Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Julen Herrero Ez dadila haria eten: Altsasuko Santa Ageda dantza aztergai

Dokumentuaren akzioak

Ez dadila haria eten: Altsasuko Santa Ageda dantza aztergai

2024/06/10 08:10
Ez dadila haria eten: Altsasuko Santa Ageda dantza  aztergai

Kintoak dantzan, Altsasu, 2017-02-05. Argazkia: Maialen Astigarraga - Dantzan CC-BY-SA

Artikulu honetan, Altsasun (Nafarroa) Santa Ageda ospakizunen barnean burutzen den Zortzikoa aztergai izango dugu. Arratsaldero adin nagusitasunera heltzen diren herriko gazteengandik dantzatua da. Erdi Arotik datorren dantza soziala izanik hainbat eraldaketa jasan ditu. Eraldaketa horiek eta haren barnean gertatzen diren ekintzak, komunitate horren berri ematen digute hainbat arlotan eta herriaren bilakaera erakusten dute alde sozialean, kulturalean eta indibidualean.

Julen Herrerok EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean, Maggie Bullen-en irakaslearen zuzendaritzapean eginiko Antropologiako Gradu Amaierako Lanean.

Sarrera

Zortzikoa bailarako ingurutxoa da eta «gertakari sozial» bat bezala definitzen du Larrinaga Zugadik (2003:45). Sakana bailara osoan, oso lotuta dago herri bakoitzeko zaindariaren jaien ospakizunekin eta koreografia orokorra eta partikularra da, antzekoa eskualde osoan zehar eta izendatzeko era desberdinak baldin badaude, zenbait doinu antzekoak dira. Jantziak ez dira oso desberdinak eta ondoko erritualek elkarren antza izan ohi dute, egituraz edo formaz (Larrinaga Zugadi 2003:45). Dantza honen jatorria Europan koka dezakegu eta horien aldaera bat dira hemengo ingurutxoak, soka-dantzak, zortzikoak etab (era askotan deituak). Altsasun Santa Agedan eta beste jaietan (San Pedro, San Juan, festetan) dantzatzen dute zortzikoa. Koreografia pertsonak binaka jarrita hasten da (eskutik lotuta), eta doinua jotzean aurrez aurre jartzen dira. Doinua amaitzean, biek zubia egiten dute besoekin eta gainontzekoak azpitik pasatzen dira. Esaten da keinu hori, ongietorriak ez zirenak kanporatzeko egiten zela: juduak, agoteak, ezkondu gabeko emakumeak edo adulteroak (Jimeno Jurío 1974:11; Sanchez Ekiza 2022; Arrarás Soto 1987:52).

Segidan, bakarkako dantza dator (atzeskua edo atzera-dantza) aurrean doana kideei begiratuko die aurpegiz atzera doan bitartean. Azken biak, (azkenkiak, dantzagai-a edo laguntzaileak herriaren arabera) aurrekoak eskaturiko neskaren bila joango dira eta buelta batzuk eman ostean hari aurkezten diote. Berak, dantzatzera gonbidatzen du, agurtuz eta erreberentzia eginez eta zapia soinetik kentzen du emateko (Arrarás Soto 1987:52; Jimeno Jurío 1974:11; Larrinaga Zugadi 2003:45). Neska publikoan egon behar du eta ezin du dantza ateratzera ukatu. Lehen momentu horretan, gainerako neskak taldera sartzen ziren eta mutilen artean txandaka jartzen ziren. Orain, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dira. Pieza horiek amaiturik, lehen udaltzainak ardoa banatzen zion zortzikolariari, baina ohitura hori galdu da (neskari ardoa eskaintzen zitzaion eta berak ukatu egin beharko zuen erritualki; Urdiainen mantentzen da batzuetan).

Neskak sokan sartuta, aurreskuak berriro ekiten dio, oraingoan aurrera begiratuz. Jai testuinguruaren arabera, kintoak, alkateak edo zinegotziak eta mutilek zuzenduko dute dantza. Zortzikoa, denek dantzatu ahala errepikatuko da Santa Agedaren kasuan, beharrezkoa diren aldiak errepikatuz (Larrinaga Zugadi 2003:46). Dantzak, festez aparte, zenbait gako eman ahal dizkiguten ekintzak dira. Zenbaitetan abstrakziora jo beharko da (Urbeltz adibidez) baina, bestetan esplizituagoak dira sinbolismoak.

«En el principio era la Danza, y la Danza era el Ritmo y la Danza estaba en el Ritmo. Esta paráfrasis de Serge Lifar resume bien la idea de un arte antiguo, anterior a los demás, que se desarrolla en el tiempo y en el espacio y que servirá para evocar y exorcizar las fuerzas de la naturaleza, para protegernos de los males, asegurarnos la fertilidad y fecundidad de tierra, animales, y personas, sacralizar las uniones humanas, solemnizar las relaciones sociales y…divertirnos» (Aranburu Urtasun 1996:594)

Zortzikoaren inguruan zenbait ekarpen

Hainbat dira Nafarroako corpus musikaleko piezak, 300 baino gehiago, eta koreografikoki oso anitza den lurraldea da (ibidem:594). Dantza folklorikoak bitan zatitu izan dira: erritualak eta sozialak. Lehenengoan, dantzariak komunitatearekiko funtzio bat dauka askotan naturaz gaindiko izaera duen erritoa osatzen duelarik (San Juan Kantaita adibidez). Bigarrenak berriz, entretenimendua eta harreman interpertsonalak bilatzen dituzten koreografiak dira. Haien artean: ingurutxoak, larrain-dantzak, soka-dantzak, etab. Horiek askotan dantza sozialak ziren eta gaur egun ikuskizun bilakatu dira, haien erritualizazio modernoa egin delarik.

Oier Araolazak 2022ko apirilean, San Telmo Museoan emandako tesiaren hitzaldian, Zortzikoa, euskal egitura koreografiko nagusi eta protokolarioa bost mendez izan dela dio: «euskaldunak soka-dantzan jardun dira» (Araolaza, Apirilak, 2022). Dantzaren generoaz ere, mintzatu zaigu autorea eta honetan: Elizaren moralak (Erdi Aro bukaera-Berpizkundea), Ilustrazioak (XVII-XVIII-XIX) eratorritako hierarkizazioak eta metodo zientifikoak eta XX. mende hasierako, nazioartean generoaren biologizazioak, kulturan (dantzan) isla izan zutela dio, aurretiazko debeku eklesiastikoei batuz, neska-dantzak eta mutil-dantzak bereiziz eta bakoitzari zeregin, balio eta hierarkizazio, bat esleituz (ibidem).

Horrekin lotuta zortzikoak gaur egun hartu duen izaera, ez da lehenagokoa bezala. Gainera horri erantsi behar diogu, Santa Ageda partean egiten denez, dantzak berak, errito nolakotasuna hartzen duela: kinto izatea eta Santa Ageda ospatzea, gazteak heldutasunera heltzen diren momentua delarik. Dantzak beraz, pauso edo ekintza hori ixten eta sinbolizatzen du. Baita «bestearaziak» diren pertsonak dantzan parte hartzeko eskubidea galtzen zuten ez baitziren komunitatearen parte kontsideratzen, dikotomia hori sorraraziz eta dantzan islatuz1.

