Dokumentuaren akzioak
Juan Antonio Urbeltz: "Dantza espiritualitateari erabat lotuta dago"
Maddi Goikoetxea Juanena
Joan den mendean jaio zen Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940), eta gure herriko historia hurbila ez ezik, euskal kultura, politika eta historiaz luze aritzeko gai den aditua da, bizitzea tokatu ez zaizkion garaiak eta ibili ez dituen territorioak xehetasunez deskribatzen dituena; gizona bera gainditu eta kolektibo baten lekuko aritzen dena, bera baino lehenago erditu zen jakinduria hori babestuz, ezagutza hori norbere buruari bakarrik sekula ez aitortuz, gurasoak eta aiton-amonak gogora ekarriz. Batzuek izenpetzen dute “etnomusikologo”, “folkorista” edo “antropologo” moduan, eta gutxik deituko diote dantzari. Definiziorik behar ez duenari ez diot galdetu hark nola izendatzen duen bere burua, baina ausartuko naiz erantzuten, konpartitu dugunagatik, dantzazalea, kulturzalea, eta jakin-min mugagabeko ikastuna edo ikerlaria dela; baina baita hori bezain garrantzitsua, eta bide horretan ezinbestekoa izan zaiona: Juanan, Marian Arregiren kide eta senarra.
Alde Zaharrera bidean noa eta badakit elkarrizketatua euskal dantzaren alorrean jantzita daudenentzat (eta oro har, euskal kulturaren inguruko oinarrizko erreferentziak dituztenentzat) eminentzia bat dela. Behin erronka onartuta, neurri berean motibatu eta kikiltzen nau: zenbat irakurri beharko nukeen bere mailara hurbiltzeko! Mendi-tontor urrun bateko kobazuloan bizi den aztiari lez hurbildu natzaio, errespetuz, Boulevard-eko Reloj tabernaren terrazan eserita dagoen gizonari. Makila eskuan, zain daukat aspalditik. Gorpuzkera sendoa dauka, eserita ere tinko, horizonterantz begiratzen duten begi urdinak, eta aitzinako elegantzia iradokitzen duten arropak soinean. Neure atentzioa bereganatzen du lepoan duen zetazko zapi koloretsuak, edota behatzetan daramatzan hainbat eraztunek, amuletoak bailiran. Toki horretan hitzartu nau, ordu jakin batean, eta segituan igartu dut erritual-gizon garbia dela. Lehenengo galdera haren jaioterriaren ingurukoa izan da, eta hori bakarrik behar izan du datozen minutu eta orduetan luze eta sakon hitz egiteko. “Uraren semea dela” erantzun dit:
URBELTZ: Hori oso gauza polita da: ni Iruñean sortu nintzen, baina Uretatik nator. Aita Uretan sortu zen, Erroibarren, “Señorío de Ureta”, Nafarroan. Ene emaztea, Marian Arregi, hemen sortu zen, Alde Zaharrean, Arrandegi kalean. Eta, ezetz asmatu? 1813ko sutea baino lehen, karrika horrek “Elena de Ureta” izena zuen… Mariani zera esan nion: “Marian, hau ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen zaiguna. Galaxia osoan zehar bilatu dugu elkar!”.
Beste behin Nafarroa Beherean izan nintzen, Heleta herrian, eta gizon batek galdetu: “Urbeltz! nongoak zarete zuek?”, eta hala azaldu zidan bazegoela bertan baserri bat, “Urbeltzia” izenekoa. Mapa bat erosi eta baserri hura kokatu nuen, eta justu haren azpikoa… Arregi! Ene emaztearen abizena! Ia bihotzekoak eman zidan!
Zein da zure teoria?
U: Gaur egun badaude ikerketak… ikaragarriak! Igual ez Euskal Herrian, baina bai Ipar Ameriketan, Estatu Batuetan: heriotzaren ondorengo bizitza. Norbait hiltzen denean, bere gorpua hemen geratzen da, baina arima beste norabait doa.
