Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa

Dokumentuaren akzioak

Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa

2016/08/09 08:50
Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa

Piarres Adame.

Jean Baptiste Elizanburu idazle sararrak 1888an Pauen argitaratutako eleberria da Piarres Adame. Liburuko pasarte batean, Olhetako (Urruña eta Azkaingo mugako auzoa da Olheta) festetan Piarres Adamek muxikoetan eskainitako dantza erakustaldia deskribatzen du:

Erran behar dugu, zenbait hitz laburrez, Olhetako besta eder hortan bazirela xirola, ttunttuna eta xirribika ere, eta yotzen zituztela superki muxiko, faldango eta bertze dantza suerte hainitz; ilhun nabarrean, gure ahaidetara bildu baino lehen, Piarresek eman zuen haitada bat borthitza muxikoetan; denak gelditu ziren dantzatik hari behatzeko. Loria zen ikhustea orduan Piarresek bere makhila gorri letoidun ederra eskuan, zein ederki pikatzen zituen dantza zahar eta eder hortako pontu guziak, ezker eta eskuin biratzen zelarik, aitzinat salto, gibelat salto... Noizetik noizerat zenbait haiztur ere artean egiten zituelarik.

Azkenean, arras unhatua, izerditua eta porrokatua, guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nere ganat eta erran zarotan: «Pello, goazen etxerat.»

(...)

»Ez duk ikhusi, Pello, atzo berean, Olhetako plaza printzipalean, nori beha zagon bestara ethorria zen yende guzia? Muxikoetan hasi nintzenean, begi guziak nere aldera itzuli zituan!... Bakhotxak haxa ere doidoia hartzen zian, beldurrez den mendren harraboxa eginez, hux eginaraz zezan nik egiten nituen piko edo haizturretarik bat!... Han kausitzen ziren guzien bihotzek, bereziki andrenek, nik bezenbat salto egiten ziteyan ! Eta, heronek ere, Pello, segur nauk egiten huela hire baithan: "Zer ohorea guretzat, Saratarrentzat, Piarres Adame gure herritarra izatea!"

(...)

Hiltzen naizen egunean adizkiden bilkhura,
Soka-dantzan ethor bedi ni lo nagon lekhura;
Zuhurrenak buta betzat azken hitz hauk burura;
«Irriz leher egin eta guan da bertze mundura!»

Iturria: Jean Baptiste Elizanburu (1888): Piarres Adame (Klasikoen gordailua) 

Dokumentuaren akzioak

2016/08/12 08:13
"haiztur"ak aipatzen dituenean, urrats bakoitza bukatzean egin ohi den "korta" mugimenduaz ari ote da? Hala balitz modu polita da hori izendatzeko! Gaur egur erabiltzen ote da? Edo idazlearen burutazioa izan da?
2016/08/13 17:18
Inguruan galdetu eta egun ere Zuberoan "haiztur" esaten diote zangoekin egiten den guraize gisako itxierari -"ciseaux" ezagutzen nuen nik-. Hurbiltasunagatik izan liteke hortaz aritzea? Hala balitz, polita litzateke, garai hartan Lapurdin ere urrats molde hori erabili izanaren arrastotxoa bailitzateke.
2016/08/25 08:55
Oporretan Biarnon, Laruns-en dantza-jauziak ikusteko aukera izan dugu, eta Biarnoko jauzietan ohikoak izaten diren artazi edo ostikoak ikustean Piarres Adamen haixturrekin gogoratu naiz. Ez ote du horrekin lotura gehiago Zuberoakoekin baino?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.