Dokumentuaren akzioak
Danseur Noblea, bertutez betetako printzea
Gerardo Viana eta Iratxe de Arantzibia. 2007ko apirilaren 27an, Bilbon. Argazkiak: Iratxe de Arantzibiaren artxiboa.
Bi euskaldun balletaren historian
Zarautzen ezagutu nuen Primin Treku (Zarautz, 1930 – Donostia 2006) Erresuma Batura atzerriratu zen gerrako umea. Bertan Sadler's Wells Balleteko- 1956az geroztik Royal Ballet- Lehen Dantzari karrera egin zuen (1948-1961). Arrakasta nabarmenena “La fête ètrange”-en mutilaren papera izan zuenean lortu zuen. Horregatik aukeratu zuten Covent Gardenen bere azken emanaldirako (1961). Ninette Valois “nagusiari” buruz hitz egin zidan, Margot Fonteynen punta erakutsi, urrea bailitzan gordetzen zuena, eta hamaika anekdota kontatu zizikidan, berrogeita bost minutuko grabazioan, eman zituen azken elkarrizketetako batean, 2006ko urtarrilaren 30ean. Uztailaren 13an zazpi urte bete dira joan zela. “British”-a zen goitik behera, zine gentlemana, eta eszenatoki gainean Danseur Noblea zen Primin Treku.
Pirmin Treku eta Iratxe de Arantzibia, Zarautz, 2006ko urtarrilaren 30ean. Argazkiak: Iratxe de Arantzibiaren artxiboa.
Erregimen sobietarraren menpe bizitzeak guztiz bestelako izaera eman zion Gerardo Vianari (Ortuella, 1925 – Gasteiz, 2013). Gerrako umea izan zen hau ere, SESB izan zen bere helmuga eta ibilbide zabala izan zuen hainbat esparrutan. Frontean zauritu zuten, eta horrek dantzari karrera garatzea galarazi zion, baina koreografo izan zen eta “Miniaturas Españolas” (1967) sortu zuen Kirov-entzat; obra horrekin hainbat bira egin zituen Sobietar Batasuneko zenbait errepublikatan. Errusiako Maisu Emeritu izan zen eta Arte Ederren Domina (1994) jaso zuen, zilarrezko bereizgarriarekin, bere izena berrogei aldiz agertzen dan Ballet Klasikoaren Entziklopedia Errusiarrean. Elkarrizketa Gasteizen zuen etxean egin nion 2006ko ekainaren 17an, 1992tik bizi zen hirian bertan. Vianarekin hitz egitea, Errusiako dantzaren mundu zabal eta aberatsaz ikasteko aukera bat zen. Natalia Dudinskaya, Rudolf Nureyev edo Mikhail Baryshnikov bezalako izenak naturaltasun osoz agertzen ziren jardunean. Gizon adeitsu eta eskuzabala zen Gerardo. Gabonetan beti bidali ohi zuen Christmas bat edo telefono dei bat. Hitz egin genuen azken aldian, “Danseur Noble”-aren irudiari buruzko nire erreportaje bidaliko niola agindu nion, izan ere, hala deitzen zaien hainbat interprete jatorri errusiarrekoak ziren, eta berak ezagutu egiten zituen. Zoritxarrez, “DanzaBallet. Revista de Collección”-en 6. zenbakia ez zen argitaratu, espero zenaren kontra. Eta ezin izan nuen agindutakoa bete.
Erreportaia hau Gerardo Vianaren memorian idazten dut, eta Primin Treku ere gogoan dudala.
Euskaldunaren hitza, legezko hitza.
Danseur Noblea, bertutez betetako printzea
Pavel Gerdt izan zen Errusiako Ballet Inperialeko “Premier Danseur Noble”-a 56 urtez.
Iratxe de Arantzibia
Ballet-zalek, kritikoek eta Terpsikoreren artean adituak direnek Danseur Noble adierazpena erabili izan dute tradizionaki interpretazioetan noblezia erakusten duten dantzariak izendatzeko. XX.mendean izen hori erabili ohi zen grazia eta trebezia teknikoa, antzerkiak eta paperak eskatzen zuen dramaturgia batzen zituzten dantzarientzat. Aditu gehienentzat Danseur Noble-a ez da Lehen Dantzaria soilik, izendapen hori merezi ahal izateko gehigarri berezi bat eduki behar du; nahiz eta zenbaitek Danseur Noble terminoa Prima Ballerina femeninoaren pareko maskulinotzat erabiltzen duten.
