Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maddi Goikoetxea Juanena Itziar Mendizabal: "Balleta irakasteko modua oso tradizionala izan da denbora askoan"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Mendizabal: "Balleta irakasteko modua oso tradizionala izan da denbora askoan"

Itziar Mendizabal: "Balleta irakasteko modua oso tradizionala izan da denbora askoan"

Itziar Mendizabal Royal Ballet eskolan, Londres, 2025. Argazkilaria: Amber Hunt

Joan den ekainaren 28an dantzatu zuen azken aldiz Londreseko Royal Opera House-an; dantzari profesional gisa ia 3 hamarkada egin ostean. Ondoan izan zituen etxekoak: gurasoak, ahizpa, ilobak, 4 urteko semea, herritik preseski joandako kuadrillako lagunak, lore-sortak eta txaloak barra-barra. Begietan dirdira dario eta pozik esaten du “beti amestu zuen bezala” izan zela bere azken funtzioa. Itziar Mendizabalek (Hondarribia, 1981) bizitza dedikatu dio bere pasioari: 4 urterekin dantzan hasi eta 14 urterekin Madrilera joan zen Balleta ikastera, ordutik argi baitzeukan: dantzari profesionala izan nahi zuen. Baita lortu ere. Munduko konpainia prestigiotsuenetako bateko lehen bakarlaria izan da hainbat urtez, eta egun, Ingalaterrako hiriburua du bizileku. Hortaz, online izan dugu elkarrizketa. Dantzariaren leiho birtualaren atzealdean egongela bat dirudiena ikusten dut, liburutegi apain batekin. Bera ere mimetizatuta dago espazioarekin, artile ingelesa iradokitzen duen koloretazko fular dotorea lepoaldean. Teatroan bezala fin, zuzen ageri da pantaila aurreko eserlekuan. Amaiera guztiek dute amildegi bat, baldin eta “betiko” amaierak badira. Niri hitz horrek larritasuna eragiten didanez, galdera egin diot:

Azken-azkena izango da?

ITZIAR: Bai, jubilatu naiz. 

Horrela bisualizatzen duzu?

I: Bai, bai, listo.

Itziar Mendizabal 2025
Alice in Wonderland obran (koreografoa: Christopher Wheeldon), 2025eko ekainaren 28. Itziar Mendizabalen azken emanaldia.

Eszenatoki batean, profesional moduan azkena izango dela?

Bai, garbi gainera, eta oso gustura. Oso momentu polita izan zen, amarekin bertan… ama gaixo daukat, ELA-k jota, baina han izateko aukera izan zuen. Familia osoa bertan izan zen eta asko maite dudan ballet bat dantzatu nuen: Alice’s Adventures in Wonderland. Gainera, ba hori: 43 urtera arte dantzatu dut! hamaseirekin profesional gisa hasita. Eta dantzatu nahi nituen gauza guztiak dantzatu ditut! Orduan… Horretaz gain, egia da azken bi urtetan eszenatokiak ez zidala bueltan itzultzen nik ematen nion guztia. Ez zegoen oreka hori: egin beharreko lanak, esfortzuak, nekatuago sentitzen nintzen… eta gero ikuskizunak ematen zidan poza ez zen gailentzen. Baina beno, dena eginda dudalako, ez? Gainera seme bat daukat, eta berarekin egoteko gogotsu nago. Horregatik, Royal-ek eskolan irakasle izateko lan eskaintza atera zuenean, ondo pentsatu nuen, baina begiz jota nuen postua zen. Zuzendaria bera etorri zitzaidan berria ematera, eta aurretiaz eskolarekin lan handia egina nuen. 

Aurrekoan ikasleak eraman nituen konpainiaren obra bat ikutera, askotan joan ohi gara. Orain dela hilabete gutxi arte nire lankideak izandakoak ikusi nituen, nire lagunak ere badirenak; eta aztertzen nituela, pentsatzen nuen: “ez dut hor egon nahi, ez dut presio hori nahi, urduritasuna…”. Orkestra berotzen entzun eta gorputzean bulkada bat sentitu nuen [keinuz adierazten du, ehizarako prestatzen ari den animalia bihurtuko balitz bezala]; hori betirako geratzen zaizu dantzari bezala: gorputzean eragin fisiologikoa du hasierako musika horrek… ufa! 

Paulov-en txakurrak bezala, ezta?

I: Bai, hori da! Kar, kar, kar! 

