Dokumentuaren akzioak
Paloteadoa, estreinakoz euskaraz
Pasa den uztailaren 9an, Lodosa-Sartagudako dantzariok, Cabanillasekoekin batera, Laya Kultur Elkarteak prestatutako paloteadoa plazaratu genuen Iruñean, sanferminetan Nafarroa Oinezek duen txokoan.
Paloteado bat zer den laburbiltzeko esan genezake dantza eta antzerkia, oro har bertso moduan, batzen dituen ikuskizuna dela. Lau pertsonaia nagusi agertzen dira beti; Mayorala, herriko lurjabea, boterea, ofizialtasuna eta ezarritako ordena irudikatu eta defendatzen dituena; Rabadan, honen lurrak lantzen dituena eta kritika gogorrak egiten dituena; Aingerua eta Deabrua, ongia eta gaizkiaren pertsonifikazioa direnak hurrenez hurren. Lau pertsonaia hauek direla medio azken urteko gertakizunak errepasatzen dira, beti ere Rabadanen ikuspegi kritikoaren bitartez. Solasaldi edo eztabaida horretan dantza ezberdinak tartekatzen dira.
Erriberan sustraiak dituen ikuskizun hau eta Cortesen mantendu egin zena, 1970eko hamarkadan berreskuratzen hasi zen zonaldeko beste tokietan, lehendabizi Jimeno Jurioren eskutik Murchanten eta geroago bereziki Mikel Aranburu eta Ortzadar Folklore Taldearen ikerketei esker beste herri batzuetan. Honela, erriberako hainbat herrietan berreskuratzea lortu da, bakoitzak dantza eta musika berezkoekin. Hala ere, toki batzuetan, berez urtero egin ohi den ikuskizun honen dinamika eten dute udal batzuek, haiekiko egiten diren kritika gogorrak direla eta.
Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duten ikastoletako bat erriberako herri batekoa izanik (Lodosa), aproposa iruditu zitzaigun bertako Dantza Taldeak ikuskizun mota hau hautatzea ekitaldi honetarako. Halaber, taldean euskaldun dantzariak geundela probestuz naturaltasunez erabaki genuen ikuskizuna euskara hutsean egitea. Erronkatzat jo genuen Iruñean paloteado bat euskaraz egitea bi arrazoiengatik; alde batetik, Iruñeko ikuslegoari berria suertatu ahal zitzaiolako eta bestetik, lehen aldiz argitara eman behar genuelako paloteado bat euskaraz.
Horrela bada, lanean jarri ginen. Patxi Laborda izan zen testugilea eta Iñigo Castellano zuzendari lanak egin zituena. Dantzariak Lodosa-Sartaguda eta Cabanillaseko taldekoak eta antzezle eta aurkezleak talde hauetako kideak izan ziren. Antzezleen jardunean gurutzatu ziren musika eta dantzak berriki, orain dela hiru urte eskas, Cabanillasen berreskuratu zirenak izan ziren.
Cabanillas herrian egiten zen paloteadoa aspalditik galdua ba zen ere, duela hiru urte bertako Tresmontes elkarteak eta Laya Elkarteak ekin zioten ikuskizun honen berreskuratze prozesuari. Dantza berriak, beraz, antzinakoen modura eginak, eta urte gutxitan herrian ongi sustraituak.
Lehen aipatutako bi kezketatik aurrena berehala argitu genuen, izan ere, bertaratu zen jendartea kontent geratu zen gozatutako ikuskizun ezohikoarekin. Paloteadoa euskaraz egiteari dagokionez uste dugu hizkuntzak ez duela ikuskizunaren muina edo xedea aldatzen. Orain arte egindakoak erdaraz izan badira erriberako herrietan antolatzaileen artean euskaldunik, edo euskaldun nahikorik behintzat, egon ez delako izan da. Lodosan bezala, hegoaldeko beste herrietan euskaldunak hazi ahala paloteadoak euskaraz ere egingo direlakoan gaude.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Osel Molinet
1990ean jaiotako lodosarra. Lodosa-Sartaguda eta Duguna-Iruñeko dantzariak taldeetako dantzaria. Laya Kultur Elkarteko kidea.