«En la soka-dantza se mostraba -tenía lugar- la cohesión social interna: el baile era una ceremonia propia de la comunidad, en la que el otro no era admitido. (…) en Santesteban, según la cual el objeto del puente era alejar de la danza a judíos, agotes y gitanos, pero también las objeciones que se ponían a las madres solteras. Con esta interpretación, puede entenderse en algunos sitios, como en la Barranca, (…) sean los quintos quienes realizan en estas danzas el papel fundamental: así ejecutan su rito de paso, apareciendo por primera vez como adultos en sociedad» (Sánchez Ekiza 2022 in Auñamendi Entziklopedia)

Dantza ikuskizun estetikoa eta estetizatua da (geroz eta gehiago) eta posmodernismo garai betean egonik, gauza guztien estetika aurre jartzen da eta zenbait balioren galera areagotuz doa (esposizioa, show-a, hiperkontsumoa etab) hala nola, jatorrizko esanahien galera.

«En la posmodernidad— las identidades dejaron de ser estables y rígidas para volverse transitorias y plurales; éstas se muestran contingentes y remiten a una estructura personal, afectiva y cognoscitiva que es progresiva y continuamente reconstruida por los sujetos como un modo de adaptación a una sociedad crecientemente compleja y cambiante (Fortuna, 1998: 38). Esta adaptación se lleva a cabo hoy en día por medio de dispositivos simbólicos, representacionales, estéticos y performativos mediados por el consumo» (Herrero Pérez 2011:299)

Dantza bere horretan, Teresa Del Vallek (1991) Korrika-ren inguruko saiakeran esan bezala: «Es una acción participativa pública y festiva». Modu horretan, zortzikoak, hark mardulki deskribatutako Korrika-ren fenomenoarekin antzekotasunak dituela iruditzen zait eta jarraian azaltzen saiatuko naiz. Geertzen (1993) aburuz, ekintza sinbolikoa edukiz eta esanahiez betetako gertakaria da, mikroskopikoki behatu behar dena (Del Valle 1991:745). Euskal nortasunean autoreak aipatu hala, ekintzak berebiziko garrantzia dauka: «La importancia de la acción como valor cultural en el contexto vasco. La persona vasca se comunica haciendo. Zenbat lan? Egiñala lan? En el caso vasco es SER/ haciendo» (ibidem:773). Gainera, Korrika-k zortzikoaren antzera etnizitatea indartzen duen ekintza baliteke: ikusle zein aktore direnen aldetik eta etnizitatearen eramailea da (vehículo de etnicidad). Bertan, hainbat sinbolo, ikur, janzkera etab ikusten direlarik eta hauek, batzuetan etnikoak ez kontsideratu arren, testuinguruaren eta sinbologiaren arabera: badira. Hala ere, protagonistetan presente dauden elementuak dira (ibidem:744).

Zortzikoa aldiz, gaur egun heldu den moduan ikusirik, inoiz baino gehiago izan daiteke, etnizitatearen eta afektibotasunaren erakusle, jantzien aldetik batez ere; baina baita koreografian zehar eman diren aldaketengatik. Aldaketa horiek beraien adierazlea (significante), dantzara ateratzen den pertsonaren bidez bereganatu dute garrantzia, izan ere, konfigurazioaren baitan aldaketak izan dira, eta horrek baliatu du (festa eta parte-hartzaileak barrutik ezagutzen dituenarentzat) informazioa eskuratzea eta herriko bizitzako, nahiz, kinto bakoitzaren inguruko harremanak edo gertakariak begiztatzea (vislumbrar).

Altsasu kintoak
20. hamarkadako kinto-gizonak eta emakumezkoak. Argazkia: Bego Salazar herri argazki bilduma.

Korrika-ren antzera hortaz, badaude eszenara ateratzen diren zenbait aktore. Horiek garrantzitsuak dira izan ere, dantzarien eta gonbidatuen aldetik interakzio bat ematen da eta haien atzean hainbat motibo/arrazoi daude gehienetan. Zergati horiek, indibidualak izan daitezke:

a) Afektiboak. Denak dira afektibotasun batetik abiatuak, baina kategoria honen barnean lagunak batez ere. Edozein sozializazio testuiguruetan ezagutuak: eskola, kalea, eskolaz kanpoko orduetan.

b) Afektibo-sexualak. Bikote heterosexualak gehienetan eta gorteatzeko helburuarekin orain arte.

c) Senitartekoak, consanguíneos2. Familiako norbait: gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak, osaba-izebak, lehengusuak.

d) Arrazoi edo motibo sozialak eta herriko gertaerekin lotuak. Motibo politikoak: kartzela, jazarpena etab; heriotzarekin lotuak: herriko edo bailarako pertsonen galerak, kintoekin loturik gehienetan modu batera edo bestera, senideak edo lagunak, lagunen lagunak edota senideak.

Hortaz ere, emozioak garrantzia dute eta dantzan gorpuztu egiten dira, izan ere, Lutz-ek (1988) esan bezala, emozioak ez dira elementu psiko-fisiologikoak eta indibidualak soilik adimenetik harago doaz eta gorputzean ere txertatzen dira. Ez dira esanahi prekulturalak, erabat kulturalak, sozialak eta aldakorrak baizik (ibidem in G-L Bourdin 2016 [online]). Emozioaren adierazgarritasun handiena diskurtso eta ekintza sozialak (acción social) batzen direnean eta esanahiak eta ekitaldi sozialak «haragitu» egiten direnean gertatzen da (Merleau-Pontyren adierazpenen arabera [(1945) 2000:191 in ibidem].

«Las emociones son fenómenos psíquicos que involucran la dimensión del cuerpo, son pensamientos corporeizados, al decir de Rosaldo [1984]. Asimismo, como ya había advertido Marcel Mauss en 1921, se trata de hechos sociales, pues sus manifestaciones están pautadas por el entorno grupal y por sus formas culturales. Aunque con la misma pertinencia, las emociones son hechos semióticos, significativos, comunicativos, dotados de sentido y de sentimiento» (ibidem)

Plazara ateratzen den pertsona bakoitzak, zerbait desberdina adierazten du atera duenaren aldetik, baina baita besteen begien aurrean. Del Vallek dioen moduan: «Hay una interacción entre la participación selectiva de varias personas y la interpretación que se hace de ellos y el poder evocador que tienen» (Del Valle 1991:751). Horretarako, aktoreak, parte-hartzaileak eta herriko edo bailarako testuingurua (lokala eta supralokala) ezagutzea beharrezkoa da, ñabardura guztiak bereganatu ahal izateko.

Azken finean, bakoitzak «istorio», sentipen bat baitauka eta dantzaren bidez plazaratzen du barnean daraman hori (batzuek soilik eta egoeraren arabera, noski ere3) Horrela, aktore bakoitzak Korrika-ren antzera eta marko soziopolitikoa ezagutuz, zerbait adierazten du eta adierazgarritasuna dute haien baitan (Del Valle 1991:751).