Irakurle, bai, ez zenuen espero (bagara bi), baina honen inguruan hitz egingo dugu. Jarrai ezazu numerologia, sinkronia, I Ching, Jung eta oro har, magikoa eta misteriotsua den hori… interesatzen bazaizu.
Nik gauza guzti horietan sinesten dut. Ez al duzu uste Marian eta zuk jaio baino lehen bizitza honetan elkartuko zinetela adostu zenutela? elkarrekin lan egiteko helburuarekin.
U: Bai, noski! Seguru! Eta hurrengoan ere elkartuko gara. Begira, Goethe-k, Alemaniako poetak maite bati zera idatzi zion: “neskatxa hori: esango dit berorrek, beste bizitza batean zer izan zinen niretzat? Ene ahizpa, ene neska-laguna…?”. Bada, nik ordenagailuan ohartxo bat daukat itsatsita: “Marian, zure baimenarekin, berdina galdetu ahal diezazuket? zer izan zinen niretzat? Ene ahizpa, ene neska-laguna…?”. Ez, ziurtasun osoz ez da elkartzen garen lehen aldia.
Nola ezagutu zenuten elkar? Niri gauza bereziak gertatu izan zaizkit beste bizitza batetik ezagutzen dudan norbaitekin topo egiten dudanean.
U: Hala da. Marianekin gauza bat gertatu zitzaidan: 1949. urtea zen. Nik 9 urte nituen eta Grosetik, Saguestik (bertan bizi nintzen orduan) etorri nintzen Alde Zaharrera. Ez dakit zergatik, anaiekin batera Arrandegi kaleko 4.ean, 4. pisura igo ginen, gabon-kantak abestera. Bertan zegoen Marian, baina ez nuen ikusi, bost urte zituen eta gelaren batean jolasten egongo zela pentsatzen dut. Uste dut berak egin zidala dei, eta patuak nire pausoak bertaraino eraman zituen. Geroago jabetu nintzen.
Eta gainera, abestera joan zintzaizkion.
U: Bai. Hori 49. urtea izan zen. 59an, berriz, hamar urte beranduago, euskal dantza ikasten hasi ginen talde berean, Goizaldin. Nik 18 urte nituen, Marianek, berriz, 15. Ikaragarri gustatu zitzaidan, oso neska polita zen. Hamar urte beranduago, 69an, gure lehen semea sortu zen: Mikel. 79an, berriz, gazteena: Beñat. Dena gertatzen da 9an: 49, 59, 69, 79… Badakizu zer? 9 zenbakia Beatrizena da, dantzaren maitalea, Dante poetaren maitalea: Beatriz Portinari. Dantek Florentziako emakume ederrenak ezagutu zituen, eta denetan ederrena zen Beatriz. Ni ez naiz Dante, baina Marian Beatriz baino politagoa zen, seguru!
Urbeltzek zenbakiei egozten die azken arnaserako eguna: bere kalkuluen arabera, urtebete barru iritsiko da bere txanda. Kasualitatea dela eta ez dela, Jung aipatzen du, psikoanalista suitzarra. Hark zioen dena dela kausala, hau da, kasualitatea ez dela existitzen. “Hori bai: Donostiako Alde Zaharrean ezin duzu hori esan, zeren bestela zoro aurpegia bazenu bezala begiratzen dizute!” diost Juananek. Bada, ideiak ez ezik, naparrak eta suitzarrak bizitza bera ere konpartitzen dutela dirudi: Carl Gustav Jungek 20 urte zituen gerora bere emaztea izango zen Emma Rauschenbach-en bikote egin zenean, neskak 16 zituelarik. Goizaldi taldean dantzatzen zuten Juanan eta Marianek, Europan zehar bidaia ugari egiten… Nizatik Donostiarako bidean Marianek Juanan konkistatu zuenean. 1.000 kilometro izan ziren, gauez autobusean. Mutilak 20, neskak 16. Zazpi urte ibili ziren elkarrekin, ezkondu ziren arte. Suitzarrak, berdin. Emma 73 urtekin zendu zen, eta Marianek adin berean jarraitu zion. Jung, berriz, 86 urterekin joan zen, eta hori dela eta… elkarrizketatuak heriotza-sententzia ezarri dio bere buruari. “Ia aulkitik erori nintzen interneten Jung-en heriotza-data ikusi nuenean!” errepikatzen du Urbeltzek, ahotsa eta gorputzaren enfasiarekin.
