Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iratxe de Arantzibia Ipuinetan bezalako balleta

Dokumentuaren akzioak

Ipuinetan bezalako balleta

2016/01/11 09:45
Ipuinetan bezalako balleta

Lucia Lakarra eta Marlon Dino. Argazkia: David Herrero

Bilboko Euskalduna Jauregiko auditoriumean gau-emanaldi berezia bizi izan zen pasa den abenduaren 27an, Izena duenak izana du ikuskizunaren estreinaldiarekin. Euskal herriaren sinesmen eta antzinako ohituretan oinarritutako ballet honek solstizio gauez basoan galtzen den eta Amari jainkosak erreskatatzen duen neskato baten istorioa kontatzen du. Jon Ugarrizaren zuzendaritza artistikoarekin, ele-zaharrak taularatzen dituen lan honek hainbat diziplina baliatzen ditu; koreografia, musika, argiztatze eta proiekzio bisualak eta zuzeneko narrazioa.

Balletaren jainkosa

Lucia Lakarrak egin zuen Amari jainkosaren papera. Bere ibilbide profesionalean zenbait sari jaso ditu dantzari gipuzkoarrak eta mundu mailako balletaren gorenean aritu da lanean. 2002an esaterako, Benois de la Danse sari garrantzitsua jaso zuen, dantzaren Oscar-tzat hartzen den saria. 2007an Urteberri eguneko kontzertuan dantza egitera gonbidatu zuten espreski, eta Danubio urdina zuzenean dantzatzeko ohiturari eutsi zion kontzertu honetan. Emanaldia Schönbrunn jauregitik eskaini zuen, Zubin Mehtak Vienako Orkestra Filarmonikoa hiriko Muskverein-eko Urrezko Aretoan zuzentzen zuen bitartean. Gonbidapen eta sari horiek jasotzen lehen dantzari espainiarra izan da Lucia Lakarra. Izena duenak izana du lanean artean zein bizitzan bere bikote den Marlon Dino izan zuen lagun, hau ere, Municheko Balleteko lehen dantzaria.

Iratxo, sorgin eta landare bekadunak

Ugarrizak, ohikoak diren balletak proposatu beharrean euskal mitologian inspiratutako ballet oso bat proposatu du. Lan honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren beken laguntzarekin dantza ikasketak burutzen ari diren zortzi ikasle taulagainean jarri ditu Ugarrizak eta iratxo, sorgin eta espiritu txarren kontrako landareen paperak bete zituzten dantzariok. Nerea Barrondo, Mikel del Valle, Maitane Goikolea, Marina Goitia, Jone Martinez, Almudena Perez, Ines Perez eta Clara Yue Bañuelos dira bekadun hauek.

Dantza ikasketak prestigio handiko eskoletan beren dantza ikasketak amaitzen ari diren gazteak dira aurrekoak. Hauek Moskuko Bolshoi Antzokian, Londresko Trinity Laban dantza eta musika kontserbatorioan, Madrilgo Mariemma dantza profesional erret kontserbatorioan, Victor Ullate dantza eskolan eta Valentziako dantza kontserbatorioan ari dira burutzen dantza ikasketak Bizkaiko foru erakundeari esker.

Izena duenak izana du: Protagonistak
Argazkia: David Herrero

Proposamenaren helburua dantzari hauen formakuntzan diru laguntzek duten garrantzia azpimarratzea zen. Aldi berean, batasun mezu bat bidali nahi izan zuten, lurralde historikoan lan handia egin duten dantza eskolen sarea balioan jartzeko.

Luxusko narratzailea

Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak egin zuen Izena duenak izana du balletaren gidoia, baina honez gain, eszenara igo eta narratzaile lanak egin zituen, euskal herriaren elezahar eta mitoak kontatzen zituen agure jakintsu baten azalean jarrita.

Ipuinetan bezalako jantziak eta antzezlekua

Teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak erabilita, mapping-aren bitartez, herria, Amariren kobazuloa eta dena inguratzen zuen magia bikaintasunez islatu zuten. Mario Jimenezen lana izan zen proiekzioak erabiliz eszenografia egitea. Honekin batera Kike Lopez izan zen argazki zuzendari lanetan, Oscar Andres ikus-entzunekoen zuzendaritzan, Yon Gijon atrezzoan eta Dineke Bakken eta Louise Flanagan jantzietan.

Garai guztietako musika euskalduna

Produkzio berri honen soinu-banda Mikel Laboaren, Iñaki Salvador pianistaren eta Oskorri, Elfenthal (Maite Itoiz eta John Kelly) eta Kez Zazpi taldeen abestiek osatu zuten. Azken honen Ilargia abestia Fenando Velazquezek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat egindako bertsioan aurkeztu zen.

Eskoleri omenaldia

Bizkaiko dantza eskoletako 81 ikasle batu zituen ikuskizunak eszenatokian (Leioako Andoni Aresti Dantza Eskola, Durangoko L' Atelier dantza eskola, Carmen Vera ballet estudioa, Ana Lara Dantza Eskola, Cdart Ana Rosa Tercero dantza zentrua, Olaeta dantza eskola, Roser Carres balet eskola eta Ana Maria Aurrecoechea ballet estudioa). Ikuskizunaren amaierako apoteosian guztiek dantza egin zuten, zortzi ikasle bekadunekin eta Munich-eko operako bikote dantzariarekin batera.

Izena duenak izana du: Talde guztia
Argazkia: David Herrero

Zazpi minutuko txalo zaparrada

Euskalduna Jauregiko entzutegian bildutako jendetzak zazpi minutu iraun zituen txalo zaparrada luzearekin saritu zuen ikuskizuna.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iratxe de Arantzibia

Iratxe de Arantzibia

Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna