Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ortzadar Euskal Folklore Elkartea Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen Folklore Jardunaldien XXXII edizioaren balorazioa

Dokumentuaren akzioak

Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen Folklore Jardunaldien XXXII edizioaren balorazioa

Iragan urriaren 27an Folklore Jardunaldien XXXII edizioa burutu zen Iruñean. Aurtengo ediziorako hautatu genuen gaia Folklorearen jabeak? Folklore eta Jabego Intelektuala. Folklore Jardunaldiak urtero egiten dira eta aspalditxotik honat Ortzadar Elkartea eta Nafarroako Materiagabeko Ondarearen Artxiboaren artean antolatzen dira. Izenburu horren gibelean kezka bat zegoen: aplikatu al daitezke jabego intelektualaren araudiak folklorearen gainean? Gaia apika latzegia izan zitekeelako ustearekin abiatu genuen Jardunaldia, are gehiago hizlari nagusia Zuzenbide irakasle bat zela jakinda.  Baina gure beldurrak uxatu izan ziren aretoa mukuru ikusi genuenean eta, are gehiago, hitzaldia aurrera joan eta jendea geldirik eta arretaz jarraitzen zuela ikusita. Bere orokorrean eta guri dagozkigun adierazpenak alde batetik eta bestetik.

Hitzaldia Ortzadar Elkartearen egoitzan burutu zen eta gaiak berrogeita hamar bat pertsona erakarri zuen. Beraien artean akademikoak eta gizarte zibilaren erakundeen ordezkariak, hainbat dantza taldeen, elkarte musikalen eta bertzelako elkarte kulturalen ordezkariak. Solasaldiaren azken momentutan eta agian klase batean gerta daitekeen moduan, publikoa galderak egiten hasi zen eta galdera horiekin bukatu zen Jardunaldi “formala”. Honek hainbat orduz luzatu izan zen toki berean egindako afari-elkarrizketa “zientifikoan” izan zuen segida. Giro erlaxatu batean, zintzilik geratu ziren gaiez mintzatzeko tenorea izan genuen.
Baina, goazen jardunaldira. Sarrera gisa Ortzadar Elkarteko Karlos Irujok aurkezpena eman zion gaiari, zergatik Jabego intelektuala eta folklorearen arteko lotura eztabaidatu nahi genuen azalduz.

Aurtengoa ez da lehengo aldia izan, zeharka izan bada ere, folklore eta merkatuaren arteko harremana jorratu duguna. Bai 2008ko Jardunaldietan (“Folklore eta Merkatua”), bai 2011koetan (“MOK, ekintzak eta ondorioak”) hor zegoen gaia, lerro artean kiribilduta. Are gehiago, azken hauetan deigarria egin zitzaigun Bincheko (Belgika) inauteriaren antolatzaileek esatea, erabiltzen zituzten maskarak erregistratuak zeudela.

Baina Binche urruti dago, Ipar Europa da hori; hemen, folklorea herriarena da (edo zen) bere zentzu zabalenean: herria, euskal herria da.
Hala ere, jabegoaren sentipen hori bazegoen jada gure herrietan. Gutariko askok, batzuk, ezagutu dugu Otsagabiako dantzariek beren dantzak Iruñeko dantza taldeei irakasteari ezetza ematen, edota Arizkungo inauterietara edonolako kamerekin hurbiltzen zirenei kexaka ematen zitzaien tratua zela eta.
Gerora, Materiagabeko Ondare Kulturalari lotutako Interes Kulturaleko Ondarearen Izendapenek agerian jarri dituzte folklorearen hainbat adierazpenek lortutako “arrakastari” atxikitutako arazo batzuk: nonahi adierazpen horien klonen agerpenak edota adierazpen horien aspektu batzuetako erabilpenek tradizioa daramaten erkidegoetan sortzen duten mesfidantza, alegia. Izendapenen aurretik zetorren mesfidantza, beti ere.

