzarekiko konfidantza hobetu, buruazkartasunari lagundu, eta ongi-izate fisiko eta mental orokorra hobetzen du, auto-konfidantza eta autoestima areagotuz, eta gaitasun sozialetan lagunduz.
Eta hori guztia gorputz ariketaz gozatuz, plazer hutsez egiten den jarduera eginez, dantzatuz.