Juanan eta Marian, Carl eta Emma bezalaxe, senar-emazte baino askoz gehiago izan ziren: Urbeltzek aitortzen du bion artean argitaratu dituztela 12 liburu, eta emazteak bat ere ez zuela irakurri, dena buruz baitzekien. Urtez urte eta herriz herri, elkarrekin joan ohi ziren Euskal Herriko azken txokora. Juananek dantzen erregistroa zeraman, Marianek, berriz, musikarena. Nire buruan ez zaizkit kabitzen halako lanak, hainbeste denbora… horregatik galdetzen diot, pixka bat asaldatuta:
Baina hori… Nola, noiz? Asteburuetan? Aurrekonturik gabe?
U: Marianek Bilbao Bankuan egiten zuen lan, nik, berriz, Laboralean. Eta arratsaldetan, lan egin ondoren, irakurtzera, ikastera, notak hartzera… dedikatzen nintzen. 3.000 liburu baino gehiago ditut etxean, pentsa!
Nola izan duzu hainbeste irakurtzeko denbora?
U: Marianek, ene emazteak laguntzen zidalako. Laguntzen zidan, esaterako, lanetik bueltan nire kasa bakean uzten. Ene seme-alabek ez naute sekula futbol partidua ikusten, whisky-a edaten edota festan ikusi, sekula ez! Irakurtzen, idazten, estudiatzen ikusi naute. Eta Marian jakitun zen horren garrantziaz. Ikus dezazun: 1985ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusi izendatu ninduten, diputatua zen Xabier Lete. Marianek esana: “Juanan, ez ezazu Argiako entsegu bakar batera huts egin”. Izan ere, diputazioko lana oso ondo zegoen, baina ausazkoa zen. Orduan, entsegura iritsi, korbata eta txaketa erantzi, eta hanka altxatzeri ekiten nion, dantzatu eta besteei irakastera.
Eta sasoia mantentzen zenuen? Noiz izaten zenuen kirola egiteko astia?
U: Gaztetatik bi alderdiak landu izan ditut: ezagutza eta gorputza. Pisuak nituen etxean, eta horiek altxatzen nituen, sentadillak egiten… irakurtaldien artean.
Non lortzen zenituen liburuak? Garai hartan ez zen gaur egun bezain erraza.
U: Manterola kalean liburu-denda bat zegoen, oraindik bertan jarraitzen du. Bertara joaten nintzen 16-17 urterekin, eta arratsaldeak pasatzen nituen. Bi pisu zeuzkan, goikoari “infernu” deitzen zitzaion, hor zeuden Francok debekatutako liburuak, Argentinan editatzen zirenak, Euskal Herriko historiaren ingurukoak…
Juananen hitzetan, berak sortu du bere burua, etxean ez omen zegoen kultura-politikorik. Aita Lintzoaingoa zuen, eta 5 urte besterik ez zituela, haren atzetik ibiltzen zen Juanan txikia, euskara irakats ziezaiola erregutuz. Garai batean, haiek ziren gazteleraz ez zekitenak, eta herrira hurbiltzen ziren kanpotarrei so eginez: “Zer errango dute gizon hauek!” egiten zuten deiadar. Bertan aitonari “apitxi” deritzo.
