Dokumentuaren akzioak
Gaua irakurtzera nator

Nongoa den jakingo ez banu, dokumentalaren hasieran ez nukeen asmatuko zein den dantzari eta koreografoaren bizilekua. Dokumentalaren hasieran, ez eta erdialdean edo amaieran ere. Erabaki zinematografikoa izan da artistaren inguruko filmean protagonista, haren lankidea eta lagunen bat bakarrik agertzea, akaso asto bat, txakur bat… Ikusleak Mónica Valencianoren mundua ikusten du, mundu lurtar honetatik aparte. Bere iruditegiaren unibertso oparoa antzematen du, galaxiaren osotasuna ikusterik ez duen arren; egun batez testigu isilak izango bagina bezala, bere itzalaren atzetik, bere itzalari so.
Kriatura estrainoa da Mónica, ez-leku batean bizi dena. Besaulki gorriz betetako areto beltz huts batean ikusten dut, Raquél-ekin sortzen: eurak eta antzokian oihartzuna egiten duten haien ahotsak (batzuetan oihuak, intziriak, algarak, hasperenak). Bestetan, basoan ageri da, lastozko kapelu batekin adaxkak biltzen, astiro. Bere azentuak nahastu egiten nau, eta pentsatzen dut beharbada Hego Amerikako txoko urrun batekoa izango dela. Horretaz sinetsita nengoen, bilatzaileak kanariar uharteetan jaioa dela azaldu didan arte. Saiatu naiz kokatzen, eta ez dut lortu. Seguruenik hori da artistaren bereizgarri eta altxor nagusia: eredu edo molde guztiei ihes egiten diela, bere nortasun partikularrari zintzoa zaiola.
Batek baino gehiagok esango du zoratuta dagoela. Inon kabitzen ez direnei deitu ohi diegu zoro: Valenciano dantza eskolatik kaleratua izan zen, antzerki eskolatik gero. Berea propioa sortzea besterik ez zuen izan, eta zorionekoak gu! hala egin zuelako. Dokumentalaren eszena gehienetan artista ageri da, espazioaren hustasunari begira, kanpotik ausazkoak diruditen keinu eta mugimenduak egiten. Delirio batean dagoela dirudi, errealitatearekin deskonektatuta egongo balitz bezala, baina ikusezina den errealitatean dantzan ari da. Haurrek lagun imaginarioekin jolasten duten moduan sortzen du Mónica-k. Begiradan ikusten zaio ikusten ari dela. Eta ikusleari ere ikusten duen hori ikusteko gogoa pizten zaio, eta horregatik, tentuz, begiratzen jarraitzen du. Halako batean zer hori agertuko delakoan. Hala irakurri diot elkarrizketa batean:
Niri gertatzen zait egoera horretan nagoenean, lanean, ikusten dudala. Kontzientzia-egoera irekiago batean, ikusten duzunak begiratu egiten dizu, eta gauzak gertatzen dira.
Haren ustetan, dantza egitean borondate humanoa ekidin behar da: intentzio jakin bat izatearena, momentua “betetzeko” desira. Aldiz, atentzioa eskatzen digu: dagoeneko hor dagoena aditzea, begiratzea. Espazioak berak mugitzen omen du gorputza, eta ez alderantziz. Mónica-ren hitzetan:
Dantza espazioak berak sortzen duenean, eta ez mugitzen den “ni”-ak, espazioa da gorputza mugitzen duena. Orduan ez dago esfortzurik eta bertan gertatzen zara. Eta gozamen-sentsazioa izugarria da.
Hala, dokumentalaren tituluak ohore egiten dio artistaren ikuspegiari, profeta baten moduan, “gaua irakurtzera” etorri baita.
Iturria: Mónica Valencianori elkarrizkera (La Caldera, 2025-01-10)
He venido a leer la noche
- Generoa: Dokumentala.
- Zuzendaria: Manuel Fernández-Valdés.
- Urtea: 2019.
- Banaketa: Mónica Valenciano, Raquel Sánchez, Marianela León eta Norma Kraydeberg-en esku-hartzeak.
- Musika: Isasa.
- Argazkigintza: Jacobo Martínez.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maddi Goikoetxea Juanena