Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Arteako Kokomarroak Hemen da eguzkia

Dokumentuaren akzioak

Hemen da eguzkia

2021/06/22 22:35
Hemen da eguzkia

Udako solstizioko kantua

Aratusteetan sortutako energiaren ondotik, Kokomarrook urtean behin baino gehiagotan batzeko hautua egin genuen. Hurrengo hitzordua? Ez genuen dudarik, udako solstizioa. 

Arratia aldean, Euskal Herriko beste txoko askotan bezala, bizi-bizirik dago  San Joan bezperan sua ixiotzeko ohitura eta “San Joan bagilean, denpora ederrean...” entzuten da oraindik etxe batzuetan. Bada ortozik ibiltzen denik, iturrira joan eta azala igurzten duenik, zein etxeko atarian lizar arramak jartzen dituenik.

Ohitura hauek gazteenei transmititzen ez dugula asmatu iruditzen zaigu, garaiotan erraza ere ez da, baina helduok egiten ez baditugu zelan barneratuko dituzte belaunaldi berriek? Zelan sentituko dute gertuko etxekoak edo ingurukoak horretan ikusten ez badituzte? Kezka hori buruan hasi ginen egindakoari forma ematen.

                  

Urdiaingo kantaita hartu genuen oinarri, Beasain eta Iruñeako dantzariek plazaratutakoei ere begiratu genien. Gure artean badauden arren, Kokomarroak ez gara dantzariak eta elkarrekin kantatzearekin konformatu gara aurten. Kopla berriak sortu eta zaharrenek esaten dituztenak moldatu ditugu. Guk ospatu gura izan duguna udaren etorrera izan baita eta ez San Joan Bautistaren jaiotza.

Goizetik gauera

Sasoi honetan batu ohi diren sendabelarren ukendu tailerrarekin eman diogu hasiera egunari. Haizeak egin ditu gidari lanak, belar bakoitzaren ezaugarriak aipatuz eta Arteatik irrada bat egin ostean ukendua zelan egin azaldu digu lapikoa surtan jarrita.

                                    

Elkarrekin bazkaldu dugu Elexabeitiko Santiago ermitaren ondoan eta goizean batutakoekin koroak egin ditugu iluntzirako. Emelda eta Roser fin aritu dira, baina Luarrenek arrakasta itzela izan dute.

Iosuk eman dio emanaldiari hasiera itsasoz bestaldeko usaina daukaten testuak irakurriz “...eta horrela modu desberdinetan egiten dugu milpa; milpa egiten dugu hitzekin, besarkadekin, irribarreekin, ibilbideekin. Milpa egiten dugu babesa gorpuztean, milpa egiten dugu borrokekin, izakien eskubideak eta gure lurraren eskubideak defendatzean”. Abya Yalako espiritu horixe izan dute Dalila, Ilia eta Aitorrek prestatutako mandalek: artoa, babarrunak, loreak… erabili dituzte irudiak sortzeko. Txelik Nafarroatik ekarri du garia, hemen aspaldian ez baita ereiten.

                          

Hatxosteko nesken ttakunak jarraitu du gero, eta hor hurreratu dira, Beñat, Alicia, Marta..., baita abestia bazkal ostean ikasi duen Jon ere. Aitorrek ura ekarri du eta garbiketa irudikatu dugu. Iban eta Arantzak prestatutako abar, sastraka eta iratzeei su eman eta kantuan hasi gara. Aurten ez dira eskutik heltzera animatu, baina ikusleen artetik Itsaso eta Hodei ere kantari dabiltza.  “Txikitxuterik” doinua aukeratu dugu Juanjok eta Erikak sortu eta atondutako koplak abesteko, Maurizia bizi izan zen etxea ez dago urrun.

 

Udako solstizioko kantua 

Bagileko eguzkitan

denpora ederrean

artoak eta gariak gorde

zapoak eta sugeak erre 

sorginak eta aztiak beude

etxean eta kanpoan.

 

Udan udako eguzkitan ta

udan udako gabetan

jantzan egingo dogu suagaz

jantzan suaren garretan. 

 

Eguzkiaren goien goiena

ilunaren laburrean

gorputzak bizi eskean dagoz

sasoiaren ederrean. 

 

Iturrietan ur onak dire

gabarik laburrenean

garoak hartzen topauko gaitu

euzkiek datorrenean.

 

Udan udan udan

gari joteetan

jantzan eingo dogu

ifar-haizetan.

Ujuju solorik solo gabiz gu

ujujuju solorik solo gabiz gu.

 

Orain arte bedar

aurrerantzean gari.

 

Kokomarroak

Artean, 2021eko bagilean

 

Juanan eta Armadak txirula eta albokaren doinuez jo dute “Leonen martxea”. Iraiak, Ixonek, Olatzek eta Itxasnek jota eta porrue ere dantzatu dituzte. Horixe Elexabeitikoa. 

Handik Gaztelura eta hangoak amaitutakoan herriko plazara. Plazan Carlos ere agertu da albokarekin eta oraingoan, etxeratze agindurik ezean, hangoak luzatu egin dira, Marisa eta Ekaitz ere badatoz: jauziak, Lantzeko zortzikoa… 

Egun ederra pasatu dugu, lagunarte eta giro ederrean. Badakigu ez dugula askorik eragin, txikia dela gurea, baina guk aurrera jarraituko dugu udari ondo etorria ematen, Arratian esaten den moduan “ekine baragarrie da” eta. Ez dugu beste batzuen kalitatea, baina hauxe da gure komunitatea. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Arteako Kokomarroak

Arteako Kokomarroak