Dantza: Zortzikoa dantza erritual moduan eta generoak bertan izandako garrantzia: gonbidatuaren generoa eta dantzariarena

Zortzikoa da festan zehar elementu zentrala daukan dantza eta kintoa bere bizitzan zehar aldi batez soilik dantzatzen duena. Hortaz aparte, festak beste ospakizunen antzera, komunitatea indartzen duen zerbait da, izan ere, herriko «seme-alabak» dira bertan dantzatzen jarduten dutenak. Atzealdean ezkutuak eramatean zer familiakoak diren identifikatzea baliatzen du eta generazio desberdinak biltzen direnez zortzikoak ikustera, helduagoak direnak, zeinen semeak edo bilobak diren komentatzen aritzen dira (intergenerazioa).

Ezagunak dantzatzen ikustean emozioa eragiten du harekin harremanen bat daukatenen artean, (izan kuadrillakoak, herriko-ezagunak, edo zerbaiten taldekideak) zortzikoaren zati bat bukatu ondoren, jota eta porrusalda hastean ikusten daudenak eta nahi dutenak, dantzara batuko dira. Berarekiko keinu on bat da zortzikoa batera konpartitzea. Gurasoak, senideak eta hurbileko pertsonak kintotik gertuen jarriko direnak izango dira eta bukatzerakoak zoriondu eta besarkatzera joango dira gehienetan.

Zortzikoa dantza erritual bat kontsidera daitekeen moduan Van Geneppen (1909) igarobide erritoaren teoria aplikatu daiteke hein batean. Zortzikoa hasi aurretik egoera preliminal bat aurkezten zaigu: kintoa oraindik ez da heldu arora igaro. Txistua eta dantza hastean egoera liminal batean egongo da, erdibidean. Erdibide horretan, dantzatzera norbait gonbidatuko du: Altsasuren kasuan, neska-lagun edo mutil-lagunak eta adiskideak izaten dira maiz, senideak ere tartean. Urdiainen aldiz, kintoen amak gehienetan. Aipatu beharra dago, Urdiainen kasuan Altsasun ez bezala, bi pertsona gonbidatzen direla dantzara. Bata aurrean jartzen da eta bestea atzean. Kintoak bere zortzikoa bukatzean aldiz, egoera postliminal-era igaroko da eta herriaren aurrean heldu moduan agertuko da guztiz erritoa itxiz.

Emakumeak dantzatzen hasi eta ondoren, bestelako aldaketa batzuk eman ziren generoaren inguruan: boteroez gain (ardo zahatoa eramaten duen mutikoa) botera ere aukeratu zen; dantzatzera gonbidatzen zen pertsonaren generoak zortzikolariarekiko galtzen joan zen etab. Baina aldiz, kintoak zortzikoa dantzatzeko osatzen dituzten bikoteetan indar handiarekin jarraitzen du genero berekoak izatea. Hau da: mutikoak mutikoekin jartzen dira eta neskak neskekin. Bikote misto oso gutxi egon ohi dira eta batzuetan kopuru bakoitia izateagatik edo mutil faltagatik izaten da. Kasu batzuetan aldiz, hirunaka jartzea ohikoa da (hiru kinto batera) baina dantzatzerako orduan soilik bik dantzatuko dute batera.

Altsasu kintoak
2005. Urtean zortzikoa dantzatu zuten lehen kintak. Argazkia: Gonbidatuak izatetik protagonista izatera dokumentala, Youtube.

Beste alde batetik, 2005. urteaz geroztik aldaketak nabarmen egingo du aurrera, baina ez da 2013. urtera arte festa esparru guztietan: tortak batera egitea, batera bazkaltzea, dirua batera eskatzea, dantzatzea etab, ospatuko. 2005. urtean bi neskek dantzatu zuten eta plazan oihuak, txistuak, txaloak etab izan ziren. Pauso garrantzitsua zen plazan zortzikoa dantzatzea, izan ere, ekintza publiko eta sinbolikoena zen, festaren zati «bisibleena» hura zelarik. 2006 izan zen ere, plazara dantzara atera ziren bi nesken hurrengoa: erregina eta laguntzaile bat. Dantzatzen hastean, mutiko batzuek alde egin zuten plazatik, hori ikusita neska-kintoak altxatu eta dantzan lagundu zituzten (GI.Dok2015). 2008. urtean generoan aldaketak ematen hasiko dira, aurreragoko pasarte batek horren berri emango digu (dantzaren alorrean) eta lau kinta ez ezik gehienek dantzatu zuten. 2005. urteko bi lehendabiziko neska dantzarien pasarte hura jarraian:

«Ba nik uste kintak izan baino bastante lehenango ya komentatzen genuela gure artean ba… egunen batean Altsasun emakumeak ere dantzatu beharko luketela. Ta ya pues data iritsi zenean…erabaki bat hartu genuen, jende gehiegirekin hitz egin gabe. Ba egia da jendeak oraindik bazuela retizentzia hori eta iritzi asko jaso genituen eta kintadan bertan, eta inguruko jendean…batzuk kontra beste batzuk alde... Etxean o lagun artean ulertzen zen egoera hori ez? Ulertzen zen erabaki hau eta beste pauso bat eman behar zela, ez zuela zentzu gehiegirik ba…nesken irudi hori eseriak eta mutil batek ateratzeko esperoan egote hori ez?» (GI.Dok2015)

Gonbidapenetan neskato kinta batzuk haien amak edo ahizpak ateratzen hasi zirenean ere, aldaketa handia izan zen bisualki, izan ere, «betidanik» gizonezkoak emakumeak atera izan ditu dantzara eta hauek dantzatzen hasi zirenean, alderantziz. Zenbat kintek aldiz, genero bereko bikotea ateratzeko erabakia hartu zuten eta beste «iraultza» txiki bat gehiago ematen hasi zen. Hala ere, esan beharra dago genero bereko pertsonak atera izan direnean gehienetan, emakumeen artean izan dela eta senideak izan dira bereziki (amak, izebak, ahizpak edo lagun-minak kasu gutxitan). Bikote harremana daukaten sexu bereko pertsonak bata besteari gonbidatzea, ez da oraindik ikusi.

2008ko bi neskek testigantza honekin beraiek geroz eta gehiagoko aldaketak nola bizi zituzten adierazten du eta haien artean, botera bat hautatzea izan zen eta dantzara gonbidatuak zirenen gainean, lehendabiziko aldaketak antzematen hasten zirela. Bietako batek ahizpa atera zuen eta beste neska-kinto batek haren ama, hori aldaketa txikia eta bisuala izanda beste aurrerapauso bat zen, orain arte emandako konfigurazioak eta konbinazioak hausteko. Gaur egun ohikoa da, Santa Ageda baino lehen boteroa eta botera aukeratzea eta herriko gaztetxoen artean egiten da aukeraketa. Aukeraketa hori ere, aztertzen bada, bitxia baita eta normalean herriko mutiko juergazaleak edo bere adinerako «aurreratuagoak» daudenak hartzen dira (piezicas elkarrizketatuen hitzetan).

