Dokumentuaren akzioak
"Jai" ikuskizuna. Bakio.
Urtero bezala, Itxas-Alde Dantza Taldeak dantza ikuskizuna eskaini zuen Bakion, abuztuaren 15ean, herriarentzako jaiegun handienean. Urtero legez, bai, baina aurton oso modu berezian, Itxas-Alde Dantza Taldean 50. urteurrena ospatzen ari da eta. Hortaz, aurton plazaratutako ikuskizunak “JAI” izena izan du, hori izan zen eta, ospakizuna.
Abuztuaren 15eko Andra Mari eguna ardatz izanda, hori eszenaratu zuen taldeak agertokian: Andra Mari egun bat. Herriarentzat eta, modu berezian, Itxas-Alderentzat garrantzi handieneko jaieguna. Eta dantza izanda egunaren protagonista, hura ekarri zen agertokira: goizeko kalejira eta elizaurreko dantzaldi tradizionaletik hasi, eta gaueko ikuskizunera arte.
Abuztuaren 15a, Andra Mari eguna
Esan bezala, Andra Mari eguna egun handia da Bakion. Dantzaz jositako eguna, gainera. Ohitura dan legez, goizean Bakioko txistulariek diana jotzen dute herrian zehar, Ondarreko zubian hasi eta udaletxeko plazaraino. Bertan Bakioko Udalbatza osatzen duten herri-ordezkariak izaten dituzte zain, alkate andrea eta udal zinegotziak.
Udalbatzaren atzetik kalejiran doaz dantzariak, udaletxeko plazatik eta Eleizalde auzoraino. Itxas-Alde Dantza Taldeko dantzari guzti-guztiak parte hartzen dute kalejiran, ume txikienetatik hasi eta nagusienetara, belaunaldi guztiak. Denetara 150 dantzaritik gora (2.500 biztanle inguruko herria da Bakio).
Behin elizaurrean, meza ostean izaten da dantzaldia. Ohitura dan legez, meza ondoren udalbatzak bere tokia hartzen du eta hari egiten zaio ohorezko aurreskua. Aurton, lehendabizikoz, neska-mutil bikote batek eskaini die udal ordezkariei aurreskua. Ondoren taldeko neska eta emakume guztiek agurra eskaini zuten.
Aurreskuaren ondoren belaunaldi desberdinetako dantzariek eskaintzen dute dantzaldia elizaurrean, ohitura den moduan Bizkaiko dantzekin hasten dena (Dantzari Dantza, Bizkaiko zinta-dantza,...).
Itxas-Alde Dantza Taldeak 1974an dantzan egin zuen estreinakoz jendaurrean, Andra Mari egun batean, hain zuzen ere. Lehendik zetorren ohiturari eutsi zion, izan ere Andra MAri egunean udal korporazioari aurreskua egitearena aspaldiko ohitura da eta. Itxas-Aldeko dantzarien aurretik horrela eginten zuten Gaztelugatxe Dantza Talde desagertuko dantzariek (60. hamarkadan), bai eta gerra aurreko dantzariek ere (hauek ere aurreskua edo soka-dantza eskaintzan zieten udal agintariei abuztuaren 15ean).
Lehen, elizaurreko dantzaldiaz gain, arratsaldean ere egiten zen dantzaldia, frontoi zaharrean. 30 urtetik gora da Itxas-Alde Dantza Taldeak arratsaldeko dantzaldia gau aldera pasau zuela, agertokiko ikuskizun bihurtuta. Lehendabiziko urteetan herriko probaleku estalian egin izaten ziren ikuskizunak, azken urteetan ordea, ondoren eraiki zen Bakioko Kiroldegian egiten dira.
Mila pertsona inguru erakartzen dituen ikuskizuna da Itxas-Aldek urtero eskaintzen duena, azken urte honetan, edukiera kontuak direla eta, 700 ikuslera mugatu behar izan den arren.
Jai ikuskizuna
Esan den bezala, “Jai” ikuskizuna Andra Mari egun bat agertokira ekartzea izan da aurton, eta taula gainean bertan jaieguna dantzan ospatzea. Horregatik hiru zatitan banatu zen (Andra Mari eguna banatzen ohi den moduan): goizeko dantzaldi tradizionalaren eszenaratzea (dantzak agertoki eta ikuskizun formatura egokituz, jakina); eguerdiko bazkari herrikoia eta honen inguruan kantu, norgehiagoka eta jolas-dantzak; eta azkenik gaueko ikuskizunaren eszenaratzea, horretarako espresuki sortutako dantzen bitartez.