Itziar Mendizabal 2025
Itziar Mendizabal Royal Ballet eskolan, Londres, 2025. Argazkilaria: Amber Hunt

Esan behar izan zenion gorputzari: lasai, lasai…!

I: Bai, guztiz: “ez duzu ezer egin behar, eseri eta ikusi”. Lasaitu ederra hartu nuen, jo, eskerrak ez dudala dantzatu behar! Komentatu izan dut elkarrizketaren batean: azkeneko urteetan beldur eszenikoa sufritu dut, eta aurretik ez zitzidan inoiz gertatu. Oso ohikoa omen da, baita kirolarien artean ere, zure karreran aurrera egin ahala presioa areagotzen baita: azkenean, behin toki bateraino iritsita, maila hori mantendu nahi duzu… eta beno, oso gaizki pasa nuen ikuskizun batzuetan. Goizetan izu atakearekin esnatu, izerditan blai… panic state, oso desatsegina da. Gure konpainiako psikologoarekin lan asko egin nuen horri aurre egiteko; baina bai, hala eta guztiz ere ikuskizunaren aurreko ordu horiek oso desatseginak egiten zitzaizkidan… behin eszenatokian nengoela ondo, baina eszenatokira iritsi arteko prozesu hori oso gogorra egiten da halako urduritasunarekin.

Noski, imajinatzen dut behin arrakasta maila bat lortuta pentsatzen duzula besteek zugandik hori espero dutela.

I: Ez da hainbeste beraiek espero dutena, zeuk zure buruarengandik espero duzuna baizik. Zeren, azkenean, zuk zure izena egina duzu, eta nahiz eta maila pixka bat jaitsi, oso maila altuan jarraitzen duzu egoten… halere, oso muga zurrunak jartzen dizkiozu zeure buruari. Eta gainera irrazionala da, baina hala ere pilota egiten zaizu, eta hori kudeatzen ikasi behar da. Orduan, momentu bat iristen da esaten duzuna: zertarako? Zer zentzu dauka honek?

Itziar Mendizabal

Ulertzen dut. Joan gaitezen orain hasierara: lau urterekin hasi zinen dantzan, familian inolako aurrekaririk izan gabe. Gainera, adin horrekin argi zenuen dantza egin nahi zenuela, eta ez edozein dantza: balleta.

I: Euskal dantza ere egiten nuen, e? Eskolan egin nuen urte askoan, baina balleta egin nahi nuen, eta ez dakit nondik zetorkidan grina; baina egia da telebistan ballet-eko emanaldiak ikusten nituenean beti mirestuta gelditzen nintzela… etxean beti mozorrotuta ibiltzen nintzen, obrak muntatzera jolasten… ni zaintzen ninduena (Cristina zuen izena, baina Anina deitzen genion) lotsatuta agertzen zen haur eskolan nire bila, egunero ateratzen bainintzen hainbat trapurekin mozorrotuta! Amari esaten zion: “Egunen batean aterako al da normal? beste ume guztiak bezala…”. Uste dut balletak daukan antzerkiaren alderdiak beti erakarri izan nauela.

Zer kuriosoa, ezta? Telebistan botatzen zituzten ikuskizunak?

I: Bai, eta egia da telebistan ematen zuten mugimenduari lotutako edozerk deitzen ninduela: gimnasia erritmikoa, patinaje artistikoa… baina poliki-poliki balletarekin geratu nintzen. Bazeuden aldizkari batzuk, kolekzioa egiteko munduko hainbat konpainiaren bideoak (BHS-en) ekartzen zituena: ballet errusiarra, Ukraniakoa… Ondo oroitzen naiz, El lago de los cisnes, Cascanueces eta besteren bat ere bai. Ez da gaur egun bezala, Instagramen sartu eta berehalakotasun hori.

Zenbat aldatu diren gauzak…

I: Bai, gaur egun dena ikus dezakezu. Hori sumatzen dut ikasleekin, onerako eta txarrerako: batzuetan, internet bidez ikusten diren eredu batzuk ez dira onenak, eta zaila izaten da ikasleen ideiak aldatu eta ulertaraztea interneten ikusten dugun guztia ez dela egokia. Zeren, jende askok esan dezake adituak direla dantzaren alorrean, eta gauza bat horrela egiten dela; eta ikasleek hori sinesten dute. 

Elkarrizketaren batean irakurri dut oso modu organikoan egin duzula zure bidea, hau da, ez zeneukala hain markatuta profesionalizatu nahi zenuela, kanpora joan…

I: Profesionalki dantza egin nahi nuela bai, baina ez neukan muga finko bat jarrita, adibidez, Royalera joan eta lehen bakarlaria izatea, gero gertatu zaidan bezala. Horrek ez zidan gehiegi inporta, batez ere, dantza egin nahi nuen. Gaur egun ume askok daukate helburu hori: bakarlariak izan munduko konpainiarik onenean. Hamaika urte nituela, Hondarribiko eskolako andereñoak esan zidan karrera profesionala egin nahi banuen, kanpora irten behar nuela. Ni adin horretan prest nengoen alde egiteko, baina gurasoek frenoa jarri zidaten. Ikasketekin kanpoan jarraitzeko aukerak bilatzen hasi ginen orduan, eta azkenean, Madrilera joan nintzen hamalau urterekin. Nigatik balitz, Alemaniara edo joan behar zen tokira joango nintzen; tinko neukan helburu hori.

Moskura bidaltzen bazintuzten, ba Moskura! Inolako apegorik gabe.

I: Bai, eta gainera, ez zen etxetik joan nahi nuela, etxean gustura ez nengoela… baina banekien balleta egin nahi banuen hori zela egin behar nuena. Oso barneratuta neukan hori zela bidea. Azken batean, herri txiki bateko akademiak ez dizu aukera hori emango. Diputazioak antolatzen zituen ikastaroetara joaten nintzen: udaran, Gabonetan… eta gurasoek bertako irakasleei galdetzen zieten: “Ametsa bai, baina balio du? Haur askok nahi dute dantzari izan”. Eta erantzuna baiezkoa zen, bazegoela potentziala. Gurasoek hori entzunda aurrera egin zuten, pixka bat itsuan zebiltzalako, etxean ez genuen ideiarik balletaren munduaren inguruan. Nire gurasoak hezkuntzan maisu eta maistra aritu izan dira beti. Gerora, diputazioaren beka bat eskatuta joan nintzen Madrilera. Musika eta dantza ikasketak atzerrian egiteko beka zen, 100.000 pezeta gutxi gora behera, eta hala ere horrek ez zituen gastu guztiak asetzen. Eskola oso garestia zen.

Itziar Mendizabal

Zenbat da hori, gaur egun? 6.000, 10.000 euro?

I: Ez dakit, baina nahiz eta laguntza hori izan, oroitzen dut eskolak dirutza bat balio zuela, eta lehen urtean familia baten etxean utzi ninduten, eskola ondoan zegoena, baina haiek ere ederki kobratzen zuten. Eta hilaren bukaeran… nire gurasoak oroituko dira! Eta gero, ballet-eko puntak, adibidez, bere garaian balio zuten orain 60 euro direna. Eta aste bakar batean bat baino gehiago eskatu behar izaten nien gurasoei. 

Ene! Benetan?

I: Bai, aste erdialdera iristen nintzenean, andereñoak oihu egiten zidan: “punta berriak behar dituzu!”. Txikitu egiten zitzaizkidan. Oroitzen naiz, ama eta aitari deika: “Ama, beste punta pare bat behar dut…” eta haiek: “beste bat??” [Barre].

Baina bueno, gurasoek babestu egiten zintuzten.

I: Hori da, ahal izan zuten moduan aurrera egin zuten, eta beti lagundu izan didate; eta ez bakarrik diru aldetik. Urruti egon arren, etxekoak beti gertu zeuden. Beraiek gabe ez nukeen lortuko. Garai hartan ez zegoen telefono mugikorrik, eta etxeko telefono finkora deitzen zidaten: asteazkenean Aninak eta igandetan gurasoek. Bakar-bakarrik nintzen. Oroitzen dut, gaueko 21:00etan, telefono aurrean zain, familia horren etxean. Gauzak asko aldatu dira. 

Eta esan duzu potentzialtasuna ikusi zutela zugan, baina hori oso goiz, ez? 11 urte baino lehen izango zen!

I: Ez dakit zenbat urterekin hasi nintzen ikastaroak egiten, 9, 10 urterekin? Kasu handia egiten zidaten maisuek, potentzialtasuna ikusten zuten nigan. Eta adinean aurrera egin ahala gurasoak kudeatzen hasi ziren. Madrilen Victor Ullateren eskolan ere interes handia erakutsi zuten, eta berehala hasteko aukera eman zidaten. Ni lehenengo BUPen nengoen, eta nahiago izan nuen kurtsoa amaitu arte itxaron. 

