Aurreskuaren apologia
(Javier Marías)
Hobea litzateke
(Lady Chatterleyren maitaleak dioenez)
gizonek dantza zaharrak biluzik
edo praka estu gorriz jantzita
egingo balituzte.
Aurreskuarekiko zalantzak ditut,
txapela buruan eta diruaren truke
egun euritsu batez
ezkonberrien aurrean,
hilkutxaren edota
segizioaren aurrean
hemen dantzatzen dugunarekiko.
Plazera,
plazera baldin badago,
ikuste hutsean datza
dantzariaren aurpegian baino,
irri imintziorik ez
ezta zirrara azaltzerik ere.
Ez baita zirikatze bat
ohore ematekoa baizik.
Feudal eta dotore ari da
X edo K hizkien antzera
oin puntaz borobiltxoak marrazten,
arrain legez aurrera egiten,
ezinezko goieretan hanka altxatzen.
Neska-mutil lotsatia bailitzan,
adierazteko beste
modurik ez dakiena
saltoka eta geldirik ez bada
bere agur simetriko konplexua,
poesia bezain errepikakor
eta funtsezkoa den erritualean,
dantzariak
ikuslea bera altxatzen du
bizitza bezain motza
eta barregarria
den hegaldi honetan
oholtzaren gainera
lurreratu baino lehen.
Antonio Casado da Rocha
Iturria: Aurreskuaren apologia (idazleak.eus)