Dokumentuaren akzioak
"Baskonia" ikuskizuna. Bakio
Urtero bezala (iazko salbuespenarekin, jakina), Itxas Alde Dantza Taldeak dantza ikuskizuna eskeini genuen Bakion, abuztuaren 15ean. Urtero, orain 30 urtetik hona, euskal folkloreko adierazpen desberdinak eskeintzen ditugu Andra Mari eguneko ekitaldian, dantzare ardatz izanda, jakina. Urtero gai jakin baten inguran antolatu izan dugu ekitaldia eta aurtongoa “Baskonia, euskararen mugak” izenburupean egin dugu.
Baskonia
Baskonia, gure historiako momentu desberdinetan gauza bat edo beste izendatzeko erabilitako terminoa da, esanahi desberdinak izan dituenak. Muga politiko edo fisikoetaz haratago, euskal komunitate kultural eta antropologikoa izendatzeko erabili izan da Baskonia berba.
Gaur egun Euskal Herria hitza erabiltzen badugu ere, Baskonia ez da gaur egun Euskal Herria moduan izendatzen dugunera mugatzen. Baskonia baskoiek momenturen baten habitatu zuten eremu zabala da, baskoien lurraldea, bai Iberian, Auñamenditik hona, bai Akitanian, Auñamenditik harago. Ingurukoetatik banatzen zuten muga naturalen barruan bizi izan zen herri baskoia: iparraldera Bizkaiko Golkoa, iparekialdera Garona ibaia, hegoaldera Monegroak eta hegomendebaldera Iberiar mendilerroa. Hauen artean garatu zen Europan ezagutzen den hizkuntza zaharrana, euskara.
Gaur eguneko Euskal Herriaren mugetatik ibilbidea egin genuen ikuskizunean, errespetu eta humiltasun osoz egungo muga politikoen alde batean eta bestean aurki ditzazkegun adierazpen kulturalak (dela dantzak, errituak, abestiak…) eskeiniz. Bertan Kantabriako, Errioxako, Aragoiko eta Landetako dantzak egin genituen, gureekin batera, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Lapurdikoekin batera (hauen mugakide direnekin batera, alegia). Tarteka, batera, nahastuta; tarteka, bata bestaren ondoan.
Ikuskizuna
Ekitaldiari Kantabriako Silió herrian egiten den Vijanera maskaradako pertsonaiek (zarramakoak, trapajeroak,…) eta gure ihauterietako pertsonaietako batzuek elkarrekin ospatu zuten errituarekin eman genion hasiera, urtaro berriari hasiera ematen zaion moduan (Europa osoko nekazal eremuetan presente dugun hartza protagonista izanik). Ondoren jota desberdinek hartu zuten agertokia, gaita eta albokaren soinuekin. Kantabrian egiten den Jota Montañesako zati batzuk geure Bizkaiko jota eta porruekin batera solastu ziren
Ondoren Araba eta Errioxara egin genuen salto. Antzekotasun handiak dituzten bi makil-dantza multzoetako pieza batzuk elkarrekin ikusteko aukera izan genuen, Villabuena edo Eskuernagako paloteatuak batzuk eta Pedroso herrian egiten diren paloteado eta trokeadoak besteak. Iparraldera joz jarraitu zuen dantzaldiak. Lapurdiko ihauteriko dantza batzuk eskeini genituen, beti ere hartzaren presentziarekin: martxa, polkak, zapatain-dantza eta dantza luzea. Ondoren, auzokideak diren Landetako zankoen gainean aritzen diren artzainak agertu ziren oholtzara, hauen trebezia erakusten duen dantza koreografikoa eskeini zutelarik. Zuberoako Bortietako Elhürra abestiak atea ireki zien azken dantzei: Nafarroako Cortes herriko dantzei eta Aragoiko Gallur herrian egiten diren paloteadoei. Guztiak ere dultzainaz lagunduak.
Ikuskizuna amaitzeko, taldean sortutako Bakiotarrak dantza jauzia eskeini zuten ikuskizunean parte hartu zuten dantzari guztiek. Benetan pozik eta harro gaude gaur eguneko egoeran eta izan ditugun zailtasun denekin, ekitaldi hau aurrera ateratzea lortzeagatik. Kultura segurua dela erakusteagatik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Itxas-Alde Dantza Taldea
Itxas-Alde Dantza Taldea, Bakion 1972. urtean sortutako dantza taldea.