«P1: Hasiera batean neska askok esaten zuten ez zutela dantzatuko baina entseguen hilabete hori pasatzen zen heinean jende gehiago animatzen zen, herrian ere hori nire ustez, zegoela ya askoz onartuagoa ez? Eta esan genuen, zergatik ez botera bat izatea?
P2: Eta pentsatu genuen neskak agian kafe batean edo… bai besterik gabe eta esan genuen eta arazorik gabe. Normala izaten zen mutilak neskari ateratzea eta ba … urte horretan hori aldatu zen. Nik adibidez nire ahizpa atera nuen eta arazorik gabe, eta beste batek bere ama atera zuen.
P1: Azkenean direla aldaketa txikiak ez? Baina egiten direla ia-ia pentsatu gabe ez?...» (GI.Dok2015)

Hala ere, aurrez aipatutakoarekin, bazen kinto bat (Urko) generoak suposatzen zituen muga horietaz jabeturik eta eurak edukitako «arazo» horregatik, azkeneko egunean gonarekin ateratzea erabaki zuena. Erabaki hori, kontzienteki hartu zuen eta aldarrikapen bat zeukan atzean, amorrua eta egoera ulertu ezinarekin batera.

«2017an izan zen eta gona eramatea erabaki nuen praken gainetik. Ni kinto-gizonez nioan jantzita eta ez nuen gona jarri dantzatzea tokatzen zitzaidan egunean baizik eta azkeneko egunean. Baita ere, nahiko amorratua nengoen ze nire bikotea hasieran neska bat izan behar zen baina ez zidaten utzi neska zelako. Orduan ni mutila nintzenez, mutil batekin egin behar nuen dantza. Eta hori orain pentsaezina da eta hori duela bakarrik 5 urte! Amorru horrek bultzatuta esan nuen, pues oyes: ¡Ahora voy a bailar con falda!. Era kontzientean egin nuen, noski. Hasieran beldur pixkat, baina nolabaiteko harrotasuna naizenarekiko. Hasieran pentsatzen nuen begirada edo komentarioak jasoko nituela. Baina keba, oso ongi» (J.H.B.Urk1)

Hala ere dio, beti pentsatu izan duela berari dantzatzea tokatu zitzaion egunean hori egingo balu baietz jasoko zituela komentario edo begirada gehiago, izan ere, momentu horretan bera bakarrik legoke dantzatzen. Hortaz, soilik gona eramatea erabaki zuen: goitik behera «neska moduan» jantziko balitz, are mespretxu gehiago jaso ahal zukeelakoan (mediak, txalekoa etab).

Altsasu kintoak
Urko azkeneko egunean gonarekin dantzatzen. Argazkia: Urkok emana.

Neska dantzara ateratzea erlazioa egonkortzearen eta neskak gorteatzearen seinale

Santa Ageda festan generoaren garrantziarekin jarraituz, kintoaren neska-laguna omentzeko (dantzara ateratzen) eta herriari hura zein zen aurkezteko funtsezkoa zen. Horrek oraindik jarraitu egiten du eta erlazioaren «egonkortasunaren» seinale dela esan daiteke. Kintoak lagunen artean (mutil/neska) ateratzen direnean zurrumurruak sortu ohi dira lagunak edo bikotea diren argitzeko. Batez ere, helduen arten ematen da (guraso eta adinduen artean) izan ere gazteen artean, gutxi gorabehera erlazioak ezagutzen dira baina batzuetan «zalantzak» daudela esan daiteke. Santa Agedan norbait ateratzea «ohorezko» gauza denez, gehienetan ondo pentsatu egiten den zerbait da, oroitzapen «polita» eta partekatua izaten da. Beste pertsonarekiko estimu keinu bat kontsidera daiteke.

Gaur egun oraindik ere, gehienetan neska-lagunen eta mutil-lagunen artean ateratzen dira. Santa Ageda garaian, kintoak direnak denboraldi batez bikote erlazio bat izan ezkero, lagun-mina edo bestelako pertsona bat ateratzea deskartatzen da kasu batzuetan. Hori ere komentatua izaten da, batez ere herriko gazteen artean, harremanak eta haien iraupena ezagutzen baita. Gazteen artean gutxi gora behera adin-tarte jakin batzuetako harremanak ezagutzen dira eta haien iraupena: esandakoen bitartez, parrandetan ikusitakoaren bitartez edo sare sozialen bidez gaur egun, ohikoagoak bihurtu direnak. Beraz, zenbaiten kasuan Santa Ageda baino hilabete batzuk lehenago batera ibiltzen hasi direnean, zbat-bateko erabaki presatsua bezala ikus daiteke edo pauso garrantzitsu bat erlazio horri garrantzia ematerako orduan, luzera «laburra» daramatenak ateratzen direnean, zerbait «harrigarria» egin daiteke zenbaitendako.

Batzuk Santa Ageda ostean jarraituko dutelako, beste batzuk aldiz ez, eta pausu garrantzitsua da pertsona plaza aurrera dantzatzera ateratzea. Lehenago ere, orain ez hainbeste, gustuko zenuen neska ateratzen zuten dantzara, nahiz eta elkar asko ez ezagutu. Lehen Santa Agedan, norbaitek ateratzea bere gustukoa zinenaren seinalea zen eta askotan, herriko neska batek edo kinta batek pretendiente bat baino gehiago izaten zituen. Batzuetan aldiz, kinta bereko neskak ateratzen ziren: 80. hamarkadaz aurretik eta neskak dantzatzen hasi baino lehenago. Neskak bazkarietara joan eta kaxeraz janzten ziren, baino zortzikoak hastean plazan eserita ematen zuten arratsalde osoa, kintoren batek ateratzeko zain.

Orduak ematen zituzten eserita eta noizbehinka jota edo porrusalda dantzatzen zuten hotza astintzeko. Irudi «zentzugabea» zen kintak plazan eserita hainbeste ordu ikustea. Elkarrizketatuen garaian egoera zein zen azaltzen dute jarraian:

«Joxe: El que quería una amiga íntima pues le sacaba. Por defecto casi siempre se sacaba a la novia y luego la novia cuando iba a la mili le guardaba la ausencia que decían...
Luisa: Bueno podía salir, con amigas y así...pero no bailaba ni con chicos ni nada...También se sacaba al que te gustaba.
Joxe: Ella y yo no eramos novios por eso se escapó ella, (Luisagatik). Dijo: Este me saca, y ¡ya somos novios!... era rectificar ¡Mira!: ¡son novios!. Iba todo el pueblo, a ver quien saca…
Luisa: La gente parece que no, pero desde muy chavales estaban pendientes de nosotros. Había apuestas... y como me sacara a mi…
Biek: Casi siempre o normalmente una amiga o la novia, la madre si se tercia… pero no. Siempre juventud.
Luisa: Luego pasaba también que en una quinta había un chico que se gustaba de una chica. No, ¿cómo era?... Había tres chicos que se gustaban de la misma chica, eran tres quintos.
Joxe: ¡Problema!...
Luisa: ¡No! Salió las tres veces, sacaron los tres a la misma chica, pero luego casar se casó con uno de ellos, los otros dos se quedaron a dos velas... Luego eran los comentarios...
Joxe: Los cotillos y las cotillas... A mi me sentó como una patada en la barriga que esta se fuera…» ( J.H.B.S1)

 

