Dokumentuaren akzioak
Arteako aratusteetan Kokomarroak bueltan
Bariku honetan berriro ikusi ahal izan dira Kokomarroak Arratia bailarako Artea herrian. Hainbat urtez lozorroan egon ostean, herritar taldetxo batek herriko zaharrenek akorduan dituzten Kokomarroak “berpiztu” ditu.
Gabonak aldean hasi ginen martxan, oraindik ez genekien Artean aratusteetan aurreko sasoietan zer egin izan zen eta besterik ezean hutsetik hastea pentsatu genuen. Oier Araolaza gonbidatu genuen gurera eta neguko jaien inguruko azalpen bikaina eman zigun, Kultur etxeko aretoa bete genuen entzuleok asebete gintuena eta aurrera jarraitzeko gogoa piztu edo areagotu zuena gugan.
Antolatzen hasi eta hara non lekukotasun eder bat heldu zitzaigun, Luis Mari Amundarain Uriarterena, bere iloba Maiderrek jasoa: “Martitzenean jai-erdi zan, goizean behar, bea arrastien fiesta iten zan. Etxeko zaharren erropakaz janzten zan jentea, erropa zaharrakaz-eta, arranakaz-eta, narruekaz-eta, ardi narruek, ahuntz narruek… Mozorroa jantzite egoten ziren horreri kokomarroak esaten jakien”. Honek poztu ez ezik, haritik tira egiteko balio izan digu eta hainbat lekukotasun batu ditugu harrezkero.
Talde txiki bat hasi ginen, baina ederra izan da ikustea ekimena zelan joan den indarra hartuz eta haziz, apurka-apurka. Bakoitzak bere ekarpena egin du, batek larruak, besteak arranak, adarrak hurrengoak. Zakuak lagunari eskatu, alboka jotzeko prest musikaria, burua egiteko prest artista… Horixe izan da ederra hain zuzen, Kokomarroak guztion artean berreskuratzea.
Eguna hurreratu ahala, gero eta jende gehiago hasi zen batzen eta etorriko zela esaten, beraz, baimena eskatzea erabaki genuen, eta bi lerrotan egin genuen eskolatik plazarainokoa.
Herriko eskolan egina genuen hitzordua elkarrekin jantzi eta kalejirari hasiera emateko. Han sortutako giroa deskribatzea ez da erraza: musikariak jotzen hasi eta besteok janzten ari ginen bitartean energia berezi bat sortu zen, talde izaera hartu genuela esan daiteke, aurretik guztiok elkarrekin ezer gutxi egindakoak ginen arren. Guztira 50 bat lagun elkartu ginen, kontuan izanda Arteakoak baino ez geundela eta gure herrian 800 biztanle baino gutxiago garela, ez da kopuru makala.
Kalejira polito joan zen, plazan dantza pare bat egin genituen eta amaitzeko “Kuberue” izena eman diogun panpina erre genuen Infanteko landan epaia irakurri ondoren. Aurten argi geneukan zer irudikatuko zuen erreko genuenak, koronabirusa. Nahiz eta jakin, horrekin ez dugula behingoan amaituko, ea behintzat aldi baterako uxatzea lortzen dugun, gure aurrekoen ohiturari eutsiz. Jendeak beharrizana zuen “zerbait” egiteko eta errituak komunitateko kideok batzeko balio izan duelakoan gaude.
Jakin badakigu herri askotan ezin izan dela aurten halakorik egin, baina gurea, onerako eta txarrerako herri txikia da eta ez dugu Kokomarroak berreskuratzeko aukera galdu nahi izan bolada zoro honetan bada ere. Hurrengo urtean hobeto egiteko itxaropenarekin eta gogoarekin joan da jendea etxerantza gaueko hamarretako kanpaiak entzun orduko, irribarrea ahoan eta poztasuna bihotzean. Eta gaur gaurkoz, ez da gutxi. Zer gehiago eska diezaiokegu negu honi, bada?
Arteako Kokomarroak
Dokumentuaren akzioak