Lesakako argazki zaharretan dantzariak ezin falta

2024/11/06
Lesakako argazki zaharretan dantzariak ezin falta

1.000 argazki inguru bildu dituzte Lesakako Udalak eta herritar talde batek elkarlanean. Horien artean dira, nola ez, XX. mendeko hainbat dantza irudi; herriko ezpata-dantzariak, fraindarrak eta goitarrak edota erromeriak aurki daitezke, besteak beste. Azken hilabeteetan, herritarrei deia luzatu diete etxeetan dituzten argazki zaharrak udaletxera eramateko. Herriko argazki zaharrak bildu eta digitalizatu dituzte eta udalaren webgunean Lesakako argazki artxiboa edonoren eskura ipini dute. Horrez gain, argazki horietatik guztietatik 150 aukeratu eta erakusketa osatu dute. Aukeratutako argazkiak ikusgai izango dira azaroaren 2tik 10era Harriondoa kultur etxeko komentuan.

Dantza irudietan nagusi dira ezpata-dantzarienak. 1920-30 bitartekoak dira zaharrenak.

Ezpata-dantzariak eta musika banda Onin erreka ondoan, Lesaka, 1947-07-07. Argazkia: Lesakako artxiboa

San Fermin prozesioa Plaza Zaharrean, Lesaka. Argazkia: Lesakako artxiboa.

Ezpata-dantzariak elizako aurrealdean zubia egiten. Alboan, erraldoiak. Argazkia: Lesakako artxiboa.

Ezpata-dantzarien Lesakako San Fermin eguneko argazkiak ez ezik, Lesakatik kanpokoak ere aurkitu ditugu. Hendaian egin zuten erakustaldi batekoak edo Elizondon, Baztandarren Biltzarrean, parte hartu zuteneko honako hau, adibidez:

Lesakako ezpata-dantzariak Baztandarren Biltzarrean, Elizondo, 1968. Argazkia: Lesakako artxiboa

Egun, 2019tik, gizonak eta emakumeak irteten dira ezpata-dantzan, baina argazki zaharretan gizon ezpata-dantzariak bakarrik ageri dira. Horrek ez du esan nahi emakume dantzaririk ez zenik Lesakan. Taldeko argazkietan edota dantzan ere ageri dira.

Lesakako dantzari talde mistoa. Ezkerretik 1. Santiago Irigoien txistularia 1. lerroan makurtuta. Ezkerreko 1.: Antonio Zubigarai; eskuineko 1.: José Lorenzo Ordoki. Alboetara txistu eta danbor-joleak herriko etxearen aurrealdean. Lesaka, 1926 ingurua. Argazkia: Lesakako artxiboa.

Poxpolinak Plaza Zaharrean, Lesaka, 1958. Argazkia: Lesakako artxiboa

Baita herritarrak erromerian ere.

Txakain-en dantzaldia. Argazkia: Lesakako artxiboa

Haur dantzarien irudi hau ere agertu zaigu.

Haurrak dantzan, Lesaka, 1960ko hamarkada. Argazkia: Lesakako artxiboa

Bestalde, aipatu, inauterietako argazki asko jaso direla, tartean goitarren irudi eder hau:

Zalaburu baserrian Goitarrak. Goitik ezkerraldetik hasita: Mauricio (Barrakakua), Jose Antonio (Antogenekoa), Jose Francisco (Barrakakua), Antonio (Telleikoa-Ameriketara joan zena),Pello Beltxa (Endarabordakoa), Soinujolea: Julian (Bordakoa), Antonio (Telletxekobordakoa), Esteban (Berreukua), Jose Mª (Txapeltxeberrikoa), Rafael (Antojenekoa), Jose (Antojenekoa). Behekoak ezkerrik eskuinera: Patxiku (Dorrekoa), Gregorio (Errotakoa), Santio (Gardelsorokoa). Argazkia: Lesakako artxiboa.

Lesakan dantzariak, mozorroak eta baita Olentzeroren argazkiak ere. Aspalditik izan dute errotua Olentzeroren ohitura Lesakan, 1960-70eko hamarkadako olentzeroen argazkiak jaso dituzte.

Olentzero, Lesaka, 1968-12-24. Argazkia: Lesakako artxiboa

Olentzero, Lesaka, 1978. Argazkia: Alvaro Telletxea / Lesakako artxiboa

Argazkiak: Lesakako artxiboa