Dokumentuaren akzioak
Olentzero-enborra Eguberrietako erritoa Europan
Onontzaro-mokor edo Olentzero-enborra esaten zitzaion Gabonetan su-baxuan sartzen zen enbor handiari. Azkuen hitzetan "Onontzaro-mokorra deritzaion egur aundia egun ta gau osoan erretzen idukitzen da". Olentzero-mokor, Subilaro, Badnjak, La bûche de Noël, Yule log, Tió de Nadal edo Tronca de Navidad dira enbor berak toki eta hizkuntza batetik bestera hartzen dituen izen-alderetako batzuk.
Olentzero-mokor, Subilaro...
Enbor berak jasotako bestelako izenak izan dira txubilar, sukil, subilaro, gabon-sukil, suklaro... Gabon gauean su-bajuan erretzen joaten zen enborrak gaitasun magikoak zituen, etxekoak babesten zituen. Haren errautsak baserriaren inguruan botatzen ziren etxaldea babesteko, etxeko animaliak gaitzetatik babesteko zein osatzeko erabiltzen ziren eta baita ume jaio berriak zaintzeko ere, errauts batzuk lepoan lotzen zen zilarrezko kutxatxoan, kuttunean jarrita.
Badnjak
Gabon-enborrak Badnjak izena du Serbian. Goizean goiz familiako ordezkaritza bat basora abiatzen da eta zuhaitz bat hautatzen dute. Hautatutako arbolari hitz egiten diote: "Egun on eta Eguberri-on Badnjak. gure etxera eramateko etorri gara, etxaldearen bideen laguntzaile izan zaitezen, ikuiluan, baratzean eta inguru osoan".
La bûche de Noël
Familia osoa doa basora Gabonetako enborra moztera Frantziako hainbat eskualdetan. Enborrak luzea eta sendoa izan behar zuen, haritza ala pagoa aukeran, 12 egunez (Gabon egunetik Errege egunera) sutan egoteko modukoa. Behin moztuta, etxera ekarri eta xingolaz eta hostoz apaintzen zuten. Errautsak bildu eta hurrengo urtera arte gordetzen ziren. Hurrengo urtean eguberrietako surako ekarriko zen enborraren azpian jartzen ziren. Aurreko sua ondoko suarekin lotzen zen horrela, aurreko eguzkia ondokoarekin, aurreko urtea ondokoarekin. Gaur egun La Bûche de Noël horrekin Eguberrietan jaten den pastel berezia izendatzen da. Enbor batean tankera izaten du.
Yule Log
Ingalaterran Gabonetako enborra edo Yule Log izenekoa pizteko aurreko urteko enborraren zati bat erabili behar zen. Behin su hori piztuta urte berrira arte itzali gabe iraungo zuela ziurtatu behar zen. Enborra zaldiek tirata ekartzen zen baserriraino. Gau eta egun zaindu behar zen sua ez zedin itzali Gabonetatik urteberri egunera bitartean. Zenbait tokitan enborra kandela handi batekin ordezkatu da denborarekin.
Tió de Nadal
Kataluniako Gabonetako ohitura da Tió de Nadal; Tió, Tronc de Nadal, Soca, Xoca edo Tronca ere deitua. Euskaraz Eguberrietako ilintia izango litzateke, hau da, egur zati erdi errea. Garai bateko neguko garaian etxeak berotzeko pizten zen enbor sendoarekin lotzen da. Abenduaren 25ean enbor haren errautsak soroetan zabaltzen ziren, arbasoei ordain moduan edo. Egun, enbor hori Eguberri garaiko haurrentzako jolas bilakatu da. Abendu hasieratik enbortxo bati jaten eta edaten ematen diote eta hotzik pasa ez dezan mantatxo batekin estaltzen dute. Mutur bat agerian geratzen da eta aurpegi bat izango balitz bezala apaintzen dute: barretina edo txapel kataluniarra, begiak, sudurra, ahoa. Eguberri egunean etxeko txikienek makilaz kolpatzen dute enborra eta ipurditik gozoak eta oparitxoak botatzen ditu.
Tronca
Tronca, baguera, tizón, toza edo zoca Gabonetako enborra da. Aragoiko hainbat eremutan Gabon jaietan gorde den ohitura da, Kataluniakoaren oso antzekoa da. Sutako egurretatik piezarik handiena eta ederrena aukeratu, eta Eguberri gauean tximinian edo ertz batean kokatzen da. Etxeko haurrak esaldi politekin bedeinkatzen dute; zenbait kasutan familiako zaharrenak hartzen du horren ardura. Ardoarekin ere bedeinkatu ohi da enborra. Ondoren, haurrek makilarekin kolpatzen dute eta aurreko egunetan goxo egon bada eta jaten eta ematen ondo eman bazaio gozokiak, gozoak, fruitu lehorrak... botako ditu ipurditik.
Dokumentuaren akzioak