U: Nik Marian eta seme-alabekin kaleko euskara ikasi dut: hitz egiteko, tabernan eskatzeko, eta horrela; baina badakit hor nonbait izan behar dudala, esponja lez xurgatu nuela ene aitaren Baxe Nafarroako euskara -hatzarekin puntadatxoak ematen dizkio buruari-. Dena den, gure hizkuntza “ikastea” gauza bat da, eta beste bat “hitz egitea”. Euskaldun izateko, euskal hiritartasunean hezteko, ez da aski gure hizkuntza ikastea. Herri zahar bat gara, eta garrantzitsua da gure haurrei historikoki nolakoak izan garen azaltzea. Behin alabari galdetu nion, 13-14 urte inguru zituela: “Maider, eskolan irakatsi al dizute zerbait gure foru sistemaren inguruan?”, eta “ideiarik ez!” erantzun zidan.
Zer erakutsi beharko litzaieke eskoletan, euskal hiritarrak izan daitezen?
U: Izan garena! Gipuzkoar lurraldea, esaterako, aparteko gauza bat izan da! Gipuzkoak ez du inoiz hiribururik izan. Lurraldearen erdialdean elkartzen ziren Batzar Nagusiak, bertan zegoen parlamentua: Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Tolosa, Donostia… guk sistema demokratiko bat genuen, Gaztelan eta Europan zehar nekazariek basapiztiak bezala lan egiten zuten artean. Munduan ez dago halakorik!
Espainiako erregeari foruak zinarazi egiten zioten, bestela, ez zioten euskal lurraldean sartzen uzten. Baina karlistadetan foruak kendu zizkiguten, eta espainiar erreinuak gudara bidali zituen gure gazteak: hala ibili ziren gure aiton-amonak, kubara borrokan, inongo entrenamendurik gabe, eta noski! ziztadak, malaria… edota Afrikara, martxa berdearekin! ez al zuten beste inor gertuago? “Loiolako bolondresak” behar, ezta?
Sutzen da elkarrizketatua gaiok mahaigaineratzean. Izan ere, gertutik bizi izan ditu egun hain urrunak diruditen min haiek:
U: Ene osaba mendian idiekin zegoen batean, kotxe bat hurbildu zitzaion, erreketeekin. Mehatxu egin zioten: bertan gehiago ikusi nahi ez zutela. Alde egin zuen orduan, Saturraranera. Bertan, egun batean bailarako jendearekin zegoen hizketan, euskaraz, haiek ez baitzuten gazteleraz egiten… eta falangista bat tartean sartu zen: “euskaraz ari zarete?”. Osaba defenditu egingo zen, eta, danba! hantxe bertan erail zuen. Ene aitak 27 urte izango zituen momentu hartan. Saturraraneraino joan eta hainbat gorpu atera zituen hobi komunetik, anaiarena aurkitu arte. Taxiz eraman zuen Lintzoainera.
Kontu-kontari gabiltza eta Urbeltzek jauzi egiten du gai batetik bestera, hainbat urtetako memoria-katean espazioa eta denbora nahastuko balira bezala. Zain dugu Jexux Larrea Gipuzkoa Plazan. Biak elkartzen omen dira ostiralero, erreserbatuta dute mahaia beren txokoan. Zerbitzariak badaki zer edango duen Urbeltzek, galdetu gabe aterako diote: sagardoa (medikuek aholkatuta, alkohol gutxiago duelako). Jexux ikasle ohia eta azken urteetako bidelaguna da. Azken urteotan mahai horretan solastu dira kontu profesionalez eta pertsonalez, partekatu dituzte gorakadak eta beherakadak, Marianen heriotza, Juananen poesiarako afizioa… lagunak aholkatu “zergatik ez dituzu zure poesiak argitaratzen?” eta besteak gomendioa jarraitu. Esku artean dut “Marian, textos y poemas en tu recuerdo”. Orri-markatzailea hurrengo poeman gelditu da zain, egileak dioen eran, senar-emazteei Zuberoan igarotako oporraldi batzuetan “iritsi” zitzaiena:
Ay, Zuberoa,
símbolo de la trágica miseria de nuestro pueblo,
mágico pueblo, que en tu último estertor
te aferras al Carnaval,
como a un primer artículo de fe,
aquel que nos habla de la renovación cósmica
de las fuerzas de la Naturaleza y la Vida
Pueblo de Zuberoa,
siempre victorioso
en la atávica lucha
entre el Caos primordial
y la nueva naturaleza que reverdece
Pueblo de Zuberoa,
de telúrica sabiduría
Gente primeval,
centro del Mundo,
de nuestro mundo
Tú has inspirado el canto y la danza,
como levadura de lo preclásico
de lo que es Eterno.
