Dokumentuaren akzioak
Dantza familian, haurrak eta helduak elkarrekin dantzan
Dantza bidez landu daitezkeela familia arteko harremanak dio Oihane Vicente dantzariak, "komunikazioa, enpatia, ulertzea helduak umearen prozesua... komunikatzeko eta elkar-entzuteko beste modu bat da".
Dantza eta mugimendu terapiako masterrean ikusi zuen dantza bidez landu daitezkeela familia arteko harremanak, eta erabaki zuen polita izan zitekeela familian elkarrekin dantzatzeko tailerrak eskaintzea, "normalean beti bananduta aritzen dira familiako kideak, dantza klaseak behintzat izaten dira edo umeentzat edo helduentzat, eta tailer hauetan denak elkarrekin dantzatzen dira". Lau bat urte daramatza familiei zuzendutako tailerrak ematen han eta hemen.
Elkarrekin dantzari esker
Orokorrean familiako planak egiteko eskaintza gutxi daudela uste du Vicentek, "agian badaude zerbait ikustera joateko aukerak, baina parte hartzeko ez daude hainbeste. Beti bananduta". Argi du onura dela elkarrekin denbora pasatzea eta horrelako aukerak sortzeko beharra ikusten du, "gurasoak oso lanpetuta bizi dira, umeak ere oso okupatuta ditugu astean zehar mila ekintzekin. Beraz, tarte bat hartzen dute elkarrekin, eta beste familia batzuekin, egoteko".
Klase hauetan Vicentek berak ere ikaragarri gozatzen duela dio, "oso polita da ikustea helduak eta haurrak elkarrekin, nola komunikatzen diren, nola harritzen diren helduak haurrekin, eta alderantziz". Kontatzen digu nola haurrek agian lehenengo aldiz ikusten dituzte beren gurasoak dantzan, lurrean etzanda, zorakeriak egiten... Eta hori dena haurrarekin batera, haurrari entzuten eta beraiei begira. Nahiko gauza sinplea, baina bizi garen erritmoetan ahazten zaiguna sarri. "Heldu bezala kosta egiten zaigu gelditu eta zer nahi dut, zer behar dut... pentsatzea. Eta umeei begira ere, ba antzeko. Familia bakoitza mundu bat da, baina orokorrean ez gaude horretara. Gaude lana aurrera ateratzera". Askotan inertziaz, presaka eta ahal dugun moduan bizi gara eta tailer hauek momentu txiki batez gelditu, etxekoekin egon, eta batez ere, gorputzari begiratzeko momentua eta espazioa ematen dute.
Dantza, musika, jolasa
Egun bateko saio solteak antolatzen ditu Vicentek, "4-10 urte bitarteko haurrak etortzen dira helduekin. Izan daitezke gurasoak, osaba-izebak, aiton-amonak, ez du inporta ze harreman duten elkarrekin". Hasieran izen-emateak bikoteka behar zuen, haur bat eta heldu bat, baina segituan konturatu zen familia bakoitzak bere egoera daukala, beraz, "familiaka apuntatzen dira eta nahi duen agertzen da".
Espazioaren araberakoa izaten da familia kopurua, baina 12tik gora normalean ez. Lau urteko gutxieneko adina Vicentek jartzen du, baina gehienezko adinaren muga haurrek beraiek jartzen dutela dio. "Pena da, baina zaharragoak jada ez dira animatzen". Helduekin dagokienez, berriz, "emakumeak izaten dira orokorrean, amak, pasada bat da".
Ordu eta erdiko saioak egiten ditu. Vicentek dinamikak proposatzen ditu eta musika jartzen du. Aurkezpenean eta sarrerako jolas eta dantza orokorretan parte hartu ohi du, baina gero familia bakoitza bere kasa uzten du, ez du interbenitzen. Kalejira batekin hasi ohi direla dio, denak batera, zapien laguntzaz, berotu eta kokatzeko. Jarraian, jolasen bat denek batera eta gero, familiako ariketak. Eta bukatzeko, masajea eta marrazkia.
Grabatutako musika erabili ohi du, baina zuzenekoarekin ere egin izan ditu saioak. Amaia Arantzabal biolin-jotzailearekin aritu zen behin Beragaran, "oso polita izan zen. Nik uste zarata gutxiagoa zegoela, biolina entzuteko adiago zeudela edo iruditu zitzaidan. Agian intimoagoa edo egin zitzaidan". Baina instrumentuaren arabera ere guztiz aldatu daitekeela giroa sumatzen du, "ez da berdina biolina edo trikitia. Beste batean, adibidez, Uxue Kerejeta soinu-jolearekin ere egin nuen Igartubeiti baserriko aterian saioa. Beste gauza bat izan zen, aire librean, inauteri garaiko festa giroan...".
Helduentzat erronka da dantza
Haurrentzat edo gurasoentzat, norentzat den erronka handiago galdetu diogu. Eta erantzuna azkarra eta argia: gurasoentzat. "Urduri etortzen dira, nahiz eta ez esan. Egoera berrien aurrean, edonor eta edonoiz egoten garen moduan, baina gero oso pozik ateratzen dira". Dantzariak diren helduek ere parte hartu izan dute, baina askotan oso molde zurrunetara ohituta daudenak, "baina nik planteatzen dudana oso librea da eta hori askotan gehiago kostatzen da".
Modu batean, gurasoei umeen lekuan jartzeko eskatzen zaie, "jolastera zoaz eta umeak jolasa badauka bere egunerokotasunean eta oso erraz sartzen dira, baina heldu batentzat erronka da. Hor agertzen dira helduen lotsak, beldurrak, intseguritateak...". Bestalde, Vicentek azaltzen du helduek, orokorrean, badaukatela irudi bat dantzarena eta askori arrotza zaienez, tailerretan parte hartzeko oztopo izan ohi dela, "kartelean agertzen bada dantza hor lehenengo filtroa dago. Dantza ez zaiona gustatzen ez dator, baina ez dakizu zerekin egingo duzun topo. Ez zatoz dantza bat ikastera, zatoz dantzaren bidez zure seme-alabekin, ilobekin... jolastera elkar ezagutzera, beste era batera harremantzera".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osadantzan
Dantzak osasuna dakar eta osasunak dantza. Adin, gorpuzkera eta tamaina guztietako jendea osasuntsu izateko jarduera egokia da dantza, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzana. Gorputz osoari egiten dio mesede dantzak: bihotza eta birikak hauspotu, giharren tinkotasuna eta indarra areagotu, iraupen motora eta azkartasuna bizitu, gaitasun aerobikoa handitu, pisuaren kudeaketan lagundu, hezurren sendotasuna hobetu, osteoporosia atzeratu, gorputz osoaren azkartasuna eta malgutasuna, oreka eta espazioaren kontzientzia handitu, gorputzarekiko konfidantza hobetu, buruazkartasunari lagundu, eta ongi-izate fisiko eta mental orokorra hobetzen du, auto-konfidantza eta autoestima areagotuz, eta gaitasun sozialetan lagunduz.
Eta hori guztia gorputz ariketaz gozatuz, plazer hutsez egiten den jarduera eginez, dantzatuz.