Dokumentuaren akzioak
Bakioko Folklore Jaialdia. Kronika.
Itxas Alde Dantza Taldeak 29 urtez antolatu du Nazioarteko Folklore Jaialdia Bakion. Aurtengo egoeraren berezitasuna dela eta, jaialdi berezi eta egokitua antolatu genuen, nazioarteko oihartzunak beste modu batera herrira ekarriz, baina fokua gure folklorean ere jarriz.
Uztailaren 28an jaialdiaren aurkezpena izan genuen. Katalin Zarate taldeko kideak aurkeztuta, bertan Amets Jauregizar Bakioko alkateak eta Anartz Ormaza taldekieak solasaldi laburra izan zuten eta Itxas Aldek pandemia hasi zenetik azken urtean egindako ekimenak aurkeztu genituen bideo batean.
Patxi Laborda dantza-maisua eta koreografoaren parte-hartze berezia izan genuen, “Dantza sorkuntzak herrietan” hitzaldi-solasaldia eskaini zigularik.
Jaialdiaren aurkezpena Itxas Aldek beren-beregi Bakioko herrirako sortutako “Bakiotarrak” jauzia herriari aurkezteko baliatu genuen, eta lehendabizikoz dantzatu genuen. Patxi Labordaren laguntza ere izan genuen honetan. Lehendabizi Itxas Aldeko dantzariok aurkeztu genuen, ondoren herritarrekin batera dantzatu genuen, udaletxeko plazan.
Hurrengo goizean, uztailaren 29an, Itxas Aldek bere lokaletako ateak ireki zituen “Bakiotarrak” jauzia gertutik ezagutu eta ikasi nahi izan zuten herritarrentzat.
Egun berean arratsaldez, “Jantzari. Tradizioa eta Parekidetasuna” dokumentala ikusteko aukera izan genuen kiroldegiko frontoian. Iurretako Mikel Deuna dantza taldeko Unai Esturo kideak egin zigun aurkezpena, eta proiekzioaren ostean ere beste taldekide bi bertan izan genituen, euren esperientzia kontatzeko. Benetan solasaldi interesgarria sortu zen.
Jaialdiaren azken egunean, uztailaren 30ean, nazioarteko oihartzunak ekarri genituen herrira. Goizean munduko perkusioen tailerra izan genuen Itxas Alderen lokaletan, Nerea Quincocesen eskutik. Bertan mundu osoko erritmoekin aritzeko eta disfrutatzeko aukera izan genuen.
Gauean, eta jaialdiari amaiera emateko, “Kuttune Folk Fusion” taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan genuen. Kontzertua “Hauxe da!” beraien lehen diskoaren aurkezpena ere izan zen. Diskoa euskal musikaren erroen eta hurbileko kulturen inguruko ibilbidea da, urrunagotik datozen beste soinu batzuen oihartzunak barne hartzen dituena.
Itxas Aldek kontzertuko zenbait pieza zuzenean dantzatu zituen, “Eguzkia joan da” porrua, “Irradaka” eta “Hauxe da! (Afrikako alboka)” jota, hain zuzen ere. “Bakiotarrak” jauzia ere dantzatzeko aukera izan genuen, Kuttunek espresuki egindako musika moldaketarekin.
Plazerra izan da herria beste urte batez musikaz eta dantzaz zipriztintzea!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Itxas-Alde Dantza Taldea
Itxas-Alde Dantza Taldea, Bakion 1972. urtean sortutako dantza taldea.