Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iratxe de Arantzibia Lucia Lakarra: “Ikuslearen bihotza ukitzea da utzi nahi dudan ondarea”

Dokumentuaren akzioak

Lucia Lakarra: “Ikuslearen bihotza ukitzea da utzi nahi dudan ondarea”

Lucia Lakarra: “Ikuslearen bihotza ukitzea da utzi nahi dudan ondarea”

Lucia Lakarra, bere bizitzako lehen ikastaroan, Rosella Hightowerrekin. Tarragona, 1986. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

DANTZANentzat esklusiban, Lucia Lakarrak bere ibilbideari errepasoa eman dio, eta etorkizuneko proiektuei buruz hitz egin digu.

Bere amaren bitxiontziak begien aurrean dantzari bat jarri zion bizitzan lehen aldiz. Baina bere sorterrian ez zegoen ballet estudiorik. Halako zaletasun goiztiarra baretzeko, Tarragonako ikastaro batera eraman zuen amak. Ez zitzaion jokaldia ondo atera, Lucia Lakarraren (Zumaia, 1975) patua balletaren historiako orri bat idaztea zelako. Formazioa Mentxu Medelekin Donostian eta Victor Ullaterekin Madrilen egin zuen, eta Ullateren beraren konpainian egin zuen debut profesionala 1991n.

Lucia Lakarra Nijinsky saria 2002 Monako
Lucia Lakarra, Nijinsky saria jasotzen, Monakoko Alberto printzearekin, 2002. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Bere barne-termometroa aurkitu eta Marseillako Ballet Nazionalera gidatu zuen (1994-1997). Bertan Roland Petitekin eraldatu egin zen. San Francisco Balletean (1997-2002) bere burua probatu zuen, eta Municheko Operako Balletean bizi izan zuen aro egonkorrena (2002-2016).

Palmares desiragarria lortuta –Nijinsky saria, Benois de la Danse, Espainiako Saria edota Hamarkadako Dantzaria–, dantzari gisa izandako lorpen handienetakoa Vienako Urte Berri eguneko kontzertu sonatuan Danubio urdina zuzenean dantzatu duen lehen dantzaria izatea izan zen, 2007an.

42 urterekin, bi urteko Laia alabaren ama zoriontsua da, eta bere ibilbide profesionala freelance gisa kudeatzen du Marlon Dino senarrarekin batera. Duela dagoeneko hogeita sei urte Cadizen hasi zuen agenda, emanaldiz betetzen segitzen du.

Nolako une profesionala bizi duzu?

Oso ondo sentitzen naiz, aldaketa bat bizitzen ari naizelako, urte asko lau konpainiatan pasata, bereziki azken hamalauak konpainia berean. Azkenik, nire ibilbidearen gidaritza hartu ahal izan dut. Nire egutegiaren jabe sentitzen naiz. Bizimodu erabat desberdina da: aukeratzeko askatasun handiagoa dut, baina diziplina askoz gehiago eskatzen dit inork ez nauelako entseatzera behartzen. Konpainiekin ezin egin izan ditudan gauza esperimentalagoak egiteko aukera ere eman dit, haiek gutxinaka aldatzen dutelako beren errepertorioa. Eszenan hainbeste urteren ondoren, luxua da hori egin ahal izatea.

Berdin dantzatzen da hogei urterekin ala berrogeirekin?

Dantzaren bidegabeko alderdia da hogei urterekin energia, indarra eta gaitasuna izatea, baina ez berrogeikoen eskarmentua. Hogeirekin garrantzia bakarkako edo bikoteko-lanari bakarrik ematen diozu. Berrogeirekin, une txikiekin beste hainbeste edo gehiago gozatzen dut, eszenatokian edota pantomiman sartzeko moduaren gisako txikiekin. Eta badira heldutasunera iritsitakoan askoz hobeto egiten diren rolak: zeure burua hobeto ezagutzen duzu, eszenarioan lasaitasun handiago duzu, ez zara ari ezer erakutsi nahian, gozatzea duzu helburutzat, badakizulako zer den hobekien eta okerren egiten duzuna, eta zein diren zure ezaugarriak. Berrogeirekin, badakizu zein zaren; hogeirekin zure buruaren bila ari zara. Gozamena da, eszenatokira ongi pasatzera ateratzen zarelako, ez zeure buruarekin lehiatzera.