Que Dios te bendiga.
Zuretzat dantza mundu espiritualari lotuta dago?
U: Bai, noski. 65. urtean Berrizgo San Lorenzo auzoan ezpata-dantza ikasi nuen bertako mutilekin. Ezpata: ezpatie. Zein da “ezpatie”-ren bigarren esanahia?
Ez dakit. Ezpatie… emaztie?
U: Ezpatie: mandeuli… Hau da: mandoaren eulia, tabanoa!
Zer zerikusi dauka ezpata-dantzak tabanoarekin?
U: Ezpata-dantza ez da gerrarako edo borrokarako dantza bat… ezpatekin egiten dugu dantza, hori agerikoa da… baina tabanoa da dantzaria! Hori nik deskubritu dut!
Orduan… naturatik eratorritako dantza bat da, intsektu baten mugimenduetan oinarritua?
U: Ez, tabanoen kontrako dantza konjuratzailea da: udaberrian tabano mordoa etortzen da, uretan bizi direnak. Ibaietan izaten dira, horregatik euskaratu dugun esaera: “eguzkia eta euria, azeriboda”. Azeria mandeuliaren metafora bat da!
Mandeulia azeria bezain basatia delako? Mehatxua eragiten duelako?
U: Bai, gizateriarentzat mehatxu bat izan da beti. Ezpata-dantzak tabanoak uxatu nahi ditu, udaberrian bereziki ganadu handientzat (zaldiak, behiak…) kaltegarriak izan daitezkeelako.
Orduan, dantza egiten dute tabanoak etor ez daitezen.
U: Hori da, konjuru bat. Eta badakizu zer? Begira: maiatzetik urrira bitartean, ganadu handia ez dago ukuiluan, mendian libre baizik, 500 metro altueran. Bertan egiten dira cromlech-ak: konjuru-guneak. Euskaraz “mairu-baratz” deritzogu: mairu=moro. Moroa tabanoa da! Asmoa da tabanoak bertan meriendatu dezala (baratzean), ganadua bakean utz dezan. Hori neronek deskubritu dut. Aranzadikoek hilobiak direla diote, tematurik daude, baina ez dira hilobiak! Bai, cromlech-aren erdian saski bat dago, errautsekin, eta errauts horiek etxekoak dira, baserrikoak, tabanoak erakartzeko.
Eta inguruko arrokak perimetroa inguratzeko jartzen zituzten, besterik gabe.
U: Hori da.
Zer zentzu izan dezake, gaur egun, gazte batzuek ezpata-dantza ikastea baldin eta ez badakite zein zen bere jatorria, funtzio originala? Eta zer zentzu izan dezake hemen dantzatu balute, Donostiako Boulevard-ean?
U: 1972an Argiarekin izan nintzen Ingalaterra hegoaldeko jaialdi batean, eta bertan Alemaniako irakasle batekin hizketan aritu nintzen. Hark zera azaldu zidan: lehenengo, bigarren eta hirugarren existentziazko dantzak daude. “Lehenengo existentziazko dantzak”? beti adibide bera jartzen dut: Otsagabiako irailaren 8ko dantzak, Otxagabian bertan dantzatuak. Bigarren existentziazkoak Otsagabiako dantzak, Argia dantza taldeak Donostian dantzatuak.