Joxe eta Luisaren garaian, herria zein aterako zuten ikusteko gerturatzen zen, horrela konturatzen baitziren harremanak zeintzuk ziren ere. Beraien kasuan Luisak alde egin zuen, oraindik ez ziren nobioak formalki, baina Joxek gustoko zuen. Luisak atera behar zuela ikusi zuenean elizara sartu zen eta atzeko atetik irten, Santa Agedan haserretu zirelako. Atzelariek bi buelta eman zituzten Luisaren bila, baina ez zen agertu: horren aurrean Joxeren arreba atera zuten. Luisa alde egiten ikusi ostean atsekabe handia hartu zuen. Garai hartan gizartea beste «era batekoa» zen eta nobiotan ibiltzea etorkizun ez oso urrun batean ezkondu behar izatea suposatzen zuen. (Beraiek kontatutako neska hura adibidez, atera zuten hiru mutil horietako batekin ezkontzen bukatu zuen geroago). Batzuk Santa Ageda aprobetxatzen zuten gustuko zuten neska gorteatzeko, beste batzuk aldiz, neska-laguna zuten jada, eta hura ateratzen zuten herriari aurkeztuz eta harremana egonkorra zenaren seinale.

Gaur egun, dantzara bikotekidea ateratzearen ideiak indarra galdu badu ere, oso arrunta izaten jarraitzen du eta hura beste pertsona batzuen aurrean lehenetsi4 egiten da zenbaitetan. Horrek zer esana du, harreman bakoitzari ematen zaion garrantzian: bikoteak (sexu-afektiboak) lagunen edo beste batzuen gainetik daudelarik horrela diote Olaia eta Mirenek.

Ola3: A ver… ateratzearena nik uste pentsatu egiten dela ez? baina denetik dago osea es que ez dakit. Nire kasuan nik bai pentsatu nuela, baina gero edozein gauza gertatu ahal da eh!
Mir4: Bai hori osea… adibidez ni [izena esaten du-rekin] hasi nintzenean ya atera nuen bera, ze ya generaman denbora baina pentsatu gabe izan zen, baina orain esaten duzula igual bai… osea da como que, nik daba por hecho bera aterako nuela nahiz eta bera ez izan pentsatu nuen lehenengoa baina harremana hastean ya
Ola3: Bai ta gero polita da berez ere, zuretzat esanahi berezia daukan norbait ateratzea ta ez izatea bikotea pues igual ama… edo ez dakit. Ze gero badaude bikote asko hautsi direla baita eta beste harremanak iraun dute, baina bueno horrek baita… osea zuk ateratzen duzu ze momentu hortan bada zuretzat garrantzizkoa baina gero igual ya ez. Baina bueno… momentu eta kontestu hortan egiten duzu ez orain, ¿me explico? (J.H.B.Ola3 eta Mir4)

Santa Ageda festa barnean bereizkeriak agerian: etorkinen bazterketa eta Altsasuko populazioaren aniztasuna

Jai honetan beste batzuen antzera, gizarteko rolak eta bereizkeriak agerian jartzen ditu eta espazio eta denbora konkretu batean egiten da. Alegia, festarako prestakuntza bat dago jantziei dagokionez eta errito multzo batzuk daude bertan burutzen direnak. Kasu honetan emakumeen bereizkeriaz aparte, beste batzuekin egin dut topo, egia esan espero ez nituenak. Bertan Joxe eta Luisak Extremaduratik etorritako bi gazteen pasadizoa kontatu didate. Bi gazte haiek urte horretan kintoak ziren eta festan parte hartzea erabaki zuten, horren aurrean aldiz, kinta bereko beste batzuk ezetza eman zieten eta haiek jaia ospatzearen aurka zeuden. Honen aurrean gainontzekoek aurka zeudenak jaitik kanporatzea erabaki zuten

«Joxe: Igual que la mentalidad que tenían que hacer Santa Águeda los de Alsasua. ¡Ojo eh! Nacidos en Alsasua ¡eh! no viviendo, sino… bueno había dispares...Hubo quintos que decían que no querían que bailaran los demás, osea solo los alsasuarras. A uno de los quintos no le dejamos hacer Santa Águeda era de aquí y no hizo. Había dos o tres que no se si eran andaluces o extremeños. De pequeños habían venido de Extremadura, de toda la puñetera vida ¡y que no! Estos hacen Santa Águeda por narices: si tú no quieres , ¡a tomar por riau!
Luisa: Porque era al principio cuando habían venido. En Urdiain digan lo que digan no había ningún extremeño porque iban allí a buscar piso y no, no encontraban, porque no quería la gente….Ahora ya sí, ahora hay de todo.
Joxe: Algunas personas, no era generalizado, pero siempre hay alguno...
Luisa: Había navarros de la ribera, había alaveses, gente que había venido a trabajar de la Renfe de otros lados... pero esas quintas no querían ni extremeños, ni andaluces, ni gallegos… ¿El porqué? No lo sé…. En aquellos tiempos había muchas peleas entre navarros y extremeños… ¡Menudos follones!... -¡Mira!, estos ya están peleando otra vez… Pero bueno...» (J.H.B.S1)

 

Beraz hemen argi geratzen da, garai batean edonork ez zeukala festa ospatzeko «eskubidea» eta Altsasuren kasuan hainbesteko aldaketa demografikoa jasan duen herria izanda, egoera hauek ohikoagoak zirela esan daiteke, ez Urdiaineko kasuan izan ere bertan, ez ziren etorkin askorik bizi eta gutxiago 60. hamarkadan. Esanguratsua eta bitxia da debeku hau bakarrik Espainiako hegoaldetik zetozenei ezartzen zitzaiela: andaluzak eta extremadurarrak gehienetan. Altsasun etorkinen aldetik gehien etorri zen lurraldea izan zen Extremadura, populazioa zazpi aldiz handitu zelarik ehun urtean. Immigrazio handiaren arrazoiak Altsasuren kokagunea eta bertan dauden industriagune kopurua da.

Gaur egungo egoera oso bestelakoa da izan ere, Altsasu Sakanako herri handiena izanda, leku askotako bizilagunak ditu eta gutxi izaten badira ere, ohikoa da Santa Ageda festan ekuadortarrak edo beste herrialdetako gazteak festara batzea. Esan beharra dago ere, oraindik gutxi animatzen direla ospatzera. Luis Mari López de Goikoetxeak hori agian, elkar ezagutza txikiagatik dela dio. Izan ere, askotan ez dira proportzionalki gehiengoa izaten kintaren barruan, hau normala da eta horri batu behar zaio batzuetan beste hizkuntza ereduetan ikasten dutela (A eta B eredua). Horrek elkar harremantzeko mugak sortzen ditu, askoren kuadrilla txikitakoa delako eta maizetan klasekoa (hau da ikastetxe eta gela berekoa, nahiz eta adin artean nahasketa egon). Horrek, zailtzen du asko harremanak sortzea, ez bada eskolaz kanpoko jardueretan trinkotasun bat sortzen bada. Gainera, bere inguruneko inor animatzen ez bada, horrek ere pertsonarengan eragina izan dezake festan «segurtasun» gehiagorekin parte hartzeko. Santa Ageda pertsona askorendako beste ikastetxetako pertsonekin harremanak egiteko lehen aldia da eta hori aurreko handicap guztiak gehitzen badizkiogu, eragin dezake zenbait pertsonek atzera egitea. Ikusi Ikuspegik etorkinen isolazioaz Euskadiko testuinguruan dioena (Diario Vasco, 2020ko otsailaren 12an, apuntetatik hartua baina interneten eskuragarri).