Lucia Lakarra Victor Ullate Balleta 1991 02
Lucia Lakarra, Victor Ullateren Balletean, 1991. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Eszenarioak utzitakoan zer egingo duzun planteatu diozu zure buruari?

Ez zait burutik pasa ere egin oraindik. Haurra nintzenetik, beti esan izan dut eszenario baten gainean egon nahi nuela. Natalia Makarovaren Beltxargen aintziraren bideoa ikusi nuenean, esan nuen: Ama, nire lana eszenarioa dantzatzea izatea nahi dut, nahiz eta azken lerroan izan, guztiak ederrak direlako”. Guztiak magikoak iruditzen zitzaizkidan. Erdialdetik aurrera dagoena, bakarlaria edota bikotea egin zezakeena izan nintekeenik pentsatzen ere ez nintzen ausartzen. Dena izan da satisfakzioa, eta erabat aseta sentitzen naiz. Alde horretatik, ez daukat inolako saminik, ezta frustraziorik ere. 2009an belauna hautsi zitzaidanean, ezin izan banu gehiago dantzatu, pena sentituko nukeen, baina ez nukeen frustraziorik sentituko.

Artista gisa, zein ondare utzi nahi zenuke?

Ez dut inoiz sentitu nire atzetik ondare bat uztea pentsatzeko adina garrantzitsua naizenik. Badakit, zentzu batean, Municheko Antzoki Nazionaleko ondare fisikoan geratuko naizela, dauden antzinako opera-kantarien koadroen artean bi dantzari bakarrik gaudelako: Konstanze Vernon eta ni. Nire kasuan, Marty Sohl argazkilariak Beltxargen aintziran ateratako argazki ezagunaren koadroa da. Ondaretzat ikuslearen bihotza eta sentokortasuna ukitzea baino ez dut utzi nahi.

Atzera begira, nola sartu zen zure bizitzan balleta?

Ez zen inongo momentutan sartu, ez zelako balletik esistitzen Zumaian. Hiru urterekin dantzan hasi nahi nuen, eta ez zen posible izan bederatzi bete arte. Nik neuk ere ez dakit zergatik. Amak beti esan dit bazuela Beltxargen aintziraren musikarekin bueltaka zebilkion dantzari bat zuen bitxiontzi bat. Nire alabak Youtuben bideoak ikusten orduak pasa ditzaken moduan, liluratuta geratzen nintzen dantzari hari begira. Behin eta berriz ematen nion giltzari. “Berriz, ama”. 1984an Espainiako telebistako El kiosko saioa ematen hasi eta Victor Ullateren eskolako nire adineko haurrak ikusten nituenean, negar egiten nuen oraindik klaserik ere ez nuelako jasotzen. Barruan nuen zerbait, zer eta nolakoa zen ez banekien ere.

Lucia Lakarra Benois de la Danse 2003
Lucia Lakarra Benois de la Danse saria jasotzen. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Bi urteren buruan dagoeneko Madrilen zeunden, Victor Ullateren eskolan, eta han egin zenuen debut profesionala. Nola gogoratzen duzu debuta?

