Dokumentuaren akzioak
50. urteurrenaren hasiera ekitaldia
Urtarrilaren 18a eguzkitsu atera zaigu, iragarpenak bestelakoa izanagatik. Oñatiarrak plazara gerturatu dira Oñatz dantza taldearen 50. Urteurreneko lehen ekitaldia ospatu eta gozatzera, eta ederra izan da. 12:00etan hasi da prentsaurrekoa, udaleko pleno aretoa gainezka zegoela.
Bertan zeuden Julen Agirre Bikuña, Oñatzeko arduradun gisa, Eider Quintas Alvarez, Oñatzeko komunikazio taldekideak ordezkatuz, Marilo Torrealdai, Oñatz familia ordezkatuz eta Izaro Elorza eta Iñaki Olalde udaleko ordezkari gisa.
Urteurrena ospatzearen zergatia
Honako prentsaurrekora deitu zaituztegu ofizialki Oñatz dantza taldearen 50. urteurreneko urte aberats honi hasiera emateko. Izan ere, gaurko egunez oñatiar guztion etxe den eraikin honetan gura izan dugu guretzako hain berezi izango den urte honen hasiera ekitaldia egitea.
Hemen bildu gara, ikus dezakegun moduan, Oñatz dantza taldea hainbat eta hainbat urtez era batera edo bestera osatu dugun pertsonak. Eta zelan ez, gurea den euskal eta oñatiar dantzaren transmisioa bermatu duten hainbat belaunalditako dantzariak, musikariak eta, baita ere, plazara atera barik asko emandakoak. Guztiok batera osatzen dugun horretan dago transmisioaren giltza;
ez dago gure dantza taldea ulertzeko beste modurik: 1970. urtean dantzan zekitenek erakutsi zieten hurrengoei zelan eman hanka pausoak, eta 2020. urteko taldekideek darraite hurrengo urtetako dantzariei orduko koreografiak erakusten; hain zuzen, 50 urte beranduago.
Urteurrenaren helburuak
Hiru dira, hain zuzen, aurretik dugun urte honetarako ezarri ditugun helburuak. Lehenik, gure nortasuna hauspotzea, hain propio dugun euskal izaera kalera ateratzea eta Oñatiko herriari zein herritarrei hamarkada guzti hauetan egindako lana eskertzea. Bigarren helburu gisa aurrez aipatutako transmisioa indartzea; hots, generazioz generazio elkar hartu eta eman dugu, nor beretik, eta urte eder honetan, bai antolakuntza taldeetan zein ekintzetan, Oñatzeko familia zabala osatu duten kide guztien arteko hartuemana bultzatu nahi dugu. Elkarri irakatsi, elkarrengandik ikasi, elkarrekin gozatu. Azkenik, auzolanaren balorea ere mahai gainean jartzea gustatuko litzaiguke. 50 urte hauetan boluntario lana, eta hein handi batean, euskal kulturarekiko militantzia izan da bizirik mantendu gaituena, eta urte guztiko antolakuntzan ere horrela jarraituko dugu. Ondorioz, hiru dira urte guztian zehar dantzan erabiliko ditugun helburuak: nortasuna, transmisioa eta auzolana.
Leloa
Aipatutako hiru euskarriak kontuan hartuta, logo eta leloaren lanketari ekin genion komunikazio taldeko kideok. San Migel eta Errosarixo Jaien bueltan herritarren lelo proposamenak jasotzeko kutxak jarri genituen herriko taberna ezberdinetan; gure helburua ideiak biltzea izan zen, eta 50 proposamenetatik gora jaso genituen. Bejondeizuela! Hainbat ideia buruan izan ondoren, ‘Gure Sokaren Gorulariak’ leloaren aldeko hautua egin genuen. Landu nahi ditugun hiru baloreak hartzen ditu aintzat leloak: ‘Gure’, nortasunari erreferentzia egiten diona, ‘Sokaren’, generazioen arteko transmisioari dagokiona, eta ‘Gorulariak’, auzolanari eta elkarlanari erreferentzia egiten diona.