Itziar Mendizabal

Eta zer iritzi duzu horren inguruan? 8-9 urterekin oso gaztea zara, eta irakasle batek zure inguruko epaia horrela egitea… demagun esaten dutela: “Ba ez dakit, ez dut argi ikusten”, beharbada zure gurasoen iritzia ere aldatuko zen, ez? Ez dut balleteko mundua ezagutzen, baina iruditzen zait, orokorrean haur baten inguruan horrelako iritzi bat ematea, irakasle edo aditu posizio batetik… oso delikatua dela. 

I: Oso. Baina hor bi alde daude: alde batetik, nik ikusi izan ditut dantzari batzuen kasuak, fisikoki erraztasunik ez zutenak, eta hala ere, karrera egin dutenak. Eta segur aski, andereñoren batek esango zien etzirela iritsiko. Beste aldea ere badago, ordea: ikasle batzuengan nabarmen nabari da ez dutela koordinaziorik, gauza asko ez dituzte lortzen… eta hala ere, animatzen jarraitzen baduzu, errealistak ez diren espektatiba batzuk sor ditzakezu. Agian haiek alde batera utzi dituzte ikasketa batzuk, edo gustukoak zituzten beste zenbait gauza, itsututa karrera hori jarraitzeko… eta agian 18 urte beteko dituzte eta ez dute lanik aurkitu, eta izugarrizko egurra jasoko dute. Orduan, gai zaila da. Dena dela, egia da ballet klasikoaren alorrean, behintzat, nabarmena dela dantzari batzuk ez direla konpainia batean lan egitera iritsiko. Horrek ez du esan nahi beste dantza alor batzuetan ezingo dutenik lanik aurkitu, eta lan interesgarria, gainera… azken batean, dantzaren mundua oso zabala da! Batzuetan bideoak bidaltzen dizkidate Instagrametik: “Esan didate nire alaba oso ona dela, ikusi bideo hau…”. Eta, ze esango duzu? Ez dagokit niri ezer esatea, ez naiz haien irakaslea. Egia izango da haien irakasleentzat hura izango dela dituen ikasleetatik onena, baina nik munduko dantzari onenak ikusten ditut, onenetako batzuk! Eta badakit dantzaren mundua nola dagoen, oso bortitza da: geroz eta kontratu gutxiago daude, geroz eta zailagoa da lekua aurkitzea, geroz eta dantzari hobeak daude… 

Itziar Mendizabal 2025
Alice in Wonderland obran (koreografoa: Christopher Wheeldon), 2025.

Baina kontatzen duzunez, ballet profesionalerako badaukazu filtro bat oso zehatza dena. Ez dakit zer ezaugarri diren, baina seguruena anatomia konkretu batekin jaio behar zara: malgutasuna dela… edo ez? 

I: Bai. Malgutasuna izatea eta “en dehors” deitzen dioguna (aldaketatik egindako kanpo-errotazioa) oso inportanteak dira. Anatomia aldetik muga handiak badauzkate, teknika ezingo dute puntu bateraino menderatu, gorputzak ez dielako ematen. Fisikoaz gain, badira beste gauza batzuk: koordinazioa, burua, inteligentzia! Zuzenketak jaso eta aplikatzeko gai izatea… ikasle batzuk esponja batzuk dira, eta besteari egiten diozun zuzenketa ere jasotzeko gai dira; beste batzuei, ordea, hamar aldiz errepikatu behar diezu gauza bera. Gaitasun intelektualak ere eragin handia dauka balletean. Eliteko edozein kiroletan bezala, fisikoak ez ezik, adimenak bere lekua dauka; nola da… “self-reflection”-a garatzea.

[Dantzariak noizbehinka ingelesezko kontzpetuak botatzen ditu, airean itzulpena bilatu eta etsi ostean, british azentu bikainarekin].

Barne-hausnarketa. Horren inguruan ez dakit azterketak egin diren, gaur egun geroz eta jakintza gehiago dugu; seguruena entrenatu daitezkeen gaitasunak izango dira, baina dagoeneko sorta batekin jaiotzen gara, ezta? Eragingo dute neurona batzuek, konexio neuronalek, hormonek, zer dakit nik! Arrazoiren batengatik batzuk gai dira zuzenketak azkar jaso eta aplikatzeko, eta beste batzuei hamar aldiz gehiago kostatuko zaie.

I: Neurodivergencia, nola da hitza? Neurodibertsitatea? Horren barruan badaude dantzari asko. Zorionez, egun ikasleekin lantzen dugun gai bat da, eta asko etortzen dira zer duten jakinda: HD…

TDAH: “Trastrono de Atención de Hiperactividad”?

I: Pentsatzen dut baietz, ez dakit, baina beno, kontua da behar ezberdinak dituzten ikasleak ditugula. Badago ikasle bat beti leihoari begira dagoena, badirudi ez dela entzuten ari… baina gero komentario bat egitean, ikusten duzu hor zegoela, segituan daki zer esan duzun eta aplikatzen du. Hortaz, irakasle bezala ikasi behar dugu gure ikasleek askotariko modutan ikasten dutela. Izan ere, balleta irakasteko modua oso tradizionala izan da denbora askoan, eta Royal Ballet-en kasuan, aldaketa handia sortzen ari gara zentzu horretan: esango dut…! Health-care-ari dagokionez, batik bat.

Esan ingelesez, e? Health-care, osasuna. 

I: Adibidez, astean hiru bilera izaten ditugu goizetan, eguna hasi baino lehen ikasle bakoitzaren egoeraz hitz egiteko. Ostiraletan egiten duguna luzeagoa izan ohi da, eta hor “etxeko guraso”-ek ere hartzen dute parte, harrera familien etxean egoten baitira dantzariak. Haiek komentatzen digute: “hau nekatuta egon zen egun honetan…”, “beste hura negarrez aritu da…”. Psikologoa ere badaukagu. Batzuek etxetik karga emozionalak dakartzate, edo neurodibergenteak dira eta harremanak egitea kosta egiten zaie, edota lesio baten bueltatik datoz… Horregatik, pertsona bezala laguntzen saiatzen gara, ez bakarrik klaseak eman eta pausuak irakasten. Azken batean, gauza asko dira success izateko behar direnak. Kirolariak bailiran zaintzen ditugu ikasleak: fisioa, medikua…

Nutrizionistak… 

I: Nutrizionistak! Bai, gainera “reds” deritzogun beste gauza bat dugu hemen: ikasle batek pisua nabarmen jaisten duela ikusten badugu, alarma sortzen da, eta segituan jartzen dugu kontaktuan psikologoarekin. Pisua gehiegi galtzen badu, dantza klaseetatik ateratzen dugu. Orduan, dantzariek hori jakinda, pisua galtzea ekiditen dute. Zeren, argia da balletean badagoela janarekin arazo bat, historikoki egon dena… “eating disorders”: anorexia, bulimia eta horrelakoak. Lan handia egiten da arazo horiek kudeatzeko.

Itziar Mendizabal 2015
Onegin (John Cranko), 2015.

[Royal-en bi adin-tarteko ikasleak daudela adierazi dit elkarrizketatuak: batetik, gazteenak, 11-14/15 urteen artekoak, “white lodge” izendatzen den taldea; eta bestetik, 15 eta 18 urte arteko nerabeak, “upper school”-en daudenak, goiko eskolan, alegia. Bigarren horien artean, 17 urtekoekin egiten du lan Mendizabalek. 18 urterekin, graduatu bezain pronto, profesional bihurtzen dira. Orain arte hala izan bada ere, eskolak aldaketa bat ezarriko du gutxieneko adinaren inguruan: datorren urtean ez dute 11 urtekorik onartuko, eta datorrenean, ezta 12korik ere. Ordutik aurrera, sartu ahal izateko 13 urte izan beharko dituzte ikasleek. Eguneraketa honek bi arrazoiri egiten dio men: 

Batetik, 11-12 urtekoei zaila egin zaie etxetik at bizitzea, familiagandik urruti eta parke baten erdian dagoen etxe eder baina isolatu batean, balletaren inguruan bueltan gau eta egun. Alderdi emozionalaz gainera, irakasleak ohartu dira ikasle batzuk ez direla fisikoki espero zen bezala garatzen: adin-tarte horretan aldaketa ugari izaten dira gorputzaren hazkundean, eta hainbaten kasuan ez nahikoa mesedegarriak dantzaren diziplinarako. Horregatik, 13 urtean kokatu da ikasleak emozionalki eta fisikoki nahikoa prest egongo diren adina. Bestalde, elkarrizketatuak azaldu du 11 urterekin haur batzuk haien gurasoen iritzien menpekoegi izan daitezkeela]:

Horixe galdetu behar nizun: zenbateraino den haurraren ametsa eta zenbateraino gurasoena.

I: Denetik ikusten dugu, baita handixeagoekin ere. Bileretan komentatu ohi dugu: honen gurasoak… nabari da noren gurasoak diren pixka bat bultzatzen ari direnak eta norenak ez. Askotan igartzen da ikaslearen jarreretan: ez da hain berezkoa, estresa sortzen dien presio bat dute gainean… eta horrek gauza asko azaltzen ditu.

Itziar Mendizabal 2025
Itziar Mendizabal Royal Ballet eskolan, Londres, 2025. Argazkilaria: Amber Hunt

Alderdi psikologiko eta emozionalak hor eragin handia dauka, ez? Eta beharbada hori ez da hain ikusgarria, edo jendeak ez dio hainbeste erreparatzen alderdi horri.

I: Bai, eta historikoki balleta oso gogorra izan da zentzu horretan, eta gogortzen zara edo ez duzu aurrera egiten… egun aldatu da, eta eskerrak! Gaztaroan hainbat ikaskide izan nituen, psikologikoki oso gaizki pasa zutenak, nahiz eta fisikoki balleterako ahalmen izugarriak izan. Askotan nola tratatzen gintuzten, zer modutan hitz egiten ziguten… [barre algara bat lehertzen zaio, baina umorearekin zerikusirik ez duen horietakoa] oroitzen naiz nire maisuak, Victor Ullatek, behin baino gehiagotan esan zidala: “quién más te quiere, te hará llorar”. Astakeriak entzun izan ditut balleteko klaseetan.

Eskola zaharreko “pedagogia”...

I: Bai, “mano dura”.

Garai haietan, gogortasun hori nahiko orokorra zen, ez? Ballet-ean ez ezik, funtzionamendu gisa: umiliazioa, jendea zapaltzea… eta ateratzen bazara ondo, eta ateratzen ez bazara…

I: Baina ea nola ateratzen zaren ere, ez? Nik beti esan izan dut: gurasoei esker, oreka neukan. Biak maisu eta andereño, pedagogia aldetik bikainak… baina jende askok ez zeukan halakorik, are gehiago! ikaskide asko ezagutu nituen bere gurasoen onarpena ez zeukatenak. Imajinatu: eskola batean zaude baina gurasoak kontra daude, eskolan gaizki tratatzen zaituzte, baina beldur zara etxekoei ezer esateko zeren eskolatik aterako zaituzte… Eta bestalde, irakasle gehienek ez zuten pedagogia ikasketarik! Edo okerragoa dena: dantzari profesional izatera iristen ez zirenak, irakaskuntzara sartzen ziren! Orduan, frustrazio handiekin, eta nork jasotzen zuten frustrazio hori dena? Bada, ikasleek.

Itziar Mendizabal
Arabiar dantzak.

Hori da, eta bere autoestimuaren gabeziak ikasleengan proiektatu.

I: Bai, izan ere, dantzari ona izateak ez du esan nahi irakasle ona izango zarenik. Eskerrak gauzak aldatu diren! Eta hemen are gehiago: ez duzu inoiz ikusiko irakasle bat ikasle bati oihu egin edo hitz itsusi bat esaten. Irakasleok etengabe entrenatuak gara: noizbehinka ikuskatzaile bat etortzen zaigu klasera, eta oharrak ematen dizkigute ikusi dutenaren inguruan, zer hobeto dezagun, zer aldatu… Gu ere proban jartzen gaituzte uneoro, eta horrela izan behar du. Beti dago zer ikasi.

[Jarraian, elkarrizketatuari azaldu diot balletarekin izan dudan kontaktu apurra: Dantzagunean (komunikazio arduradun gisa lanean dihardudan espazioan) orain dela gutxi ikastaro bat izan genuen, tartean haur eta nerabeek parte hartu zutena. Horietako askok profesionaltasunerako bidea egiteko desira adierazi zuten, eta dagoeneko non ikasi eta nora bidaiatu galderak bueltaka buruan. Alternatibarik etzegoen: kanpoan irudikatzen zuten haien burua, bai ala bai. Adin txikiarekin erabaki handi bat hartzeko beharraz eta bidearen konplexutasunaz gain, atentzioa deitu zidan (txarrerako) irakasleen aldetik entzun nituen komentario batzuek, Itziarrek aipatzen duen pedagogia zaharra gogorarazten didatenak. Londresen zaharkituta dauden jarrerak, hemen ez horrenbeste].

Itziar Mendizabal 2025
Itziar Mendizabal Royal Ballet eskolan, Londres, 2025. Argazkilaria: Amber Hunt

Okerrena da, haurrak izanda eta beharbada besterik ezagutu ez badute, jarrera horiek normalizatzen dituztela. 

I: Bai, hori arazo izugarria da. Hemen ez zen onartuko. Ni ere izan naiz horren testigu. Lagun min batekin gertatu zitzaidan, hura ere Victor Ullaterekin ikasia, eta orain irakasle dena: nire klasea ikusi, eta esan zidan: “O! Ez duzu inoiz garrasirik egiten! Eta kasu egiten dizute… nola egiten duzu?”. Nik erantzun nion ez dagoela beharrik. Hori amak irakatsi zidan: indar gehiago dauka isiltasunak, zure tonua jaisteak, tonua igotzeak baino. Aldiz, irainekin, zer lortzen dugu? Umiliazioa, beldurra sortzea: errespetua ez, beldurra. Ez dago beharrik inor iraintzeko. Ume horiek ahal duten onena egiten saiatzen ari dira, kristoren esfortzua egiten dute.

Zure kasuan, nola egin zenion aurre garai batean halako pedagogia jasan behar izateari?

I: Ba, gurasoekin asko hitz eginda. Eta batzuetan sufrituta, asko sufrituta! Nik batzuetan zigarro markak izaten nituen… Irakasleak zigarro bat jartzen zigun hanka azpian, eta: “si bajas la pierna, te quemas”.

Ostras, benetan?

I: Bai! [barre egtiten du Itziarrek, baina ez edonolako barrea, pilatutako tentsioa askatzeko egiten den horietakoa, baizik].

Ze fuertea! [jarraitzen diot barreari, neure kasuan sinestezina egiten zaidalako entzuten ari naizena].

I: Beste batek, aldiz, jostorratza hartu eta zizt egiten zigun ipurdian… edo ipurmasaila hartzen zigun horrela [orea egiten ari den eskuaren keinua imitatzen du], eta botatzen zigun: “¿Esto, qué?¿Te has comido una madalena?”. Edo pintzena: andereño batek arropa zabaltzeko pintzak jartzen zizkigun zuzendu behar genituen gorputz-ataletan; eta goitik behera josten gintuen. Amaieran, zera esaten zuen: “¿Ves cuántos errores? para que veas en el espejo cuántas cosas has hecho mal”.

Itziar Mendizabal, Giselle, 2009.
Giselle obran (Leipzig Ballet), 2009.

Hori Madrilen, batez ere?

I: Bai. Beste batek ariketa bat 200 aldiz idaztera zigortu ninduen. Klaseak 21:00etan bukatzen genituen, etxera joan, afaldu, eta idazten ibili nintzen goizeko ordu txikiak arte, negarrez… Beldurra sartzea zen helburua.

Horrela nola ez duzu izango, ba, “disorder”? 

I: Noski, eta komentarioak: “Begira hori zein argal dagoen, ze ondo!”.

Kasu honetan, argaltasunaren kontua… bada ere anatomiarekin lotuta dagoen zerbait, ezta? 

I: Bai, noski, eta neska gazteen kasuan hormonekin zerikusi handia duena. Hamasei-hamazazpi urte ingururekin, likido-erretentzio bat egoten da bolada batean, hormonak erregultatu arte irauten duena. Eta gero askotariko gorputzak daude: ikasle bat egon liteke argal, baina kanpotik irakaslea ez konturatu: baina bere anatomiarentzako, argaltasunaren mugan egon liteke… horregatik, odol-azterketak egiten dizkiegu beren nutrienteak nola dituzten jakiteko. Jarraipen sakona egiten diegu.

Itziar Mendizabal 2025
Alice in Wonderland obran (koreografoa: Christopher Wheeldon), 2025.

Zuk uste balleta dantzatzeko per-se, argaltasun maila bat izan behar dela? 

I: Oso galdera zaila da. Argaltasuna, hitza bera, pixka bat sinplistegia da niretzat. Gorpuzkera ezberdinak daude, eta badaude batzuk askoz ere atletikoagoak direnak. Muga bat dagoela? Segur aski bai. Argaltasuna baino, tonifikazio muskularra aipatuko nuke… baina hori ere aldatzen ari da. Adibidez, Royal-ean, bular handia daukaten dantzari ugari dago, eta ez da lehengo argaltasun hori, fin-fin… emakumeak gihartsuagoak dira. Estetika hori aldatu da errepertorioa ere asko aldatzen ari delako, zabalagoa da.

Horrek zerikusia izan dezake emakumeen iruditegiarekin. Lehen argal, lirain… eta gaur egun gihartsuagoak. Bularrek ere sexualitatea errepresentatzen dute sinbolikoki, eta beharbada ballet-ean emakumearen irudi purua, ez sexuala, infantila… erakutsi nahi zen.

I: Hori da, lebitatzen duena, etereoa… gauzak asko aldatu dira, baina atletikotasun maila bat beharrezkoa da.

Itziar Mendizabal 2025
Alice in Wonderland obran (koreografoa: Christopher Wheeldon), 2025.

Halabeharrez, zeren bestela gorputzak ez du aguantatzen, noski.

I: Bai, forma fisikoa estetikoa baino gehiago. 

Dantza mundua, maila profesionalari dagokionez, geroz eta zailagoa izaten ari da. Zer esango zenieke bere burua profesional moduan ikusi nahi dutenei, eta ezinean daudenei? 

I: Jo, ba ez dakit, oso zaila da. Kasu bakoitza horren indibiduala da! Zaila da orokorrean zerbait esatea. Nik zorte handia izan nuen. Ez zortea bakarrik, noski, lan handia egin bainuen, baina zortea ere bai. Orduan… [isilik geratzen da une luze batez, pentsakor]. Aber, niri aitak beti esaten zidan: “Balletarekin ez da mundua bukatzen”. Nire aita kontziente zen gauzak gerta daitezkeela, lesioak… eta munduak gauza gehiago dauzkala eskaintzeko, ezta? Hori buruan mantentzea, baina nik hori esatea erraza da, izugarrizko karrera egin dudanean, eta niretzako dena bide onetik joan denean… orain, gainera, trantsizio erraza izan dut, justu nahi nuen lanera. Orduan, oso toki pribilejiatutik hitz egiten ari naiz! Ez dakit niri dagokidan dantzari horiei gomendioak ematea, zeren segur aski ez ditut beraien gatazkak ulertzen, ez ditut bizi izan. Nik ez dakit zer den zuk dantzari dena eman eta dantzak bueltan espero zenuena ez itzultzea. Horrekin zer egin? Izugarri gogorra izan behar du… beste pasio bat aurkitu? 2014ean lesio larri bat izan nuen, eta 11 hilabete egon nintzen dantzatu ezinik. Pare bat medikuk esan zidaten ezingo nuela dantzatzen jarraitu, eta momentuan txikitu egin nintzen. Egia da irakaskuntza beti gustuko izan nuela, eta garbi neukan dantza egin ezean irakasle izango nintzela, dantzaren alorrean edo hortik kanpo. Orduan, ba beno… beste interes batzuk izan eta elikatzea gako bat izan daiteke… baina berriro diot: oso zaila egiten zait nire esperientziatik hitz egitea.

Itziar Mendizabal 2025
Itziar Mendizabal Royal Ballet eskolan, Londres, 2025. Argazkilaria: Amber Hunt

Irakurri nuen ezin duzula Donostiako Musika eta Dantza Eskolan irakasle izan, ez duzulako graduko titulurik.

I: Bai, era berean, Madrileko kontserbatoriotik deitu izan didate masterclass-ak emateko, baina bertako irakasle izan nahiko banu, ezingo nuke.

Absurdoa da. 

I: Frantzian, adibidez, diploma bat eman zidaten nire karreragatik, baliozkotu egin zidaten. Dokumentazio mordoa bidali behar izan nuen, baina horri esker, klasea eman dezaket Frantziar estatuko kontserbatorioetan. Espainiar estatuan, ordea, ezin dut ofizialki klaserik eman. Horrek zer ondorio du? Bada, ez dudala itzuli nahi. Eta itzultzen banaiz, Miarritzen emango ditut klaseak. Gradua ikasten hasi nintzen, saiatu nintzen, baina haurdun nengoen, gero lanean… eta ezin izan nion eutsi. Hortaz, bai, frustragarria da, Royal-en dantzari bezala ez ezik, irakasle izateko ere formatu naizelako; titulazioa eskuratu dut, hamar urteko esperientzia daukat… baina horrek denak han (Espainian eta Euskal Herrian) ez du baliorik.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Maddi Goikoetxea Juanena