Altsastuko Zortizkoa egunkarietan
Bi berri desberdinetako azpitituloak Argazkia: Julen Herrero Beramendi.

Pertsonak omentzeko modu bat

Santa Agedan emakumeak ateratzea haiek omentzeko modu bat zen eta zortzikoa ohorezko dantza izaten zen, San Pedroko erromerian alkateak dantzatzen duen «zortziko de honor» da horren erakusle. Festak haren eraldaketa bizi zuenetik dantzara ateratzerako orduan gonbidatuen perfilak aldatu egin dira eta hainbat esanahi bereganatzen dute, zenbaitetan kintoaren erabakiaren eraginez. Lehen emakumezkoak eta kintak ateratzen zirenez, hura ateratzeko motiboa edo arrazoia haren gustukoa izatea, haren laguna izatea edo kinta maja edo abegitsua izatea ziren. Beste zenbaitetan ere, arrebak edo amak ateratzen ziren dantzara, haiek baitziren kintoen apaingarriak burutzen zituztenak eta horren ondorioz, eskertza moduan zortzikoa dantzatzera ateratzen zituzten (Elkarrekikotasunaren legearen kontzeptua Antr. Ekonomikoan jorratua).

Egoera gaur egun aldiz, aldatu egin da, eta zenbaitetan zortzikoa omenaldirako dantza bihurtu izan da, izan ere, hura baita marko teorikoan aipatu bezala, herriko eta bailarako dantzarik «esanguratsuena» kontsideratua izan dena. Sakana osoan antzekotasunak ditu, baina Burundan, Urdiain eta Altsasuren artekoa da antzekoena nahiz eta azkeneko honen kasuan, bariazio gehiago jasan izan dituen, batez ere musikalki. Azken urte hauetan eta batez ere, 2000. hamarkadatik aurrera aldatzen joaten zen joera horrek hainbat konfigurazio berri ematen dizkio dantzari, gonbidatua ateratzerako orduan. Horrela lehen, neska gonbidatua baldin bazen, Luis Mari López de Goikoetxearen hitzetan, ateratzen den pertsona «hautatua» edo «elegida» da, inongo desberdintzerik gabe.

2000. hamarkadan emakumezko kinta zenbaitek haien amak edo amonak ere atera zituzten. Baina 2017. urtean adibidez, esanguratsua iruditu zitzaidan gertaera izan zen. Kinto batek Altsasuko auziperatu baten ama atera zuen dantzara. Egia esan, pertsona kintoaren izeba zen, beraz lotura familiarra zeukaten, baina dantzara hura ateratzea erabakitzea ez zuela horrek soilik bultzatu pentsatzekotan nago. Ekintza hori, momentu eta egoera horretan egiteak, kasualitatea ez zela otu zitzaidan, bera omentzeko modua izan zela hura, harenganako keinu bat.

Baina ez soilik bien arteko harremana zela-eta: auziak ere herri mailan zuen eragin eta adierazgarritasunagatik. Altsasuko auzia gertatu izan ez balitz, kinto horrek bere izeba ateraraziko zuen? Agian beste egoeraren bategatik bai, (haien arteko harreman ona; gurasoen falta; izeba-osaba horren bizitzan egoera lazgarriren bat), baina ez nago hain seguru horrela izango zenik. Esan nahi dudana zera da, kinto horrek bere izeba ateratzearen ekintza ez zela zerbait arbitrarioa eta nolabaiteko adierazgarritasun sinbolikoa zuela testuinguru horretan bertan. Horrela argitu zidan Enekok gaiaren inguruan galdetzean:

«Enek1:Nik uste pertsona hori beti dela alguien como muy especial eta momentu horretan como a raíz del Caso Altsasu era una persona especial… decidí sacarle a ella. Osea, nik nuen argi izan behar zela edo lagun bat edo familiako bat o lo que seaYo creo que sí que tuvo que ver algo. Eta nire kasuan izan zen emozionantea, por todo lo que estabamos pasando… eta sorpresa izan zen, ez nion ezer esan eta erantzun zidan ez zuela espero. Momentu horiek beti dira hunkigarriak, sacas a una persona que es especial pa ti o yo que sé» (J.H.B.Enek1)

Beste urte batean (2020ean zehazki) gauza bera gertatzen zela ikusi nuen, baina oraingoan, beste bailarako mutiko baten arrebarekin. Kasua desberdina zen: neska horren anaiak auto istripua eduki zuen 2018. urtean (bi urte lehenago). Kinto horrek zortzikoa dantzatzera arreba atera zuen nahiz, eta elkar ezagutu eta lagunak izan, baina gertaera horrek agian, zertxobait gehiago motibatu zuen bera plaza aurrera dantzara ateratzeko. Bitxikeria moduan ere, mutiko horren hileta egunean, bere herriko zortzikoa dantzatzea erabaki zuten zenbait gazteek eta eliza aurrean egin zuten omenaldi moduan. Ez da lehengo aldia zortzikoa, hainbat ekitalditan omenaldi edo elementu esanguratsu moduan erabili izan dena.

2009. urtean ere, herriko bizitza sozial eta kulturalean oso aktiboa zen zendutako Esther Irisarri Garasaren omenaldian bailarako bi zortziko desberdin dantzatu ziren ekitaldiari amaiera ematerako orduan. Beste baten kasuan ere, Benigno Mendia Goikoetxearenean5, gauza bera egin zen, haren omenaldian, Urdiaingo zortzikoa dantzatu zioten herritarrek. Gaur egun edozein pertsona atera daiteke dantzara, baina dantzaria denarekin nolabaiteko «konexio/lotura»6 izan behar dela esan daiteke, ekitaldi batean inongo harreman esturik edo ezagunik ez duen pertsona batek dantzara ateratzea herriko bizitza sozial, kultural, politikoan etab esanguratsua delako egiten da, baina Santa Agedan gehienetan kintoen (mutil/neska) arabera eta bere ingurukoen arabera ateratzen dira gonbidatuak.

Konbinazio adina daude, nahiz eta batzuk «argi» duten zein aterako duten urteetatik. Baina konfigurazio horiek aldakorrak dira eta kintoaren bizitzan eta haren ingurukoenetan gertatzen direnak baldintzatzen dute erabakia (ikusi, Elkarrekintzaren teoria, Giddens 2007). Hala ere, denetarik dago eta badago hain «transzendental» jartzen ez den jendea, Luis Marik dioenez «luego hay otros que sácame a cualquiera», baina beste pertsona batzuk ondo pentsatzen dute zein atera, azken finean oroitzapen-banatua baita eta «ohorezko» keinu bat. Badaude hautatua izango dena aldatzeko joerak, kintoen bizitzan: adibidez, kintoak edo kintak bikotea sortzen dutenean (sexu-afektiboa eta gehienetan heterosexuala), bi kintoren artean tratu bat egiteak (zuk ni ateratzen nauzu eta nik zu, elkarrekikotasuna), gertuko norbaiten galera etab. Baina aurrez ikusitako adibide hauetan ikusten da, nolabaiteko keinu bilakatu dela herriko pertsona batzuetara zuzendua eta horiek zerbait dutela esateko; esanguratsuak dira testuinguru eta «ikuskizun» horretan.