Zergatik?
U: Tradizio horretatik kanpo daudelako: folklorea da!
Horrela definituko zenuke zuk folklorea? Konjurua sortu den testuingurutik ateratzen denean, alegia, bere oinarrizko funtzio kulturaletik at egiten denean?
U: Agian… begira: Lekeitioko etxe zuria, bertan egiten denean, tradizioaren barruan, lehenengo existentziazko dantza da. 300 urte inguru daramate egiten. Bigarren existentzia izango litzateke, adibidez, dantza hori bera Argiak hartu eta beste toki batean egingo balu. Eta hirugarren existentzia zera da… Axuri Beltza, ezagutzen duzu? (Abesten hasten da:) “Axuri beltza ona dut bainan xuria berriz hobea…”.
Bai, noski.
U: Marian eta biok birsortu genuen: hirugarren existentziazko dantza bat da. Jaurrietan (Nafarroa) jaso genituen datuak, eta horietatik abiatuta birsortu genuen. Azken 50 urteetako dantzarik dantzatuenetako bat dela esatera ausartzen naiz… zuenganaino iritsi da! 1969an estreinatu zen Donostiako Victoria Eugenian. Orduan hala esan nion Mariani: “Marian, geratzeko etorri gara. Eta zu dagoeneko, bazaude”. Momentu hartan gure seme Mikel-ez haurdun zegoen, bi hilabete beranduago jaioko zena. Gerora, nerabe zelarik, kokoteraino zen semea Axuri beltza kantua entzuten zuen bakoitzean. Noski, amaren sabelean zela hainbestetan entzun behar izan zuen! Akordeoiarekin jo ta fuego! Kar, kar, kar…
Cromlech eta ezpata-dantzaren esanahi eta sinboloez gain, bada euskal kulturan presentzia errotu bat duen instrumentu bat, Urbeltzek ere interes handiz aztertu duena:
U: Mircea Eliade antropologoaren jarraitzailea naiz, asko irakurri izan dut iparraldeko herrietako, Eurasia, Siberia eta Artikoko herrietako xamanismoaren inguruan. Hari irakurri nion erritualetan xamanek danborra erabiltzen zutela, haren kolpetxoek zaldiaren trosta iradokitzen dutelako: zaldiak hildakoaren arimari bestaldera igarotzen laguntzen dio. Orduan, Lintzoainera joan nintzen batean, zera galdetu nion ene aitari: “aita, txalaparta hitzak ba al du bestelako esanahirik zuentzat?”. Lehenengo zuzenketa fonetikoa: “txalaparta ez, zalapartaka!”. Zalapartaka, hau da, zaldiaren trosta! Egundoko sorpresa hartu nuen. Hori bera 65-66. urtean komentatu nuen bilera batean: Argiako dantza taldearekin nengoen, Arte Garaikideko Euskal Eskolan. Bertan zegoen Jorge Oteiza. Denak zur eta lur geratu ziren, baina hark bakarrik ulertu zuen, benetan, deskubrimendu haren sakontasuna.
Momentu honetan 810 parrokia ditugu Gipuzkoan, eta hileta askotan txalaparta entzun dezakegu bertan. Hori gure herriak izan duen espiritualitatearen errekuperazioa da! Gure hizkuntzak 18.000 urte baditu, txalapartak beste hainbeste, Adán baino zaharragoa da! Imajina ezazu Euskal Herrian elizaz kanpoko espiritualitate hori errekuperatuko bagenu… Espainian egundokoa muntatuko litzake!
Bai, nik sumatzen dut euskal gizartean badagoela espiritualitaterekiko gaitzespen, aurreiritzi edo eszeptizismo bat… eta esango nuke hori gertatzen dela espiritualitatea eliza katolikoari aitortu diogulako, horri bakarrik lotuta ezagutu dugu. Eta oso esperientzia txarra izan dugu elizarekin.
