Dokumentuaren akzioak
Becky Siegel: "beti izango dut dantza egiteko modu bat, ia edozein egoeratan"
Becky Siegelentzat, dantza, bizitza da. Edonon ikusten duela dantza dio, "bizitza bera da dantza bat, eta teknikaz, konposizioz eta elegantziaz bizi behar da". Martha Graham, Merce Cunningham eta Mellisa Haydenekin ikasi ondoren, profesionalki aritu zen New Yorkeko hainbat konpainiatan. Bere konpainia sortu zuen eta 1986tik Bartzelonan garaiko sortzaile handiekin eta momentu hartako dantza konpainia garrantzitsuen irakasle jardun zuen. 1992an Iruñera iritsi zen, bertan dantza irakasle jardun du Nafarroako Antzerki Eskolan eta 1994tik Tempomobile dantza konpainiaren zuzendari moduan hainbat sorkuntza egin ditu. Dantzarako ez du mugarik ikusten, 2013tik gaixotasun kronikodun, elbarri eta adinekoekin dabil lanean. Mugikortasun gutxi duenarekin, mugikortasuna sustatzeko modua bilatzen dutela azaldu du Ander Perezek Argian egin dion elkarrizketan.
"Orain arte hainbat espazio eta jardueretarako sarbiderik izan ez duenari sarbidea ematea" da integrazioa Siegelen iritziz eta horretan dihardu, mugak gaindituz, dantza, mugitzeko gaitasunak dituztenentzat irekitzen. Dantzaren bitartez jendea laguntzeko zerbait egin nahian, esklerosi anizkoitza duten pertsonekin hasi zen lanean. Magikoa izan zela gogoratzen du: "Mugitzen lagundu genien, askok muga handiak zeuzkatelako. Ikaragarria izan zen, baina ez ninduen harritu, dantzari guztioi pasatzen zaiguna pasa zitzaielako haiei ere: dantzak eraldatzen zaitu. Areago, esklerosiak geroz eta mugikortasun gutxiago izatera zaramatza, baina gure ikasleek geroz eta gehiago zuten".
Parkinsona eragindakoak eta adinekoak dantzan jartzen ere aritu da. Dantzak gorputzaren kontzientzia sakonagoa eskaintzen diela azaldu du: "Gorputza izaki armoniko bat bezala sentitzea dakar dantzak, izaki positibo bezala sentitzea, gozatzeko zerbait. Sormenaren plazera ere sentitzen dute, inprobisazioarekin lan egiten dugulako".
Dantzak dakartzan onura fisikoak eta psikikoak argi ikusi ditu Becky Siegelek. Hainbat muga dituzten pertsonei laguntzearekin ikusi du, adinarekin etorriko zaizkion gorputzeko aldaketak ez direla oztopo izango, beti dantzatu ahal izango duela eta horrek asko lasaitzen du: "Ni duela hamar urte hasi nintzen pentsatzen ez niola erritmoari eutsiko, eta orain pentsatzen dut betirako dantzatuko dudala, beti izango baitut dantza egiteko modu bat, ia edozein egoeratan".
Elkarrizketa: "Ez zara Baryshnikov izango, baina dantzatu dezakezu herriko plazan" (Argia, Ander Perez, 2019-01-13)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osadantzan
Dantzak osasuna dakar eta osasunak dantza. Adin, gorpuzkera eta tamaina guztietako jendea osasuntsu izateko jarduera egokia da dantza, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzana. Gorputz osoari egiten dio mesede dantzak: bihotza eta birikak hauspotu, giharren tinkotasuna eta indarra areagotu, iraupen motora eta azkartasuna bizitu, gaitasun aerobikoa handitu, pisuaren kudeaketan lagundu, hezurren sendotasuna hobetu, osteoporosia atzeratu, gorputz osoaren azkartasuna eta malgutasuna, oreka eta espazioaren kontzientzia handitu, gorputzarekiko konfidantza hobetu, buruazkartasunari lagundu, eta ongi-izate fisiko eta mental orokorra hobetzen du, auto-konfidantza eta autoestima areagotuz, eta gaitasun sozialetan lagunduz.
Eta hori guztia gorputz ariketaz gozatuz, plazer hutsez egiten den jarduera eginez, dantzatuz.