Dokumentuaren akzioak
Tradizioa osasuna bihurtzen denean: dantza tradizionalaren onurak
Osadantzan
Zientzia erakusten ari da osasun fisikoa, emozionala eta soziala lantzen direla dantza tradizionalen bidez. Frogatuta dago dantza gizakiaren hainbat dimentsio —fisikoak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak— aktibatzen dituen jarduera dela. Ikuspegi interesgarri hori jasotzen duen Cuando la tradición se convierte en salud: los beneficios de los bailes folclóricos artikuluaren berri izan dugu Ana Galagarraga Elhuyar-ko zientzia dibulgatzailearen bidez.
Dantzak arreta mantentzea eskatzen du, musikarekin sinkronizatzea eta hainbat pausu mota egitea; eta gainera, emozioen adierazpena eta erregulazioa errazten ditu, baita sozializazioa ere. Adinekoen kasuan, parte-hartzea sustatzen du bai pertsona osasuntsuen artean, baita mugak dituztenen artean ere.
Dantza-terapia eta garunaren onurak
Zientziak azaldu du dantzak gorputzean eta garunean eragin positibo handiak dituela: sistema sentsoriomotorra eta jarduera kardiobaskularra aktibatzen ditu, koordinazioa hobetzen du eta kognizioarekin lotutako garun-sareak pizten ditu. Horren oinarrian sortu zen dantza-terapia, mugimendua erabiliz ongizate fisiko eta psikologikoa hobetzea helburu duen esku-hartzea.
Ikerketek diote, gainera, dantzak neuroplastizitatea indartzen duela, hau da, garunak egokitzeko eta aldatzeko duen gaitasuna, bi hemisferioen arteko konexioa sustatzen du eta hainbat eremu (motorra, sentsoriala eta kognitiboa) aktibatzen ditu. Hazkuntza prozesuan bezala, helduaroan ere, beste ariketa errepikakor batzuek baino eragin handiagoa izan dezake, eta gaixotasun neurodegeneratiboetan lagungarria izan daiteke, gaitasun fisiko eta kognitibo ugari lantzen baititu.
Gorputza eta burua martxan
2019an, 60 urtetik gorako 130 pertsonarekin egindako ikerketa batek erakutsi zuen dantza tradizionala (kasu honetan greziarra) 32 astez praktikatzeak egoera fisikoa hobetzen zuela Senior Fitness Testean ebaluatutako arlo guztietan: indarra, malgutasuna, erresistentzia aerobikoa eta oreka dinamikoa. Emaitzen arabera, dantza tradizionala tresna eraginkorra da funtzionaltasuna hobetzeko eta erorketak prebenitzeko. Eta ez da adinekoen kontua bakarrik: bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen artean ere eragin positiboak erakutsi ditu, aldartean eta egoera fisikoan hobekuntzak sortu baititu.
Dantza tradizionalen onuren artean, kardiobaskularrak eta oreka hobetzekoak nabarmentzen dira, pausu bizkorrak, norabide-aldaketak eta bihotz-maiztasunaren igoera barne hartzen baitituzte. Muskulatura ere indartzen da, modalitate askok gorputz atal asko mugitzen dituzten mugimendu indartsuak baitituzte. Horrez gain, jarreraren eskakizunek eta mugimenduaren koordinazioak oreka eta koordinazioa hobetzen dituzte.
Tradizioa, osasuna eta identitatea eskutik
2025eko ikerketa batek azaltzen du jarduera fisikoa eskatzen duen edozein dantza tradizionalek osasunean onurak dituela. Arlo kardiobaskularrean, funtzionalean eta metabolikoan duen eraginkortasuna egituratutako beste ariketa mota batzuen oso antzekoa dela dio. Gainera, dantza tradizionalek abantaila gehigarri bat eskaintzen dutela: identitatea eta historia transmititzen dituzte. Beste argitalpen batek ideia horiek indartzen ditu, eta jasotzen du dantza tradizionalak batasun eta laguntasun sentimendua sustatzen duela parte-hartzaileen artean, eta pertsonak konektatzen laguntzen duela.
Ondorio berak atera ditu Maialen Araolaza unibertsitate irakasleak eta ikertzaileak. Euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu ditu doktore-tesian; ondorioztatu du onura fisikoak dakartzala euskal dantzak, baina baita kognitiboak eta emozionalak ere. Eta uste du kultura komunitatearen osasuna hobetzeko tresna bezala kontutan hartzeko ordua badela.
Artikulua: Cuando la tradición se convierte en salud: los beneficios de los bailes folclóricos The Conversation, 2026-03-16.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osadantzan
Dantzak osasuna dakar eta osasunak dantza. Adin, gorpuzkera eta tamaina guztietako jendea osasuntsu izateko jarduera egokia da dantza, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzana. Gorputz osoari egiten dio mesede dantzak: bihotza eta birikak hauspotu, giharren tinkotasuna eta indarra areagotu, iraupen motora eta azkartasuna bizitu, gaitasun aerobikoa handitu, pisuaren kudeaketan lagundu, hezurren sendotasuna hobetu, osteoporosia atzeratu, gorputz osoaren azkartasuna eta malgutasuna, oreka eta espazioaren kontzientzia handitu, gorputzarekiko konfidantza hobetu, buruazkartasunari lagundu, eta ongi-izate fisiko eta mental orokorra hobetzen du, auto-konfidantza eta autoestima areagotuz, eta gaitasun sozialetan lagunduz.
Eta hori guztia gorputz ariketaz gozatuz, plazer hutsez egiten den jarduera eginez, dantzatuz.