U: Ez da harritzekoa… begira zenbat hilketa eragin dituen eliza katolikoak!
Urbeltz etxera joan da oparitu nahi didan liburu-sortaren bila. Bitartean Jexuxekin geratu naiz. Astigarragako dantza taldean dihardu, dantzari eta irakasle, eta hogei urte baino gehiago darama Estatu Batuetara bidaiatzen, euskal diasporari (eta ez horiei bakarrik) dantza irakasteko asmoz. Inperialismoaz eta migrazioaz aritu gara, nolatan joan ziren hainbeste euskaldun Ameriketara. Betidanik harritu izan nau historiaren alderdi horrek: mapamundia hartu eta iberiar penintsula kokatu. Ondoren, Hegoamerika, Ertamerika. Dimentsioak dena esaten du: zati txiki horretako jende guztia hartuta ere, nola akabatu zuten zati erraldoieko herriekin? Boterea, dominazioa. Hori ere izan ginen euskaldunok, espainiar erreinuari aliaturik. Mexikoko “ahorita”, gure “oraintxe”-tik omen dator, baita hain balioaniztuna den “chingar” ere: “txingarra”. Jexuxek itsasoa aipatzen dit (goiza han igaro du berak ere, sarezko motxilan daramatza aletak): marinel onak ginela, itsasoa zela gure erreinua, jaun eta jabe ginela. Ternuara bidaiak eta bertakoekin harreman komertzialak: nola han uzten zituzten mutil koskorrak, batzuetan bakar bakarrik, urte bete edo bi, hizkuntza ikas zezaten, konfiantzazko harremanak eraiki… batzuetan ez ziren itzuliko. Batzuetan etxera itzuli eta familia osoa hilik gerta zitekeen, azken neguaren gogortasunagatik. Hori kontatzen duen bitartean, besoan daukan tatuaje koloretsuak arreta deitzen dit. Kalifornianoa dirudi, halako zerbait iradokitzen dit. Beso hori imajinatzen dut dantza tradizionaleko jantzietan bilduta. Arraroa dirudi baina aldi berean ez, errealitatea da. “Nor gara gu?” galdetzen diot neure buruari. Jexuxek euskal dantzaren inguruko ezjakintasuna aipatzen dit: dantza garaikidearen ikuspegitik, batzuek saltotxoak ematen eta hanka altxatzen duten makilak bezala irudikatzen dituztela… baina badaudela tradizioan hainbat mugimendu, hainbat keinu beste planeta batetik eratorriak diruditenak, ederrak eta deigarriak. “Nor gara gu?”.
Urbeltzek azpimarratzen du, behin eta berriz, herri zahar bat garela, parekorik ez dugula, berdinzaleak garela, ez dugula gure mito eta istorioetan heroi handirik… kontrara, presentzia femenino handia dagoela, matriarkatua izan gintezkeela (elizari lotutako patriarkatua izan ez balitz…). Harentzat hain inportanteak eta esanguratsuak diren deskubrimenduak jende gutxik ezagutzen ditu. Neu ere ez nintzen jakitun. Aipatu dit behin baino gehiagotan: jendeak ez duela irakurtzeko ohiturarik, gero eta gutxiago. Hori bakarrik ez: interesik ere ez dela gai horiekiko. Jakin, badakiela ez dela idatzitako liburuekin aberastuko, ez direla izango “best-seller”-ak. Herri txikia garela, gure biztanleriaren dimentsioak ez duela zerikusirik beste lurralde batzuekin… halere, bere ondarea gure artean dago.
Uste dut txalaparta hotsa entzun baino lehen, orain dela urte batzuk Mariani esana ere aitortu beharko diogula berari: geratzeko etorri zara, Urbeltz!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maddi Goikoetxea Juanena


