Dokumentuaren akzioak
Dantzaren historia marrazkitan
Kristo aurreko 3300 urtetik 1911 urterarte egindako dantzari buruzko ilustrazio historikoak erakusten ditu Gutenberg proiektuan argitaratu den liburu honek. Eta proiektu horren helburuekin bat eginda, liburu hori kopiatu, zabaldu eta berrerabiltzera gonbidatzen dute Gutenberg egitasmoaren sustatzaileek. Eman eta zabal ezazu!
Honako liburu hau, "The Dance: Historic Illustrations of Dancing from 3300 B.C. to 1911 A.D", Antikuario Britainiar batek egin zuen 1911an. Funtsean aintzinatetik XX. mendera bitarteko dantza ikonografiaren bilduma polit bat da. Irudi horien artetik batzuk ekarri ditugu Euskal Herrian egun ezagutzen ditugun zenbait dantzekin antzekotasunak izan ditzaketelakoan:
Greziako soka-dantza bat dugu honakoa. Napoles-ek Museo Borbonikoan dagoen loreontzi baten apaindura da. Gizon eta emakume helduak ez omen zuten elkarrekin dantzarik egiten, baina gazteak bai eta soka-dantza hau da horren adibide. Nafarroa Behereko dantza-luzean madariondoak daramatzate aurrendari eta azkendariak, eta hemen ordea olibondoak daramatzatela dirudi.
Greziatik atera gabe, Vatikanoaren museoan dagoen behe-erliebe honen ilustrazioak deitu digu arreta. Dantza gimnastikoek eta horien artean militar kutsukoek garrantzia izan zuten antzinako Grezian. Irudian 6 gizon agertzen zaizkigu ezkutu edo brokel bana besoan.
Kristo aurreko IV. mendekoak izan daitezkeen irudietatik, XV. mendera eginen dugu jauzi. Wolfegg-eko (Alemania) gazteluko liburu batean, lumaz margotutako ilustrazioa dugu. Jarrera komiko samarrean ageri dira bi dantzariak, txirula eta danborra jotzen dituen musikariaren doinupean dantzan.
Liburu hau 1911. urtean karrikaratu zuten Londonen eta hauek eta beste irudi eder asko ere topatzen ahal dira bertan. Esan bezala, Kristo aurreko 3300 urtetik 1911 urterarte egindako dantzari buruzko ilustrazio historikoak erakusten ditu liburuak, 6 kapitulotan banatuak:
-
1. Kapituloa: Egipziarrak, Asiriarrak, Hebrearren eta Feniziarren dantzak.
-
2. Kapituloa: Greziarrekin dantzan.
-
3. Kapituloa: Etruriar eta Hego-Italiarrak, Erromatarren dantzak eta abar.
-
4. Kapituloa: Ingeles goiztiarra eta XIV. mendeko Erdi-aroko dantza.
-
5. Kapituloa: Gizarte dantzaria XV. mendeti aitzina
-
6. Kapituloa: Antzerki modernoko dantzak
Liburua Gutemberg proiektuaren baitan izan da sareratua. Proiektu hau 1971. urtean jarri zuten abian eta bere helburua zera da: dohainik kontsultatu eta jaitsi daitezkeen liburuen liburutegia sortzea interneten. Liburu hauek domeinu publikokoak dira, egile eskubiderik inoiz izan ez zutelako edo izatekotan, dagoeneko ahitu delako eskubide horren iraupena.
Ilustrazio guztien zerrenda hemen duzue ikusgai.
Dokumentuaren akzioak