Dokumentuaren akzioak
Olentzero ere heterodoxo?
Olentzerok alde batetik eta bestetik etsaiak ditu. Arrazoi bat edo beste, baina Olentzero zokoratu, baztertu nahi dute. Gaur egun bezala, orain ia 50 urte ere Olentzero eztabaidaren erdian aurkitzen zen, eta horren inguruko gogoeta argitaratu zuen Xabier Lete idazle eta kantariak. Batetik gazte “kontzientziatu” eta modernoak eta bestetik integrista berriak. Bi jarrerak salatzen ditu Xabier Letek 1975an idatzi zuen Olentzero ere heterodoxo? artikuluan.
Gazte Olentzerolari batzuk modako kantuak (tartean bere bat) kantatzen entzun eta haiekin izandako hitz trukearen ondoren hasten da Olentzeroren inguruan hausnartzen Lete. Bi muturretatik Olentzero baztertu edo beraien erara eraldatu nahi izan dutenen jokabidearekin ez dago ados.
Batetik, Olentzeroren tradizio guztiz alboratu eta Olentzero berria asmatu nahi izan zutenena. Olentzeroren ohitura modaz pasata zegoela eta mezu berriez jantzi behar zela zioten gazteak kritikatzen ditu, esanez Olentzeroren usadio edo ohituraren arrazoi historiko eta esanahi sinbologiaren inguruan ideiarik ez dutela.
Bestetik, Olentzerok kristautasunaren aurreko errito eta sinesmen zantzuak zituenez jentil-aroko adierazpena guztiz alboratu nahi izan dutenena. Olentzero ez omen da Kristauen festa zioten, beraz ez zela Gabon Gauean kalera atera behar. Ortodoxia berriaren izenean Olentzero bera ere heterodoxo izendatu eta zokoratu zutela dio Letek.
Hemen Xabier Letek duela ia 50 urte idatzitako testua osorik:
Orain zenbait urte, Gabon gau batean kalera irten eta Olentzerorik gabeko Olentzerolari batzuk topatu nituen. Kanta berri batzuk kantatzen zituzten, haien artean gu kantari berrion repertorioko batzuk. Begira nengoela, halako batean Julen Lekuonaren «Hiltzaille bat bezela» entonatu zuten, eta geroxeago Xabier Lete delako baten «poeta hoiek» kanta ospetsu eta goi-maillakoa. Aho bete ezurrekin geratu nintzen. Kantamolde harren arrazoia galdetu nien (kantari haietako bat irriko batekin txanpona eske urbildu baizitzaidan) eta patata baiño serioago esan zidanez, Olentzeroren zera hura zeharo modatik pasea zegoen, eta «mensaje» berri batez ornitu behar zen.
Egia esan, urte haiek «desmitifikatzearen urteak ziren, eta horrelako jokabidea ez zen oso harrigarri. Horrela, gazte haiek Olentzero desmitifikatu nahi zuten. Olentzeroren usadio edo ohitura horrek zer arrazoi historiko eta zer sinbolojia zuen galdetzen ez nintzen alferrik nekatu, bai bainekien gazte haiek tutik ere ez zekitela. Oso gazte «kontzientziatuak» ziren, hori bai, baiña kontzientzia harren barne-muiña zertan zetzan ez dut sekulan oso garbi jakin. Hala ere, Olentzero kantatu beharrean «Poeta hoiek» kantatzen zuten. Oso gazte kontzientziatuak ziren.
Etxera joan, zapatak aldatu, eta neure buruarekin izugarrizko dialektika naspillagarrian barna abiatu nintzen. Une hartan nik ez nekien Olentzero edo Poeta Hoiek nintzen; ez nekien Olentzeroren seme gaztena Poeta Hoiek zen, edo Olentzero aitona eta Poeta Hoiek illoba ziren, edo zer arraio ote zen. Neri Olentzero asko gustatzen zitzaidan, bai eta hari buruzko kantak ere: bestetik, poeta Hoiek kantaren egile nintzen, eta kanta hura Olentzeroren inguruan ez zitzaidan batere gustatzen.
Denbora pasa egin zen; urrengo urtean gazte haiek ez zuten gehiago ez Olentzerorik, ez Poeta Hoiek, ez eta beste ezertxo ere kantatu. Gaur arte. Gazte haiek, beren kontzientzia berriaren zama astunaren pean hauts eginda geratu ziren, noski. Ezerezaren zama astunegiak birrinduta utzi zituen. Goian bitez.
Hala ere, Olentzerok aurrera jarraitu zuen; noizpeinka botilardotik trago bat boteaz, agure gizarajoak ekaitzaldia nola edo hala jasan zuen. Lehen Oiartzun eta Donostiako kaletan zehar pasiatzera ateratzen bagenuen, geroxeago Iruñen eta Gasteizen ere atera egin zuten. Bazuen zentzurik, noski, ez zen fantotxekeria bat. Jende gazteak, zaharretik ikasiz, Olentzeroren mitolojia aztertu eta bereganatu egin zuen. Gaiñera, Olentzero hau lurralde deseuskaldunen euskaldungarri gerta zitekean.
Egia esan, Olentzero aztertzeko ez zegoen urrutira joan beharrik; euskal konportamendu kultural baten aztarrenak ortodoxia eta gizalegerik jatorrenean zehaztutako jenderik bazen hemen inguruan: don Manuel Lekuona, Joxe Migel Barandiaran, etabar. Haiek behin baiño gehiagotan Olentzeroren interpretazio emana zuten, eta aski interesgarri eta ekilibratua zen. Gutxi gora behera, eta orain berriro don Manuel Lekuona berari mintzaldi batean entzun nion bezela, honela litzake:
Olentzaro-ren ospakizuna, euskaldunok kristautu aurretik datorren usadio bat da; jentil-arotik, alegia. Olentzaro, neguko solstizioaren ospatzea da, eta ospakizun horrek Europa zaharreko erlijio eta rito naturistekin zerrikuste haundia du. Olentzaro deitzen den urte-garai eta ritual horrek, halako batean, eta Euskal Herriko zenbait tokitan, pertsonaje berezi baten itxura hartu zuen, eta metamorfosis pertsonalizatu horretatik OLENTZERO sortu zen. Olentzero buruaundi eta tripaundia, alegia.
OLENTZERO, pertsonaje bezela, ikazkin da, eta menñian ikazkintzan aritzen da; ikatzak sua egiteko balio du, eta ikatza bera egiteko egurrez ere (egurrikatza), sua behar da. Suaren ritual horrek, eguzkiaren ospakizun eta gurpenera eramaten gaitu, erlijio zahar naturista guztietan bezela, eta OLENTZERO-K, bere zehaztasun eta aldaketa berezi guztiekin, hori adieraziko luke.
Olentzerok aspalditik euskaldunen artean zentzu bikoitz hori izan du, eta horregatik behar bada denok ontzat hartzen genuen. Mentalitate ireki batetaz eta begi azkarrekin begiratzeko pertsonajea baizen, ez dogmatikoa, ez hertsia. Usadio zahar eta tradizio bikain batetatik zetorren Olentzero horrek, poztu egiten ginduen. Gure egunetako Eguberria txabakanizatu bati, halakoxe giro misteriogarri eta indartsu bat ezartzen baizion.
Eta ontzat hartzen genuen, ospatuz eta kantatuz ontzat hartzen... lehen aipatu detan desmitifilatzaile trebe haiek agertu ziren arte. Euskal usadio, festa eta ospakizunen «desmitifikatzea» gaurko mundu industrializatuari doakion aldaketa soilla dela uste dutenei, disgustutxo bat eman behar diet: ez da hori arrazoi bakarra. Mito zahar batek, herrikoia denez gero, herri berriztatu ber horren kultur kontzientzia osatzeko eta indartzeko balio lezake; eta berdin herri bateko langileriak bere jatorrizko kondairaren baitan finka ditzan ere. Edota, Olentzero ere burgesiaren asmakizun eta tresna loerazle ote?
Baiña «desmitifikatzaileek» ez zuten ikuspegi hori onartzen, ez baizitzaien komeni. Lema bat bazegoen, eta lema hura argi eta garbi papertxo berezi batzutan, eta sigla batzuren pean haizetara zabaldua izan zen: halako zeraren zera, bere itxura guztietan, bere nortasunaren puntu guztietan, desmitifikatu, hautsi, jo eta hezurretaraino kritikatu egin behar da. Horrela, ortodoxia berriaren izenean Olentzero bera ere heterodoxo izentatua izan zen, eta zokoratua. Nere partetik kaka dedilla Olentzeroren kaltetan «Poeta hoiek» kantatzen zuten guzti haientzat, poeta kontestatarioa eta Olentzero ez baiziren etsai.
Horrela, denbora pasatuz joan zen, eta Olentzeroren lagunek Olentzero kalaten zehar pasiatzera ateratzeko alegiña egiten genuen. Baiña hara nundik orain berriro orotodoxia zahar eta betikoaren (Ortodoxia Nagusiaren) bazkideak ere beste muturretik Olentzeroren aurka oihuka hasi zaizkigun. Alegia, Olentzero ez omen da Kristauen festa. Ez omen da Gabon Gauean kaletara atera behar. Hari buruzko kantak ez omen dira abestu behar... Zer ez da abestu behar, honako hau, Adibidez?
Hemen eldu gerade berrion batekin
gure enbajadore Olentzerorekin;
Olentzero joan zaigu mendira lanera
intentziyuarekin ikatz egitera;
aditu zuenian Jesus jaio zala
laisterka etorri zan parte ematera.
Ez, jaunak, Olentzero ez da Urte Zahar eguneko pertsonajea, Oiartzunen beintzat. Eta hori ez dut nik esaten, hori don Manuel Lekuonak berak ere badaki, eta esango luke. Oiartzunen, Urte Zahar arratsean, «Dios te salve»-ren koplak kantatzen ziren. Eta Olentzero, Olentzero tripaundia, Gabon Gabean ateratzen genuen urte, belaundi, gizaldi eta mendetan zehar egin den bezela.
Aurten, adibidez, Donostian ere Olentzero Urte Zahar egunean atera dute. Ez gera hain gutxi dela medio aserretuko, munduko borondaterik onenarekin egingo baizuten. Baiña argi eta garbi esango dut hori horrela gertatzen baldin bada, usadioaren berezko aldaketaren izenean bakarrik onar genezakeala, eta ez ortodoxia integrista anka eta bururik gabearen don Marcelino Menendez Pelayo berriek esan dutelako.
Eta esango dut, argi eta garbi, Euskal Herrian integrismo zikoitz horrek ez duela ez tradizio herrikoi, ez eta iñungo arrazoibiderik ere.
Kristau orotodoxia jentil-kutsu guztitik garbitu nahi badute, eskuen artean ezerez soillarekin aurkituko baitira: kendu, beraz, San Juan festa; kendu kalendario naturalista eta urte aroei itsatsirik doazen hainbeste santu eta festa ere: Kendu uraren eta suaren ritoa; Kendu ermitak, kendu baselizak, kendu Euskal Herriaren Kondairaren kristautasun-aurreko gizaldi guztiak.
Euskaldunak Barojak uxekaz esan zuen bezela, oso tradiziozale gera: gure aitak munduan zer egin duen doi-doian jakingo dugu, baiña sekulan ez gure aitonak zer egin zuen.
Olentzeroren arazo horrekin horrelako zerbait gertatzen ari delakoan nago. Lehen gizagaixoa nahiko izorratua ez bazegoen, integrista berrien bultzadatxoa bakarrik falta zitzaigun orain bazterrak konpontzeko.
Arazo hau behar den gizalege eta zentzu onean bere onera etorriko ezpalitz, nere ustez Lekuona, Barandiaran eta beste etnologo, folklorezale eta kondairagileek hontaz argi eta garbi hitz egin behar luteke.
Ez dedilla gertatu, alegia, Mao, Darwin, Krutvig eta beste horrelako heterodoxo ikaragarrien artean Olentzero ere agertzea. Gauzak dijoazen bidetik joaten jarraitzen badute, beldur naiz Olentzero gizarajoa ere ez ote duten lixta hortan sartuko.
Dokumentuaren akzioak