Ola3: A bai! Ez nintzen gogoratzen…[izena esaten du] dantzatu zuenean, berak kuadrillakoa eta ama atera zituen. Osea bi pertsona, que era como… bat beharrean bi. Eta hori ez zen inoiz ikusi. Urtero norbaitek inobazioa egiten du baina ya heltzen da puntu bat ba, guztiz aldatu direla neurriak o ez dakit nola esan.
Mir4: Bueno es que kinta hori…acuérdate [izena] gonarekin atera zela azkeneko egunean baita.
Ola3: Ostia egia!. Baina [izena dio] izan zen hil zelako kuadrillakoaren aita urte horretan eta orduan atera zituen biak: a la mujer y la hija. Oroitzen? (J.H.B.Ola3 eta Mir4)

 

Altsasu kintoak
2017. urtean Enekoren izeba zortzikora gonbidatzen. Argazkia: Enekok emana.

Ondorioak

Hainbat autoreek esan moduan, jaia aukera ona da, baina ez bakarra, erlijioa eta kulturaren beste hainbat alderdi argiago adierazteko. Honen bidez: jaiak, arretaz behatuta, gizarte bat nola antolatzen den uler daiteke: oinarri ekonomikoak, klaseak, taldeak (grupos), mugikortasun soziala, elkarteak (asociacionismo), indibidualismoa, balioak, sinesmenak, jaiaren arkitektura ahaztu gabe: plazak, kaleak, eta abar; hori guztia modu erritualizatuan eta sinboloekin ematen delarik (Rodríguez-Becerra 1980:12-13).

Dantzaren alorrean, kinto bakoitzaren gonbidatuaren bidez informazioa eskuratu dezakegu eta hainbat egoera sozializatzen dira: bikote sexu-afektiboa zein den, gustokoa zein den, atsegin duen pertsona edo laguna zein duen, herria edo bailararekin lotutako pertsona esanguratsua den (hainbat arrazoirengatik). Lehen soilik, kintoek neskak ateratzean eta kintak izatean edo ama–neska-lagun–gorteatu trinomioetaz aparte, jendea dantzara ateratzeko «muga edo lege ez-idatzi» hori hautsi eta gero, hainbat aukera daude kinto/a bakoitzak nahi duen pertsona ateratzeko. Arrazoiak edozeinak eta anitzak direlarik, baina bizipen pertsonalak nahiz komunitarioak atzean daudelarik, gehienetan. Gaur egun, erabaki bakoitzaren atzean hainbat konbinazio eta konfigurazio posible daude eta hauek herriko eta bailarako testuinguruarekin (politiko, soziala, pertsonala etab) zein kinto bakoitzaren bizitzarekin (afektiboa, afektibo-sexuala) koiunturalak7 direla ikus dezakegularik.

Aztertutako festen artean, baziren zenbait non dantzak protagonismo berezia zuen, eta horietan ikusitakoa eta parte-hartzaile eta antolatzaileekin egindako elkarrizketetan jasotako gogoetak bildu zituzten azken txostenean (Farapi 2009). Dantzari aparteko arreta eskaini zion azterketa honek, egileek azaldutakoaren arabera, dantza «bertako gauzatzat, nortasun emailetzat, eta festari lotuta, tradizio handienekotzat hartzen den alderdietako bat” jo baitzuten, eta “herrien kulturaren adierazpidetzat hartzen dela dantza eta identitate kolektiboaren ikurtzat» (Farapi 2009:100 in Araolaza 2020:102).

Esan, hainbat aldaketa eta erronka eduki dituen festa bat izan dela eta garaiarekin eta partaideekin batera aldatu egin dela, izan ere, eboluzionatu ezean hiltzera kondenatuta legoke. Festa zerbait «fosila» ez dela ikus dezakegu, jatorritik asko aldentzen den ospakizuna bilakatu baita, nahiz eta zenbaitetan batzuk, jatorri hori aldarrikatu eta erresistentzia txiki edo handi batzuk egon, Euskal Herriko beste kasu batzuetan bezala (Alardea, Baztaneko mutil-dantzak etab). Partaide hainbaten inklusioa eta parte hartzea lortu duen festa bada, (etorkinak, emakumeak) hala ere, oraindik zenbait erronka daude eta horietako bat sexu-bereko bikoteen artean dantzara gonbidatzea izango litzateke, ez baita oraindik ikusi.

Bikote heterosexualak maiz ikusten dira, nahiz sexu bereko bi neskak bata bestea ateratzea baita, lagunak gehienetan orain arte, baina mutiko batek beste bat ez: senideen artean, aitak, anaiak batzuetan, eta gutxiago mutiko hori bikotea izatea. Irudi efimeroa izango litzateke, zortzikoa 15 minutuko gauza baita, baina egonkorra argazkietan eta zenbaiten memorian, izan ere, hori Santa Agedako beste «lorpen» txiki bat izango litzateke, baina herriko egoera zenbat aldatu den erakutsiko lieke belaunaldi berriei.

Egun, herriaren eta inguruaren isla besterik ez da, hain bikote gutxi edo gertakari hori oraindik ikusi ez izana. Gorago ere, nobedade hau gertatu ez bada badiot, lana duela urte batzuk hasi nuelako da eta ondorioz, gertaera berriak izan dira urteak igarota. Memoriari eraginda eta galdetuta, (lehenago gertatu ez bada, hau da:ez dago kostantziarik), bi sexu-bereko bikote harreman bat zortzikoa dantzatzen 2023. urtean ikusi genuen, (duela urte bat soilik) eta bi neska izan ziren. Hurrengoa, ez dakit noiz izango den, baina denbora dezente emango duelakoan nago. Aurten adibidez, mugikortasun urriko pertsona batek historian lehen aldiz dantzatu du zortzikoa, eta berarendako doinua moldatu zuten, mantsoago joz.
Aldaketa «txiki» zein «handi» guztiek, zein festaren barnean ematen diren gaur egungo adierazpenek, (jantzien aldetik, dantzaren aldetik, partaideen aldetik) gizarte, mikro kosmos eta komunitate horren berri ematen baitigute. Jasan duen eboluzio soziala, kulturala eta banakoeena (indibiduala), islatu eta azken finean, komunitate horrek dauzkan aldaketak modu batean erakutsiz eta presente eginez, lan osoan zehar berretsi den moduan.

Bibliografia

Arraras, S. (1987): Danzas e indumentaria de Navarra, Graficas Lizarra, Villtatuerta.

Araolaza, O. (2020): Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatea, [Tesia].

Altsasuko Bilgune Feminista. (2014): Gonbidatuak izatetik protagonista izatera liburuxka, editorialik ez.

Aranburu Urtasun, M. (1986): «Las danzas tradicionales». Etnografia de Navarra, Diario de Navarra.

Cucó Giner, J. (1995): La amistad perspectiva antropológica, Icaria, Bartzelona.