Unescok 2003an onetsitako Materiagabeko Ondare Kulturalaren Bermerako Adierazpenaren ildoa jarraitzen dute Izendapen hauek. 1989ko Kultura Herrikoia eta Tradizionalaren Bermeari buruzko Gomendioek “herri bakoitzak bere kulturaren gaineko eskubideak” izan, bazituela erraten bazuten, ondoren etorri zen aipatu Adierazpenean  komunitateez mintzatuko da, zehaztu gabe eta, bertzaldetik, inon ez da jabegoa aipatuko. Hala eta guztiz ere, Nazio Batuen esparruan Jabego Intelektualaren Mundu Erakundea (WIPO-JIME) sortu z(ut)en eta honek, arraroa eman daitekeen arren, badu lan-ildo berezi bat Materiagabeko Ondarea lantzeko. Erakunde hau ez da soilik erkidego indigenen etnobotanikari buruz duten ezagutza tradizionalaz arduratzen (nazioarteko farmazeutika enpresekiko harremanetan), edonolako adierazpen tradizionalen balizko jabego eskubideen zaintza ere egiten du. Zaila egiten zaigu, ziurrenik, gure dantza tradizionalek, gure folkloreak ezagutzen “merkatu” horren bide bera ibili behar izatea. Baina, azken finean, kopiatuak izan diren tradizio horien jatorrizko eramaileen kezka horiek, ez al dute mahai gainean jartzen folklore eta jabego intelektualaren arteko harremana edo lotura? Egun bizi dugun gizarteen aspektu guztien edo gehienen merkantilizazioak ahalbidetzen du galdera hori.

Ez da, hala ere, folklorea eta jabego intelektuala lotzen duen egoera bakarra. XXI. mende honen hasieran eta XX. mendearen bukaeratik, ikusten ari gara fenomeno “berri” bat: neofolklore baten sorrera, zeinak hirietako eta herrietako ondare kultural gisa irauteko bokazioa duen. Ez gara hura sortzeko zioetan sartuko, baina folklore berri hau folkloreari edo kultura tradizionalarekin lotuta izan diren hainbat ezaugarrietatik urruntzen da: bere sortzailea anonimoa izaten da eta norbait sortzekotan erkidegoa izan da, herria, alegia. Ezaugarri hauek Jabego Intelektualaren Erregistroari bidea eman diote, non musikak, koreografiak eta abar bere egileari lotzen dira eta honek erreklamatu ahalko ditu bere obraren erabilpenaren gaineko eskubideak.
Hortik Jardunaldiaren izenburuak zintzilik duen izenburu azpia: Norena da folklorea?

Gaia aurkeztuta, Isabel Hernando Collazos andereak, EHUko Zuzenbide Zibileko Irakasle Titularrak eta Kultura Adierazpen Tradizionalen Jabego Intelektualan adituak hasiera eman zion bere ponentziari. Hizlariak zehatz-mehatz deskribatu zituen nazioarteko hitzarmenetan dauden babes mota ezberdinak (egileei dagozkienak, jotzaile edo ekintzaileenak, egokitzaileenak, biltzaileenak, markak, jatorri izendapenak…) eta segidan, nola gauzatu diren hitzarmen horiek estatuetako legerietan.

Arreta dantzaren munduan jarriz gero, hiru motatako adierazpen tradizionalak aurki ditzakegu: musikalak (kantak, erritmoak, doinuak), “ekintzen bidezko adierazpenak” (dantza tradizionalak) eta adierazpen “ukigarriak” (jantziak, soinu tresnak…). Hau adierazpen tradizionalen oinarrizko maila litzateke. Honen gainetik “material sekundarioei” dagokien maila legoke: ikus-entzunezko grabaketak, audioak, argazkiak, liburuak, eta abar, zeinak babes subjektuak ere baitira. Azkenik, “Garaian garaiko adierazpen kulturalak” leudeke (GGAK) eta haien barruan tradizionalaren aurkezpen berriak, moldaketak edota dagoenaren eraldaketak izango lirateke. Edonola ere, “obra originalaz” ariko ginateke.

