Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Indarra Euskal Kultur Elkartea "La vida es un carnaval"

Dokumentuaren akzioak

"La vida es un carnaval"

"La vida es un carnaval"

Naturaren Indarra ikuskizunaren amaiera

1979ko inauterietan, Indarra Kultur elkarteko lagunok, inori ezer esan gabe eta inolako babesik gabe, Gasteizko kaleak musikaz eta dantzaz blai egitea erabaki genuen. Urte horretan bertan, Indarrako kideak kosako bihurtu ginen, baliteke Siberian eta Gasteizen klima antzerakoa dugulako.

Eta orduz geroztik, asko eta asko izan dira erabili izan ditugun mozorroak. Historiaurretik Erdi Arora katapultatzera, Mairuen eta Kristauen gazteluetatik pasata; Holandako errotak mugiaraztetik, Txinako herensugeak astintzera; hegazkin txikiak gidatzetik, ipurdi erraldoietan txertoak ipintzera; Alizia eta bere gauza bitxiak ezagutzeaz gain Garfio kapitainaren kontra borrokatu ginen. Pentsa, urte batean txistulariz eta neskaz mozorrotu ginen, zaila genuen gero!. Eta nola ez, inauteriak ezin ditugu imajinatu maraka eta erritmo tropikal gabe, nahiz eta, gurean hartz edota eskimalen mozorro beroak egokiagoak diren.

Egia esan, Supermanez, Abba musika taldeako kideez, mosketariz eta abarrez mozorratzen asko gozatu genuela, baina Indarra Elkarteak Euskal Herriko, eta zehazki Arabako folklorea sustatzea, ikertzea eta bizitzea du helburu nagusi. Hori dela eta, beste saiakera batzuk egin izan ditugu urteetan zehar.

1993an, Elkartearen XX. urteurrena behar bezala ospatzeko, Mozorroen Dantza Jaia antolatu genuen. Gasteizko plaza esanguratsu batean eta 5 eskenatoki ezberdinetan eskeinitako Euskal Herriko inauterietan oinarritutako ikuskizuna izan zen hau.

Urteak pasa ahala, gure folklorea indartzeko beste zerbait egin behar genuela ikusten genuen eta ondorioz, inauterietan ere beste norabide bat hartzea erabaki genuen.

2005an, Indarra Elkarteak 180 graduko bira eman zion Gasteizko inauterietako parte-hartzeari eta lehen aldiz, Godaleta ikuskizun ibiltaria plazaratu genuen, Euskal Herriko txoko ezberdinetako aski ezagunak diren pertsonaiez lagundurik; Iñudeak, Kaldereroak, Zuberoko Maskaradako pertsonai beltz zein gorriak, eta Lantzeko zein Zalduondoko  maltzurrak, besteak beste. Gasteizko kaleetan zehar desfilatzeaz gain, hainbat herritan ere edalontziaren gainera igo ginen. 4 urte pasa ondoren, Sasi guztien gainetik ikuskizunean euskal mitologiaz inguratu ginen. Mari, Tartalo, lamiak, iratxoak eta gainontzeko izakiak ziren ikuskizuneko protagonistak. 2010ean Gasteizko inauterietako pregoia gure Hartzaren esku izan zen, jakina, beti ere bere lagunez, musikaz eta dantzaz inguratuta. Bi urte beranduago, Sua, Lurra, Ura eta Haizea elkartu ziren Naturaren Indarra izeneko espektakuloan. Eta azkenik, berriro ere gure inauteri herrikoiei keinu bat egin nahi izan diogu Indarteriak ikuskizunean, non, pertsonai maltzur batzuk inauteriak lapurtu nahi diguten. Susmoa daukat ez dutela lortuko.

Esanak esan, Celia Cruz abeslari kubatarrak abesten duen bezala “La vida es un carnaval y es mas bello vivir cantando (eta dantza eginez, noski)”. Indarra Kultur Elkarteak guztiz bat egiten du esaldi honekin. Izan ere, inauterietan parte-hartzen hasi ginenetik, ez dugu etenik izan. Eta segi dezagun horrela!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Indarra Euskal Kultur Elkartea

Indarra Euskal Kultur Elkartea

            INDARRA Euskal Kultur Elkartea, 1973. urtean sortu zen, Gasteizko beste Elkarte eta dantza taldeko partaideekin.

            Urte guzti hauetan, Euskal Herriko, eta Arabako bereziki, lurralde historikoak ibiltzea bere ekintza nagusiena izan da, bere biztanlegoaren ohiturak eta folklorea ezagutu, ikasi, gorde eta grafikoki bersortzeko.

            Ekintza hauek aurrera eramateko, Elkarte hau lau atal nagusitan banatzen da: Dantza Taldea, Fanfarrea, Herriko Musika Tresnak eta Inauteriak.