Del Valle, T. (1991): «Korrika, una acción simbólica vasca», in Jesus Contreras (et alt.) (dir.), Antropologia de los pueblos de España, Taurus, Espainia, 743-754 orr.

Gennep van, A. (1986[1909]): Los ritos de paso, Taurus, Espainia, 20-35 eta 178-200 orr.

Geertz, C. (1988): «Juego profundo: notas sobre la riña de gallos en Bali», La interpretación de las culturas, Gedisa, Bartzelona, 339-372 orr.

Giddens, A. (2007): Sociología. 7. Argitaraldia, Alianza, Madril, Soziologia apunteak.

Herrero Pérez, N. (2011): «La posmodernización de la tradición. Nuevos retos para la gestión del patrimonio» in Revista de Antropologia Social Nº20, 293-307 orr.

Jimeno Jurío, J.M. (1974): Alsasua, «NAVARRA,temas de cultura popular» bilduma,196, Nafarroako Foru Diputazioa.

Jimeno Jurío, J.M. (1974): Folklore de Alsasua, «NAVARRA,temas de cultura popular» bilduma,196, Nafarroako Foru Diputazioa.

Larrinaga Zugadi, J. (2003): Sakanako Folklorea, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

Rodríguez Becerra, S. (1980): «Cultura popular y fiestas», Drain, M.et.al, Los Andaluces, Madril.

Turner, V. (1988[1969]): «Liminalidad y Communitas», El proceso ritual, Taurus, Madril 101- 156 orr.

Webgrafia

Aldaz, A. (2020): «La población extranjera aumenta en Euskadi pero se advierte de un riesgo de aislamiento social». Diario Vasco. Eskuragarri: https://www.diariovasco.com/sociedad/poblacion-extranjera-aumenta-20200212111124-nt.html

Araolaza, O. (2022): Genero-identitatea euskal dantzaren eraikuntzan. San Telmo Museoan [Youtube]. Eskuragarri: https://www.youtube.com/watch?v=AeBUk13U2y4.

Bourdin, G. L (2016): «Antropología de las emociones: conceptos y tendencias» in Instituto Nacional de Antropología e Historia, Cuicuilco, vol. 23, zbk. 67, 55-74 orr [online]. Eskuragarri: https://www.redalyc.org/journal/351/35149890004/html/.

Guaixe (2016): Beningoren omenaldia [Youtube]). Eskuragarri: Benignoren omenaldia (bideoa) - Urdiain - Guaixe.eus. (2016ko apirilaren 19an).

Hitzondo Altsasu. (2014): Gonbidatuak izatetik protagonista izatera dokumentala [Youtube]. Eskuragarri: https://www.youtube.com/watch?v=__NM6NFWqh4.

Larrinaga Zugadi J. (2004): «Mujeres y soka-dantza» in EuskoNews & Media [web], (2004-09-17), [Kontsulta eguna: 2022-05-21]. Eskuragarri: https://www.euskonews.eus/0268zbk/gaia26804es.html

Sánchez Ekiza, K. (2022): «Ingurutxo» in Auñamendi Entziklopedia [online], [Kontsulta eguna 2022-05-19]. Eskuragarri: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/ingurutxo/ar-74451/

Hemeroteka

Guaixe. (2007): «Kultur eragileek Esther Irisarri Garasa omenduko dute» Eskuragarri: https://guaixe.eus/sakana/1386945585877-kultur-eragileek-esther-irisarri-garasa-omenduko-dute - Sakana - Guaixe.eus. 2007ko urriaren 26an.

 

1 Altsasu Nafarroan demografikoki gehien eta azkarren hazi zen herria izan zen. 50-60. hamarkadan Espainiako beste txokoetatik zetozen etorkinak heldu ziren. Hainbat tentsio egon zirela bildu nuen lanean, artikuluan gehiegi jorratzen ez badut ere. Emakumeen bereizkerien pasarteak nagusiago dira aritikuluan.

2 Hitz honekin gatazka daukat soziologian eta antropologian maiz agertzen da. Ez dute familiako pertsonak hertsiki «odolekoak» izan beharrik.

3 Badago hain pentsakor gelditzen ez den jendea, baina gaur egun festak hartu duen garrantzia eta ikuskizuna (larunbatetan plaza betea, argazki sesioak etab) ikusita jendeak momentu hori zeinekin konpartitu hautatzen du, izan ere, momentu hori banatua da bi pertsonen artekoa eta argazki edo bideo bidez jasotzen da. Hortaz, bizitzako oroigarri bat da beste pertsona batekin batera. Ez da kasuala bikote askok beraien artean ateratzea (hori izan baita tradizioa baina baita lehenetsi egiten den harremana). Beste alde batetik, elkarrizketatu batzuei haien ekintzetan pentsarazi egin diet, agian ez zutelako sakontasunik ikusten eta era organiko batean atera zitzaielako erabakia. Baina analizatuz gero, momentu horiek zenbaitetan kasualak ez direla ikus dezakegu eta egoera hauetan azaleratzen dira, beraien testuinguruarekin: pertsonala nahiz soziala, erabat lotuak daudelarik.

4 Ekintza honetan zenbaitetan gizartean harremanen gaineko hierarkiak azaleratzen dira. Bikote sexu-afektiboa gorenena da. Bestelakoak, lagunak ez dira hain garrantzitsuak nahiz eta jakin pertsona gehienen lehendabiziko harreman-sareak direla eta aukeratuak zenbaitetan. Lagun baten heriotzagatik ezin duzu bajarik hartu eta agian senide batek baino gehiago atsekabetu zaitzakeen galera izan daiteke. Hortaz aparte, ere heriotzaren inguruan zenbait baimen begiratu beharko lirateke. Gertuko senide baten heriotzagatik (primer y segundo grado) 2 eguneko edo 3ko epea dago. Lehengusuak eta osaba-izebak ez dira sartzen ez baitira gertuko senideak kontsideratzen. Eskuragarri: (https://segurospersonales.chubbinsured.com/cuantos-dias-tengo-depermiso-por-fallecimiento-de-un-familiar/. Ikusi baita: Cucó Rosa (1995), Adiskidetasunaren Antropologia

5 Beningo Mendia Goikoetxea urdiaindarra auzolanean ibilia zen urte askoz eta Nafarroa Oinezeko paella erraldoiak prestatzeagatik ezaguna zen ere.

6 Konexioa diodanean lotura afektibo batez ari naiz, baina ez horretaz soilik. Elkar ezagutza batez, minimoa bada ere. Hau da, herritik bistaz edo ezaguna den batak besteari ateratzea ez-ohiko da. Soilik eta hori gizonezkoek egiten zuten, neska gustuko zuten adierazteko erabiltzen zen eta beraz keinu horrek haien gaineko interesa erakusten zien eta harremana estutzeko modu bat zen.

7 Koiuntura Oxford lenguage dictionary-ren arabera: 1. Articulación movible de un hueso con otro 2. Combinación de factores y circunstancias que caracterizan una situación en un momento determinado.

Dokumentuaren akzioak

2024/06/10 16:49
https://youtu.be/ao-8lH527EQ?si=08IA5qiWpoeLe5r3

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.