Dokumentuaren akzioak
Euskal Herrian euskaraz dantza eta Aunitz Urtez saria
2021. urtean Euskal Herrian euskaraz dantza estreinatu genuenetik, abenduaren 3koa galdu ezinezko urteroko zita bihurtu da Iruña Taldeko kideontzat. Aurten laugarren aldiz plazaratu dugu eta berrikuntza gisa, Iruñeko Udal plazan egin dugu deialdia eta jende andana batu da Iruña Taldearekin batera Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko sortutako dantzan parte hartzeko. 13.30etako ezkil hotsak jo eta berehala, Mintxo Garaikoetxea eta Xabier Olazabal taldeko musikarien txistuen doinua entzuten hasi eta borobilera batu dira makina bat dantzari.
Goiz ederra atera da eta dantzarako gogoak ase nahian ondoren etorri dira jota, porrusalda, lantzeko zortzikoa, jauziren bat eta beste dantzaren bat. 14:00ak inguruan beste behin eman dugu Euskal Herrian euskaraz dantza eta bukatutzat eman dugu goizekoa.
Nafarroako Diario de Noticias egunkariak argitaratutako argazki albuma.
Baina aurten eguneko ospakizunak ez dira hor bukatu. Iruña Taldeak 2019. urtean erabaki zuen Aunitz Urtez saria sortzea, gure inguruan euskara eta euskal kulturaren alde lanean aritzen diren pertsona edo elkarteak omentzeko eta haien lana eskertzeko. Lehenengo urte hartan aski ezaguna den Mintxo Garaikoetxea taldeko txistularia izan zen sariduna eta 2022. urtera arte itxoin genuen, gure dantza taldearen 50. urtemugaren ospakizunen inguruan, sariaren bigarren edizioa egin eta Jarauta 69 txarangari emateko.
Hirugarren edizioa izan dugu aurtengoa eta berriki ateak itxi dituen Iruñeko Abarzuza liburudenda maitatuak irabazi du meritu handiz. Hiru hautagai izan ditugu auten: Abarzuza liburudenda bera, Txalaparta argitaletxea eta aurten 50 urte bete dituen Ortzadar Folklore Elkarteko lagunak. Taldeko bazkideek bozketa bidez erabaki dute urte luzez Iruñean euskararen eta euskal literaturaren alde egindako lanagatik, Abarzuza dela 2024ko Aunitz Urtez saria lortzeko merezimendu gehien egin dutena.
Gure egoitzean egindako lagunarteko bazkari goxoaren ostean Oier Zuñigak aurkeztutako ekitaldi xumea egin eta haitagai guztiek Joseba Beramendi "Exprai" taldekideak sortutako oroigarria jaso dute. Ondoren eman dugu jakitera nor izan den sariduna eta Mikel Lumbreras taldekideak sortutako egurrezko taila jaso du.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Iruña Taldea
Iruña Taldea 1972an folklore esparruan euskal kultura hedatzeko asmoz sortu zen. Gaur egun taldea osatzen duten musikari zein dantzariek aurretiko belaunaldiek bezain gogotsu lanean jarraitzeko ilusio bera dute.