Logoa
Amaia Azkue herrikidearengana jo genuen ostera, logoaren diseinua egin asmoz. Eta hemen duzue emaitza: ospakizunaren urteurrena bistaratzen duen irudi garbia, eta sokaren zuri, gorri eta urdinen bitartez hain gurea dugun Korpus Dantzei erreferentzia egiten diona. Bide batez, eskerrak eman nahi genioke Amaiari erakutsitako prestutasunarengatik eta egindako lanarengatik.
Eta teoriatik praktikara pasaz, urtemuga honek izango dituen emozioen dantzari emango diegu horrela hasiera hilabete honetan, eta aprobetxatuko dugu aukera hau hurrengo hilabetetarako antolatuta daukagun gai eta ekintza-zerrenda aurkezteko. Izan ere, hilabeteek izango dute gure taldearen atal eta erpin banaren dantza. Jorratuko dugu urtea honela:
- Urtarrila - Zer da Oñatz?
- Otsaila - Oñatiko inauteriak
- Martxoa - Oñatzen harrobia
- Apirila - Jantziak
- Maiatza - Erraldoi eta txorimaloak
- Ekaina – Korpusak
- Uztaila - Oñatzen eguna
- Abuztua - Euskal Herriko taldeen emanaldia
- Iraila - Oñatiko Haurren Eguna
- Urria - 50 urte dantzan
- Azaroa, musikariak
- Abendua, Oñatzen emanaldia
Ekintza gehienak lotuta ditugun arren, landuko dugun alor bakoitzari bere garrantzia eman nahi diogu. Ondorioz, hilabetez hilabete joango gara ekintza eta egitarau zehatzak jendarteratzen.
Esan moduan, gure taldearen eginkizuna dantza egitea bada ere, baditu oinarri horretan beste hainbat ardatz, berauek barik ezingo litzatekeena dantza ulertu, eta horri erantzutera dator gure 2020. urteko proposamen aberatsa. Hortaz, eta esan barik doa: eskerrik asko proposamen horri baiezkoa eman diozuen dantzaren erpin horiei guztiei, gaur arteko ibilbidearen moduan, zuek barik ezingo zatekeen-eta horrelakorik antola. Eta, zelan ez, baita ere, mila esker Lanari, Ulmari, Fagor Industriali, Laboral Kutxari eta herriko komertzio txiki ezberdinei bakoitzak bere arlotik egindako ekarpenengatik.
Gaurko egitasmoa aurkeztu aurretik, baina, aurkezpenean mahaikide ditugun Udaleko bi kideei eskerrak eta hitza eman nahi genieke. Herrigintza dugu gure izatearen ardatz, eta instituzio publikoek emandako babesa ere ezinbestekoa izan da bost hamarkada hauetako biziraupenerako. Beraz, eskerrik asko dantza taldea osatzen dugun guztion partez, eta zuena da hitza.
Soka-dantza
Eta transmisioa ikur dugulako antolatu dugu lehena den gaurko ekitaldi hau. Prentsaurreko honen ostean, hortaz, herriko plazara aterako gara Soka-dantza –aipatu transmisioaren isla– dantzatzera. Osatuko dugu, hortaz, sokaren gidarien, aurreskuaren eta atzeskuaren, arteko belaunaldien argazki aberatsa, desafio, alpargata eta agurrez bustita.
Gure sokaren gorulariek haritzen dute, dantza urratsez, Oñatz, gure arbasoek goruetan egindakoan josten zituzten maindireak bezalatsu. Izan ere, sokan bat
eginda ordezkatzen ditugu, urteak joan eta urteak etorri, kolpeka-kolpeka jositako historia. Azken finean, adierazi gura ditugu gure kultur identitatearen baitan eraikitzen diren transmisio eta elkarlana, sokan dantza eginda.
Eta, horrenbestez, eta berriz ere hona gerturatutakooi esker ona adieraziz, has dezagun urte eder hau herritik eta dantzatik eta herriarentzat eta dantzarentzat antolatutakoa, Oñatz dantza taldearen 50 urteko soka beste behin plazara ateraz, ez dadin beste hainbeste urtean eten.
Aupa Oñatz!
Dokumentuaren akzioak