1991ko apirilean egin nuen debuta, hamasei urte bete berritan. Allegro Brillante dantzatu nuen Cadizen. Ezin izan zen etxeko inor etorri. Zortea opatzeko liburuxka txiki bat oparitu zidaten. Hori nonbait jasota geratzea nahi nuen, eta data eta dantzatutakoa idatzi nuen. Ohitura bat bihurtu zen. Oraintxe, bidaietan gainean eramaten dudan liburu bat daukat. Zein hiritan nagoen, zein antzokitan, zer dantzatzen ari naizen eta ikuskizunean zer sentitu dudan jasotzen dut. Victor Ullateren bigarren ikastaroan entseguak ikustera joaten hasi nintzen merezidun gisa. Egun batean, Victor oso haserre zegoen gustatzen ez zitzaion zerbaitekin. Banaka hasi zen galdetzen ea koreografia bagenekien: Lucia, zuk badakizu?”. Eta baietz erantzun nion, baina nire buruak zioen: “Zer diozu? Ergela zara! Akatuko zaitu!”. Hasieratik hasi ginen, urratsez urrats. Entsegua bukatzerako banekien, eta bi asteren buruan dantzatu nuen.

Lucia Lakarra Victor Ullate Balleta 1991 01
Lucia Lakarra, Victori Ullateren Balletean, 1991. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Victor Ullatek beti nahi izan zuen aita-babesle gisa jokatu. Erabakiak hartzeko garaian, aitaren presentziaren falta sumatu izan duzu?

Ahizpak lau eta nik bi urte genituen aita hil zenean. Ama oso indartsua izan da, aitaren eta amaren lanak hartuta. Uste dut, Victorrek nigan sentikortasuna zuen haur bat ikusten zuela, lanerako, dantzarako eta adierazteko nituen moduengatik. Nik baino hobeto ezgautzen zuen dantzaren mundua. Berehala ohartu nintzen Victorrek akatsak zuzentzen zizkidala, eta nahi zuela ni ohartzea zer behar nuen. Zuzenketen beharraren gaineko kontzientzia hartu beharra dago, ahuldadeak zein diren jakiteko. Nire bizkarra, oso malgua da, hankentzako egokia, baina bestelako kontuak zailtzen dizkit. Oso langilea nintzen baita ere, eta hori asko gustatzen zitzaion Victorri. Sarritan atera izan nau klasetik, arratsaldeko zazpietan, goizeko hamarretatik gelditu gabe ari nintzelako. Adibide gisa erabiltzen zuen hori, harro zegoelako. Beti izan dut argi, atzo oso ondo dantzatu arren, gaur barra egin behar dudala eta klasean lan egin behar dudala, gorputza delako nire makina, nire tresna, eta egunero afinatu behar dudalako. Uste dut gurekin oso gogorra izan zela, berak ez zeuzkan gaitasunak antzeman zizkigulako, eta hain urrutira eraman gaituen lana muinetaratu nahi izan zigun. Ikusten zuen nik banuela diziplina hori.

Lucia Lakarra Victor Ullate Balleta 1991 03
Lucia Lakarra, Victor Ullateren Balletean, 1991. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Nolatan erabaki zenuen Victor Ullateren Balleta uztea?

Ez nintzen joan arazoren bat nuelako, edo Victorrekin haserre nengoelako. Badut barne-termometro bat. Lanean ari naizenean munduko pertsona zoriontsuena naiz, beti egin nahi izan dudana ari naizelako egiten. Bat-batean, egun batez, ezinegona sentitzen hasi nintzen, ez nintzen erabat gustura sentitzen eta beldurtu egin nintzen. Gertatu zitzaidan lehen aldian, hainbeste izutu nintzenez, dantzatzeari utzi nion. Gorputzak mezu asko bidaltzen dizkit. Garai hartan, barizela harrapatu nuen. Hilabetez, munstro bat ematen nuen, berrogei graduko sukarrarekin. Utzi egin nuen, baina hobeto sentitzen hasi nintzenean, Mentxurekin klase batzuk egitera joan nintzen. Audizioak egitea planteatu genuen, Boris Traline dantzariaren eta ordezkariaren deia jaso nuenean: Roland Petit norbaiten bila dabil. Victor Ullate urtarril amaieran utzi nuen, El amor brujo estreinatzekotan zirenean, eta martxo amaieran dagoeneko Marseillan nengoen.

Lucia Lakarra eta Roland Petit
Lucia Lakarra eta Roland Petit. Argazkia: Fede Merino

Marseillako Ballet Nazionalean Cyril Pierre ezagutu zenuen, urte askotan dantza eta bikote kide izan zenuena.

Hamahiru urte egin genituen elkarrekin eta niretzat funtsezkoa izan zen. Cyrilekin asko ikasi nuen, eta asko gozatu nuen dantzan. Victorrekin ez genuen pas de deuxik lantzen, eta ni Angelekin [Corella] dantzatzen ohituta nengoen. Bat-batean Cyrilekin egin nuen topo: mutil garaia, sendoa eta partenaire bikaina. Esaten zidan: ez, gauzak egiten utzi behar didazu, guztia bakarrik egiten saiatzen zarelako. Hamahiru urte izan ziren, eta dena amaitzen da, baina izan zena oso ondo egon zen.

Lucia Lakarra eta Cyril Pierre Vienako Urte Berri kontzertua 2007
Lucia Lakarra eta Cyril Pierre, Vienako Urte Berri Eguneko kontzertuan dantzan, 2007. Argazkia: ORF

Zergatik erabaki zenuen San Francisco Balletera joatea?

Victorren garaiko termometro berak adierazitakoagatik. Oso gustura aritu nintzen Rolandekin, ikasten, jabetzen, aurkitzen… Arazoa zen hiru urtera Rolanden rol guztiak banekizkiela. Inoiz ez nuen ballet klasikoa dantzatu, klasikoak dantzatzea falta zitzaidala jakinda, Elisabetta Terabustekin konpondu zen Milanera Beltxargen aintzira dantzatzera gonbida nindezan. Han esan nion nire buruari: bada sartu ez naizen mundu oso bat. Ez badut orain egiten, ez naiz hogeita hamar urterekin hasiko. Koreografo baten konpainia batean geratzen banaiz, koreografo baten dantzaria izango naiz. Cyrili esker San Francisco Balleta aurkitu nuen, errepertorioan klasikoak, neoklasikoak, George Balanchineren eta Jerome Robbinsen balletak dituen eta urtero koreografia berri bat egiten dituen konpainia. Ikasketa-esperientzia oso bat izan zen konpainia zoragarri hartan aritzea, errepertorio apartarekin eta primerako hiri batean. Batez ere, dantzari artistikotzat eta dramatikotzat hartzen ninduten, baina bestelako balletak ere egin nituen.

Nolanahi ere, beti pentsatu izan zenuen Europara itzultzea. Hala egin zenuen Municheko Operako Balletera joan zinenean.

Lucia Lakarra Beltxarga zuria 1999
Lucia Lakarra, Beltxarga zuriaren papera jokatzen. Argazkia: Marty Sohl
1997ko abenduan, San Franciscon hasi eta gutxira, Londreseko Coliseumeko emanaldiaren ondoren Ivan Liskarekin zerbait hartzen ari nintzen. Hurrengo urteko irailean Municheko Operako Balleta zuzentzen hastekoa zen, eta kontratua eskaini zidan. Hiru hilabete daramatzat San Franciscon eta ez da zuzena, ez haientzat, ez niretzat, denboraldi amaieran banoala esatea, erantzun nion. Oso ondradua izan nintzen Ivanekin, baina esan nion baita ere banekiela Europara itzuli nahi nuela, egoitza bat eta etxe bat izan nahi nituelako. Handik bost urtera, Europatik deskonektatuta sentitzen nintzen eta barruko termometro hori sentitu nuen.

Han ezagutu zenuen Marlon Dino, zure dantza-kidea, senarra eta zure alabaren aita.

Bizitza idatzita dago. Atzera begiratzen duzunean bakarrik dakizu hori. Aurrera egiteko, erabaki bat hartu behar duzu eta inoiz ez dakizu oker zauden edo ez. Erabakia zuzenean hartu behar da: akatsa bada, irakatsi egingo dizu. Etorkizunean, konturatuko zara zauden tokira iristeko balio izan dizula. Inoiz ez dut erabaki bat hartzeko beldurrik izan. Atzera begirako azterketan, badirudi bidea diseinatuta zegoela. Munichera 2002ko abuztuan iritsi nintzen, eta Marlon ere bai. Dantza-taldean egiten zuen lan berak, eta nik lehen dantzari gisa, baina konpainian gora egiten hasi zen. Guztia hasi zen Kenneth McMillanen Song of Earth entseatzen. Cyrili oin-zolako lotailua hautsi zitzaion. Entsegua orkestrarekin zen eta ezin zen gelditu. Marlon eserita zegoen, eta esan nion: Badakizu? Bai? Bada aurrera. Marlonekin beti gustura sentitzen nintzen dantzan. Instintiboegia zen kasualitatea izateko.

Lucia Lakarra eta Marlon Dino Dama Camelias
Lucia Lakarra eta Marlon Dino, Dama Camelias dantzatzen. Argazkia: Anton Faraonov

Dantzari baten Damoklesen ezpata lesioak dira. Onartzen duzu prezioa?

Ziurrenik... noski. Egin dudan guztiagatik gorputzak faktura eskatzen badit, mea culpa esan dezaket. Baina bada esker gutxiagoko lanak egiten dituen jendea, eta hari ere faktura eskatzen die, bizitza osoan gustuko ez zuten lan bat egiten sufritu dutenean. Artritisa izango ote dudan? Ziurrenik bai. Momentuz, badaukat? Ez. Dudan abantaila da dantzan aritzeko egindako gorputza dudala. Ordainduko dut, ziur, normala da, baina merezi izan du.

Emanaldiaren aurreko erritualik baduzu?

Egin beharreko hainbat lan nik egiteko ohitura dut, batez ere, makilatzeko ordua eta berotzeko ordua. Hori baino gehiago, argazkiak ditut. Cadizen, lehen emanaldi profesionala egin nuenean, ezin izan zen etxeko inor etorri. 16 urterekin, sentitu nuen etxean ez zela inor egongo. Senari segika, bi argazki hartu nituen: Zumaiako Arritokietako Ama Birjinarena, eta nire gurasoen argazki bat. Gaur egun, noan tokira joanda ere, egon Tokion, Moskun, Londresen edo beste inon, bi argazkiok jartzen ditudan unetik aurrera, kamerino hori nire etxea da.

Zure ustez, nolakoa da euskaldunok dantzarekin dugun harremana?

Sinetsita nago mundu osoan barreiatuta dagoen Euskal Herriko dantzarien talentu handiak lotura zuzena duela dantza tradizionalarekin, azken batean balletaren sustraian baitago. Balletera egokituta ditugu urrats guztiak. Guretzat, dantza adierazpide bat izan da, ospakizunerako modua, gure kultura bizitzeko modua. Alemanian dantza ez daukate beren sustraietan, horregatik hotzagoak dira, dantza kalkulatuagoa daukate, hotzagoa da, teknikoagoa, modernoagoa, esperimentalagoa. Ez da adierazteko modu bat, zoriontasunerako, zarena izateko. Horregatik dugu euskal dantzariok halako estimazioa.

Lucia Lakarra Rosella Hightower ikastaroa 1986 Tarragona 02
Lucia Lakarra, Rosella Hightowerren ikastaroan. Tarragona, 1986. Argazkia: Lucia Lakarrak utzitakoa

Eranskina: Lucia Lakarrari egindako elkarrizketaren jatorrizko bertsioa (pdf)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iratxe de Arantzibia

Iratxe de Arantzibia

Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna