Dokumentuaren akzioak
Badatoz Abantoko Landa-Meatze Aratusteak!
19 urte igaro dira lehenengo aldiz Abantoko herriak bere bakea galdu eta egun batzuetan zehar zarata, kolore eta musikaz bete zenetik. Eta urtero bezala, orratza eta haria eskuan, aurtengo mozorroak eta jantziak konpontzen hasi gara, bai eta gure giza-izaera alde batera uzteko maskarak prestatzen ere.
Esan den bezala, aratuste garaian, maskararen bidezko gizartearen intsektizazio orokorra ematen da. Mozorratzen den gizarte orok berriztatzen du, alegorikoki, intsektuaren bizitza.
Aratusteak inausi garaian barneratzen gaitu; garai horretan, mozorroek intsektuak ordezkatzen dituzte eta gure etxeko atarietan azaldu egiten dira haien puske biltzea burutuz eta sariak eskatuz. Sari hauek, momentu horretan bizitzen dauden benetako larba-egoera prozesu hori gaindituta, intsektuak gugana ordain eske datozela, ordezkatzen dute.
Konjuru izaerako planteamendu honek proposatzen duena da, intsektuak ordezkatzen dituzten mozorroek haien ordainsaria jaso dutela, eta beraz, udarekin batera beroa heltzerakoan eta intsektuak haien aktibitate goreneko unean daudenean, ez direla aldez aurretik jaso dutenaren eske etorriko.
Aratusteetan horrenbeste agertzen den sua (eta kea), intsektu-erako gizarte oldarkor honetatik babesteko daukagun baliabidea litzateke.
Hori dela eta, urtero Abanton burutzen diren izaera tradizionaleko aratusteetan, pertsonaia mota hauek topatu ditzakegu, bai goizean Gallartan eta Sanfuentesen egiten diren Kale Eskeetan zehar, zein arratsaldean oro har, aurretik azaldutakoa helaraziz. Ospakizuna aurrera doan ahala, pertsonaia esanguratsu desberdinak topatuko ditugu.
Jarraian, meatzal herri hauetan antzezten ikus ditzakegun pertsonaien azalpen zehatza ematen da:
BIZKARBALTZA: Gaitz eta izurrite guztien irudia da, antzinean meatzeetako langileek jasan behar izan zituzten gaixotasunena, adibidez.
Beltza eta handia da. Akerraren buruak, eta zizare edota suge baten anzteko gorputzak osatzen dute. Aratusteetako pertsonaia nagusia da, zarata eginez herria zeharkatzen du.
BELDARROIA: Asezintasunaren irudia da. Jan eta jan aritzen da asetu gabe, harren larbek egiten duten bezalaxe.
Aratusteetan jarrera oldarkorra eta erasotzailea du, aseezintasunak bultzatuta, besteak beste.
Akerraren adarrak ditu eta oso lodia da.
ZANGALUZEA: Lehengo herritarrek pairatzen zuten gosea irudikatzen du. Gaixotasun, izurrite edota zomorroek bezala, kalte handia sortzen zuen herrian.
Handia da oso, eta horrek gure mitologiako Erraldoien antza ematen dio.
ARTAUNTXOA: Abereen babeslea da. Zaku-ohial eta larruz jantzita doan izaki handi eta iletsua da.
Euskal mitologiako Basajaunaren itxura duen gorpuzkera dauka.
Babeserako makil handi bat darama, eta ongia eta gaizkiaren arteko oreka mantentzen laguntzen du.
SORGINAK: Ezagunak gure mitologian, baina meatzeei doakien ezaugarriekin.
Lastozko adatsak daramatzate eta beltzez jantzita doaz, eta eskuetan dauzkaten harrizulatzeileen laztabinez zarata berezia ateratzen dute.
MOZORROAK: Lehengo meatzariek janzten zituzten zaku-oihalak daramatzate, baita kolore askotako adabakiak ere.
Herritarrak zirikatzen dituzte haien sarde, ezpata eta puxikak erabiliz. Europako tradizio askotako pertsonaia da hau, eta mitologiak intsektu eta zomorroekin harreman estuan jartzen du.
HARTZA: Negua lotan eman ondoren, iratzarri eta menditik herrira jaisten da Hartzazainak otzanduta. Ohitura zahar hau Europa osoan ospatzen zela pentsatzeko aztarnak daude gaur egun. Abanton bezalaxe, herri askotan agertzen den basapiztia salbaia eta mistikoa da.
"Aratusteak Abanton" Hitzaldi-Proiekzioa: Otsailak 16
Gallartako Aratusteak 2017: Otsailak 25
Sanfuenteseko Aratusteak 2017: Martxoak 4
Testua eta irudiak: Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldea
Informazio gehiagorako: "Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldea"ren Facebook-ean edo "Abantoko Landa-Meatze Aratusteak" Facebook orrialdean.
Dokumentuaren akzioak