Aditzera eman zituen esparru kulturalari dagokionez, jabego intelektualari buruzko gaizki-ulertu nabarmenenak eta zabalduenak. Batzuetan, hainbat zalantza sortu izan zaizkigu berreskuratutako dantza, musika edota kanta baten jabegoaren inguruan edota haren esplotazio eskubideez. Egoera guztiak, edo gehienak, jasota daude aipatu araudietan eta agian galdera ez da norena den berreskuratu edo sortu den hori, baizik zer egin nahi dugun horrekin, hortik, hain zuzen, etorriko baitzaigu erantzuna eta, beraz, araudiaren erabilera zehatza. Orduan, herri batek, dantza talde batek, ikerlari batek izan dezake jabego intelektualaren berme bat, baina aurretik erabaki behar du ondare horren zer nolako erabilera nahi duen. Eta horretan bere garrantzia du, ere bai, erregistratu gabeko obra baten aurrean gauden ala argitaratu gabea den.

Erregistratzea, berez, ez du suposatzen zabalkunderako arrisku bat (hori, hala ere, erregistratzailearen esku egongo da), baina hizlariaren ustetan, herri edo erkidego batendako bai izan lezakeela bere obra kulturalak ez erregistratzeak. Albo-kalte bezala ulertu zuen erregistratzaileak obraren erabileratik atera lezakeen “faborezko trataera” edota etekin ekonomikoa erakunde ofizialen aldetik. Hau, azken finean, etika politikoa edo sozialaren eremuan koka daitekeen arazoa da eta ez eskubide arautuen eremukoa.

Erregistratzearen garrantzia azpimarratzeko, munduan zehar eta esparru ezberdinetan egindako iruzurrezko erabileren adibideak jarri zituen (botika industrian, oihal industrian, bideojokoenean, diseinuenean, etab). Honengatik guztiarengatik nabarmendu zuen komunitateetako elkarte kulturalek daukaten erantzukizuna beren ondarea era “prebentibo” batean iruzurrezko erabilera horietatik babesteko.

Hitzaldia bukatzeko herrialde edo estatuen kontzientziatze maila ezberdinaz mintzatu zen. Herri indigenak dauden estatuek, herri hauen edozein motatako adierazpenen defentsa egiten dute, jakinda merkatuaren edozein arloan erabil daitezkeela. Gurean, aldiz, ez dago kontzientzia hori; nolabaiteko lotsa ematen digu holako jabegoaz hitz egiteak.

Ondorio gisa esan genezake bi motatako eztabaidak batzen zirela aurtengo jardunaldietan eta biek erantzun ezberdina zutela. Alde batetik, hizlariak arazo filosofiko gisa identifikatu zuena: ea onargarria den herri kultura jabego intelektualaren esparruaren parametroetan sartu behar zen, edo parametro horietan kudeatu. Honi ez zion erantzunik eman nahi izan.

Beste aldetik, folklore berriaz edo neofolkloreaz ez zen sartu obra berri hauen izendapenean (folklore gisa), baina garbi dago norbaitek egin duela eta erregistratzeko eskubidea baduela. Norbaitek egindako eta erregistratutako obra bat folklorea izan daitekeenentz, bera ez zen sartu. Baina bistakoa da erregistratzeko eskubidea duen hein berean, egileak badu erabiltzeko eskubideak edota jabetza modu ireki batean uzteko eskubidea ere. Hortik etor daitezkeen egoera horren maltzurrezko probetxuetan ez zen sartu, jabego intelektualaren eremutik kanpoko ekintzak izango liratekeelako.

Esan bezala, bata arazo zerutiar (ideien arlokoa) eta bestea oso lurtarra (subentzioak jaso, udalekiko hitzarmenak eta hitzarmenen nondik norakoak). Aurten alde legala argitzen saiatu gara, benetako eztabaida gure herrietan eta gure elkarteetan dago. Hori hurrengo urte baterako.

Dokumentuaren akzioak

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea