Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Itxas-Alde Dantza Taldea "Erio" ikuskizuna. Bakio.

Dokumentuaren akzioak

"Erio" ikuskizuna. Bakio.

"Erio" ikuskizuna. Bakio.

Erio ikuzkizuna. Itxas-Alde Dantza Taldea. 2023-08-15, Bakio.

Urtero legez, Itxas-Alde Dantza Taldeak dantza ikuskizuna eskaini genuen Bakion, abuztuaren 15ean, herriarentzako jai egun handienean. Andra Mari egun honetan dantza izaten da protagonista: goizean kalejira egiten da udaletxetik elizaraino, eta meza ostean dantzaldia aurkezten da, udalbatzaren aurrean aurreskua dantzatu ondoren. Goizeko ekitaldian, taldeko txikienetatik nagusienetara hartzen dugu parte (aurton bai eta dantzari ohiak bere), eta Bizkaiko dantza tradizionaletatik haratago, Euskal Herriko zenbait lekutako dantzak ere aurkezten dira plazan.

Gaueko ekitaldiak, ordea, beste kutsu bat du: agertoki gainean egiten den ikuskizuna da, urtero desberdina eta urtero gai desberdin baten gainekoa. 30 urtetik gora daramagu euskal folkloreko adierazpen desberdinak eskaintzen, beti ere dantza ardatz izanda, jakina. Esan bezala, urtero gai jakin baten inguran antolatu izan dugu ekitaldia eta aurtengoa heriotzaren ingurukoa izan da.

Heriotza euskal tradizioan

Erio, heriotzaren jeinua. Arimen bila ibiltzen den pertsonaia mitologikoa, pertsona bati hiltzeko unea iristen zaionean agertzen dena. Beste mundura, beste aldera bidaian laguntzen duena. Heriotza ekartzen duena, alegia.

Txakur baten ulu jarraituek, edo gauerdiko oilarraren kukurrukuak iragartzen dute Erioren helduera. Sendo errotutako sinesmenaren arabera, Erio gaixoaren oheburuan jartzen bada, gaixoa hil egingo da. Ohearen oinaldean jartzen bada, ordea, osatu egingo da.

Erio ikuskizuna. Erio pertsonaia. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Erio pertsonaia. Arg: Edorta Zabala

Asko dira euskal tradizioan errotuta dauden heriotzaren inguruko sinesmen, ohitura eta errituak. Hil-kanpaiak eta haien esanahia; hil denaren logelako ispilua oihal beltz batekin estaltzearen; edo baserriko erlauntzak tela beltz batekin kubritzearena, etxeko erleei defuntuaren berri emateko (horrela, normalean baino argizari gehiago egingo dute, kandeletarako beharko dana). Suak eta loreek ere, esanahi berezia hartzen dute heriotzaren inguruan, suak hildakoaren arima bizirik mantentzen duenaren sinesmena dago eta.

Erio ikuskizuna. Gaubela eta otoitzak hildakoaren gelan.  Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Gaubela eta otoitzak hildakoaren gelan. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Hilbidea.  Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Hilbidea. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Hilbidea.  Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Hilbidea. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Elizako eskaintzak.  Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Elizako eskaintzak. Arg: Edorta Zabala

Euskal dantzetako ziklo naturaletan ere, hor dugu heriotza beti presente. Urbeltzen arabera, izurria adierazten duten zomorroen ezpata-dantzetan, edo otia irudikatzen duten zaldikoen adierazpenetan. Bai eta aratuste desberdinetako mozorroetan ere. Inauterietan azaleratzen da, maskarada edo pastoraletan beste inon baino argiago, bi munduen arteko tentsioa eta borroka. Iluntasuna eta argitasunarena, beste aldeko mundu beltza eta hemengoarena, bizidunenarena. Hondamendiaren aurrean, ezezaguna denaren edo arerioaren aurrean, naturaren zikloa, bizitzaren zikloa bermatzeko konjuruz betetako errituak dira aratusteak. Zelan ez, zikloa betez, urtez urte heriotzaren aurrean berpiztearekin, bizi berritzearekin, amaitzen direnak.

Heriotzaren kontzeptuak euskal tradizioan daukan erro sakona erakusteaz gain, ekitaldi honek beste helburu bat ere izan du: orain pandemia apur bat urrun sentitzen dugun honetan, haren ondorioz utzi gintuzten herritarrei errespetu osoz egindako omenaldi xumea ere izan da. Eta gaixotasuna pairatzen ari direnei ere, esperantza sekula galdu ezin denaren mezua ere helaraztea.

Ezin dogu egundo ahaztu, heriotza eta bizitza, txanpon beraren bi aldeak dirala.

"Erio" ikuskizuna

Ikuskizunean zehar, heriotzaren inguruko tratamendu edo ikuspegi desberdinak taularatu ziren. Lehen zati batean, batez ere landa eremuko herrietako baserriren batean norbait hiltzen zenean gertatzen ziren tradizio eta errituak antzeztu ziren taula gainean, albo batean zegoen agertokian.

Dantzei dagokionez, lehendabizi Thierry Biskariren eta Patxi Labordak koreografiatutako “100 alargunen dantza”ren moldaketa bat aurkeztu genuen, ikuskizunean parte hartzen zuten emakume guztien eskutik. Ondoren, Claude Iruretagoiena dantza maisuak “Oi Peio Peio” abestia oinarri hartuta sortutako dantzaren moldaketa ere aurkeztu genuen, erlauntzen inguruan dantzatutakoa, eta oihal beltzarekin hauek estaliz amaitzen zena.

Erio ikuskizuna. 100 alargunen dantza. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. 100 alargunen dantza. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Oi Peio Peio-ren moldaketa. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Oi Peio Peio-ren moldaketa. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Oi Peio Peio-ren moldaketa. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Oi Peio Peio-ren moldaketa. Arg: Edorta Zabala

Suaren faktorea Mixel Etxekoparrek sortutako “Jondane Johane” dantzaren bitartez ekarri genuen agertokira. Lehendabizi, Mixelek sortutako jatorrizko dantzarekin, ondoren 2009an Atzainen plazaratu zen “Iban Aide” ikuskizunean aurkeztu zen aldaera koreografikoarekin.

Erio ikuskizuna. Jondane Johane. Arg: Edorta Zabala

Behin heriotza esplizitutik eremu sinbolikora salto eginez, ezpata-dantza eskaini genuen, “Dantza” pelikulan azaltzen den “Zomorroen dantza”n oinarritutako moldaketa baten bitartez. Hauen ondoren, Ustaritzeko inauteriko Maien txanda iritsi zen, Zuberoako maskaradako aitzindari gorri eta beltzei bide eman ziena.

Erio ikuskizuna. Ezpata-dantza. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Ezpata-dantza. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Ezpata-dantza. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Ezpata-dantza. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Ustaritzeko Maiak. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Ustaritzeko Maiak. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Zuberoako maskarada. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Zuberoako maskarada. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Zuberoako maskarada. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Zuberoako maskarada. Arg: Edorta Zabala

Maskaradako bi  munduen arteko aurrez-aurrekoaren ondoren, gertatzen ohi den bezala, iritsi zen berpiztearen unea. Ekitaldian parte hartu zuten dantzari guztiek, loredun koro handi baten azpian eta lorez eta kolorez jantzita, bizitzaren berritzea azken “Agur” jauziaren bitartez dantzan eta algaraka ospatu ganuen.

Erio ikuskizuna. Berpiztea. Arg: Edorta Zabala

Ekitaldian, dantzari eta zuzenean jo zuten musikariez gain (txistulariak, txalapartariak, tronpeta, klarinetea, tronboia eta bombardinoaa, pianoa, akordeoiak, perkusioa,…), antzezleek eta “Esti eta Olatz” abeslariek ere parte hartu zuten, dantzetako zenbait abesti kantatuz, bai eta Josu Zarate abeslariak (eta dantza maisuak) ere, Xabier Leteren “Heriotzaren begiak” interpretatu zuelarik.

Erio ikuskizuna. Musikari eta abeslariak. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Musikari eta abeslariak. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Antzezleak. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Antzezleak. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Dantzariak. Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Dantzariak. Arg: Edorta Zabala

Erio ikuskizuna. Parte-hartzaile guztiak Arg: Edorta Zabala
Erio ikuskizuna. Parte-hartzaile guztiak Arg: Edorta Zabala

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Itxas-Alde Dantza Taldea

Itxas-Alde Dantza Taldea

Itxas-Alde Dantza Taldea, Bakion 1972. urtean sortutako dantza taldea.