Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maddi Goikoetxea Juanena Instant eterno bat

Dokumentuaren akzioak

Instant eterno bat

Instant eterno bat

Argazkilaria: Gorka Bravo

Gorputz bat dantzan hasi aurretik gorputz bat da. Butakan eserita dagoen ikusleak ere baduen gorputza. Bizi gara gorputzean, nahi edo nahi ez izan, ezinbestean. Ibili, eseri, jan, erori, amodioa egin, oihu egin, korrika hasi… denak egiten ditugu gorputzarekin. Mugitu dezakegu hatz bat, poliki, eta hura bakarrik, edo begiratu ortzi-mugara… erabakiak hartzen ditugu etengabe: 3 segundoz, 4 segundoz, 5 segundoz begiratu. Eten. Altxa. Hori guztia izan liteke dantza bat: gorputzak hartzen dituen erabaki txiki eta sotilen katea. Hori da gure eguneroko koreografia. Badira, ordea, gorputz baino gorpu diruditenak. Patataz jositako zakuak gainean arrastaka daramaten horiek, edo barrutik gogortuta, herdoilduta, txikituta antzematen direnak. Mugimendurik txikienak egundoko esfortzua eragiten dienak. 

Dantza irakasle bat izan nuen behin. Lurrean etzanarazi eta arnasa hartzeko eskatzen zigun saioen hasieran, eta poliki-poliki gidatzen gintuen mugimenduan, esnatzen ari den animalia koskorra limurtu nahiko balu bezala. Urtzen joaten ginen pauso batetik bestera, norbera bere erritmo eta jolasean. Minutu mardul batzuk paseak zirela, non geunden eta zertan ari ginen ahaztuta genuenean… orduan egiten zigun galdera: noiz hasten da dantza? 

Galdera bera egin diot neure buruari gortinak Cielo Raso-ren obra berriari ireki direnean. Gorputzak ikusten ditut, neurea, zurea izan litezkeena. Gogorarazi dit bizilaguna, bere gorputza paseoan atera eta ogia erostera daramanean, edo historia mugagabeak pilatu dituzten giharrak, zainak, bihotzak, arnasak; baina horiek ez dira gorpuak, horiek beren ezinegona, beren kargak, sufrimenduak eta atsekabeak mugitzen dituzten gorputzak dira. Horiek ez dira beren haragiari uko egin nahi dioten gizagaixoak, ez eta berau zapaltzen, mugatzen edo itotzen dutenak. Oholtzan daudenak gorputz biziak dira, adierazkorrak. Dantzaria, koreografia, teatroa eta sortzailea bera ere ahantzi eta dantza bera erakusten dutenak. Zer da dantza? Instant eterno bat. Dantzak eramaten gaitu hitzen aurretiko mundura, hitzen ondorengora, hitzen tarteetan pausatuta geratzen den horretara. 

Igor Calongek dio bere obra maitasunaz, denboraz eta edertasunaz ari dela. Asmo potoloak izanda ere, maisutasunez betetako asmoak. Seguruenik dantza animalia bat da, gatibatu nahi duten artista, ikusle eta argiei ihes egiten diena; baina oraingo honetan Calongek, bikain eta eskuzabal aritu diren bost interpretez lagunduta, lortu du dantza guganaino erakarri eta instant eterno bat oparitzea. Opari hori zor diogu koreografoaren begirada pertsonalari, gorputzen eta mugimenduaren organikotasunari, objektuak eta eszenografia lantzean sortzen dituen mundu sinboliko eta irudi poetikoei, eta baita modu hipnotikoan lerrokatutako musikari.

 

Euforia

  • Izenburua: Euforia
  • Eguna: Abenduaren 13a
  • Tokia: Gazteszena, Donostia
  • Zuzendaritza eta koreografia: Igor Calonge (Cielo Raso konpainia)
  • Dantzariak: Toni Aguilera, Maialen Mariezkurrena, Jon Vernier, David Candela, Ainhoa Usandizaga
  • Zuzendaritza laguntzailea: Gabriel F.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Maddi Goikoetxea Juanena