Itxas-Aldek bere urteurrenaren ospakizuna herriko beste kultur elkarteekin partekatu nahi izan zuen, eta horregatik Bakioko Txistulariek, Bakioko Abesbatzak eta Izar Txiki umeen abesbatzak ekitaldian parte-hartu zuten.
Jakina. eta urtero legez, Itxas-Aldeko musikariekin batera (txistu eta txirulak, akordeoiak, pianoa, bibolina, perkusioa...), Sestaoko Dultzaineroak eta Esti eta Olatz abeslariak ere bertan izan ziren, haize-orkestra txiki batekin batera.
Ikuskizuna Bakioko Txistulariek eskainitako diana batekin hasi zen, haiek agertokian zeuden bitartean ikuskizunean parte-hartuko zuten dantzari guztiak segizioan agertokitik igarotzen ziren bitartean. Honen ondoren, bandera-dantza egin zen, taldeko bandera zaharra (1976an josi zena) astindu zuena.
Goizean elizaurrean egin ohi den aurreskuaren moldaketa eskaini zuten neska-mutilek sokan, desafioa, abarketak eta agurra barne hartu zituena. Ondoren, eta ikuskizunaren (Andra Mari egunaren) goizeko “zati protokolarioa”rekin jarraituz, elizaurrean egiten ohi diren Bizkaiko arku-dantzen moldaketa eskaini zuten taldeko dantzari ertainek, Bizkaiko zinta-dantza eta Gorularietako Domingilloaren zinta-dantzak bat egiten zuten zinta-dantza bateratuan.
Lehen parteari amaiera emateko, ikuskizunerako sortutako ingurutxoa dantzatu zen (Aiko Taldearen Duguna txotisaren doinuarekin). Eta zati honekin amaitzeko, dantzari bikoteek porrua dantzatu zuten, modu librean.
Erdiko zatia eguerdiko bazkari herrikoaren inguruko dantza, kantu eta jolasek egituratu zuten. Bakioko Abesbatzak abestutako Xemeingo mahai-gainekoaren moldaketarekin hasi eta Izar Txiki umeen abesbatzak abestutako txakolin dantzarekin jarraitu zuten dantzari gazteenek. Bazkariko aulkiez baliatuz, Baztango katadera edo aulki-dantza eta zartain-dantzarekin ere jolastu ziren, Oriako sorgin-dantzaren moldaketarekin amaitzeko. Dantzari nagusiagoek, oraindik ere bazkari herrikoiko mahaietan zeuden tresna eta edalontziak erabiliz godalet dantza eskaini zuten. Ostalerrak jauzi abestuarekin eta Bakioko Abesbatzak abestutako Imotzeko esku-dantzarekin eman zitzaion amaiera bigarren zati informal eta alaiari.
Ekitaldiarekin amaitzeko, ikuskizunaren azken zatiak urteroko gaueko ekitaldiaren antzeztu zuen. Bautista Basterretxe doinu ezagunean oinarritutako eta Itxas-Aldek beren beregi sortutako irradakarekin hasi zen azken atala. Eta ondoren bai, ekitaldiari errematea emateko, egungo dantzari nagusiek, Itxas-Aldekoak izandako dantzari ohiekin batera, ikuskizunerako sortutako dantza segidarekin amaitu zen ikuskizuna: Türk Zaharra doinuarekin moldatutako martxa sartzeko, Burgaintziren Maitenak melodiak oinarri hartuta sortutako lau kontradantzak, Bakiotarrak jauzia (iaz estreinatu genuena) eta Aiko Taldearen Galtzetaburu txotisaren doinuarekin dantza-luzea.
Behin amaituta, eta parte-hartzaile guztiak agertokira igota, Asier Legarreta bertsolariak Pier Paul Berzaitzen Baratze Bat doinuari egokitutako letrarekin “Itxas-Alde 50 urte dantzan” kantua abestuz amaitu genuen ikuskizuna, azken 50 urtetako taldeko argazki zaharrak proiektatzen ari ziren bitartean.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Itxas-Alde Dantza Taldea
Itxas-Alde Dantza Taldea, Bakion 1972. urtean sortutako dantza taldea.