Gorputzak memoria duela berretsi dute zientzialariek
Dantzariok askotan erabiltzen dugun gorputzaren memoria kontzeptua, dantzan ikastea funtsean gorputzak posizio eta mugimenduak memorizatzea dela adierazteko, adibidez. Orain arte gorputzaren memoria metaforatzat bageneukan ere, ikerketa batek agertu duenez oroimena ez da neuronei dagokien gaitasuna bakarrik; gorputzeko zelulek ere badute gogoratzeko gaitasuna.
Nikolay V. Kukushkin irakasleak gidatutako ikerketan, zientzialariek memoriaren eraketan funtsezkoenetakoa den printzipioa erreplikatzea lortu dute, tartekatze-efektua edo massed-spaced effect deiturikoa; hau da, neuronalak ez diren bi giza zelula erreplikatzea lortu zuten. Lan honen abiapuntua neurozientzian oso ezaguna den fenomeno batetik dator: burmuinak hobeto eusten dio informazioari ikasketa tarte tartekatuetan banatzen denean; saio intentsibo eta luzeetan kontzentratu beharrean. Ikerketa honetan frogatu da ehun-zelula ez-neuronalek ere indar eta iraunkortasun handiagoz erantzuten dutela seinale kimiko tartekatuak jasotzen dituztenean.
Zientzialarien eta dantzarien harrera
Aurkikuntza honek medikuntza eta bioteknologiarako aukerak zabaltzen ditu. Izan ere, “zelula-oroitzapen” horiek nola funtzionatzen duten jakitea lagungarria izan liteke tratamenduak hobetzeko eta terapiak garatzeko. Zelula guztiek memoria moduko bat badute, etorkizunean ezaugarri hori erabil genezake, adibidez, bizi-organoetako zelulak entrenatzeko, patroi edo tratamendu jakin batzuei hobeto erantzun diezaieten.
Ez dirudi aurkikuntza horrek berehalako aldaketarik ekarriko digunik dantzarioi, baina ezin ezkutatu irriparre txiki bat dantzariontzat jakina zen kontuaz zientzialarien harridura sumatzean. "Gorputzak memoria duela. Bai ba, horri esker ikasten dugu dantzan".
Iturria:
- Revolución en neurociencia: Descubren que la memoria no solo reside en el cerebro (National Geographic,
-
The massed-spaced learning effect in non-neural human cells (Nature Communications volume, N. V. Kukushkin, R. E. Carney, T. Tabassum eta T. J. Carew, 2024)