Luzea da dantzaren historian zehar Danseur Noble deitu izan zaien interpreteen zerrenda, baina kalifikazio hori jaso duten ia hirurogei interpreteak balletaren sorleku garrantzitsuenen inguruan bildu daitezke: eskola errusiarra (Mariinsky eta Bolshoi), eskola frantsesa (Parisko Operako Balleta), eskola daniarra (Danimarkako Ballet Erreala), eskola ingelesa ( Vic-Wells Ballet, Londresko Royal Ballet) eta Amerikako bizigarri berria ( New York City Ballet eta American Ballet Theatre).
Historikoki izendapenaren erreferentzia historiko ziur eta zaharrena Pavel Gerdti dagokiona da (1844-1917), berak jaso baitzuen Errusiako Ballet Inperialeko Premier Danseur Noble titulua, San Petersburgoko Bolshoi Kamenny eta Mariinsky Antzokietan eta 56 urtez bete zuen kargu hori. “Blue Cavallier” (Zaldun urdina) goitizenaz ezaguna zen Gerdt; 1860an egin zuen debuta eta 1916an erretiratu zen ofizialki. Berak egin zuen printzearen papera “Loti ederra”(1890), “Intxaur-hauskailua” (1892) eta “Beltxargen aintzira” (1895) lanen estreinaldietan; Marius Petipa (1818-1910) eta Lev Ivanov (1834-1901) koreografoen eta Piotr I. Tchaikovsky (1840-1893) musikariaren arteko talentu elkarlanetik irten ziren hiru obra horiek. Antzerkiaren munduan inork ez zuen dantzariaren egiazko adina ezagutzen, eta galdetzen ziotenean 23 urte zituela esaten zuen. Dizipulu izan zituen Michel Fokine, Vaslav Nijinsky, Tamara Karsavina, George Balanchine eta Anna Pavlova.
Gerdt-en ikasle guzti horiek eragin zuten, hain zuzen ere, mugimendu iraultzaile orokor bat dantzaren munduan: Ballet Errusiarrak (1909-1929), Sergei Diaghilev (1872 -1929) sustatzaileak sortu zituenak. Konpainia hark hainbat Danseur Noble izan zituen bere dantzarien artean: Vaslav Nijinsky (1890-1950) “Dantzaren Jainko”-tik hasita, interprete miresgarria zen, saltoetarako gaitasun famatua zuen, eta koreografo polemikoa izan zen “L’après-midi d’un faune” (1912) edo “Le Sacre du Printemps” (1913) gogoangarriei esker. Izendapen bera jaso zuten halaber, Ballet Errusiarretako beste kide batzuek: Leonide Massin-ek (1896-1979), “Parade” (1917) eta “El sombrero de tres picos” (1919) sortu zituenak; Serge Lifar-ek (1904-1986) “Apollon musagète” (1928) eta “Seme iriolea” (1929) lanetako erabateko protagonista izan zenak -George Balanchineren (1904-1983) koreografiak biak-; Adolph Bolm-ek (1884-1951) Estatu Batuetara joan eta American Ballet Theatre-aren (ABT) sortzaileetako bat izan zenak; Anton Dolin-ek (1904-1983), Vic-Wells Balleten -Londresko Royal Balletaren aurrekaria igarotako denboran Alicia Markovaren (1910-2004) bikote ahaztezina izan zenak eta berarekin batera London Festival Ballet -gaur, English National Ballet- sortu zuenak, Pavlovaren kidea Parisen pasatako denboran, Bolshoi-aren zuzendaria 1917an eta AEB-tan erbesteratua Urriko Errusiar Iraultza (1917) eta gero, herrialde horretan balletaren oinarriak ezartzen lagundu zuenak berak; eta Theodore Kosloff-ek (1882-1956), konpainiako kide zen Natacha Rambovarekin (1897-1966) Rodolfo Valentino aktorearen bigarren emazte izango zena- izandako harreman sentimentalagatik ezagunak, eta gero Hollywoodeko aktore bilakatu zenak.
Noblezia garai sobietarrean
Mariinsky Antzokio Balleta (San Petersburgo), 1783an sortua eta garai sobietarrean Kirov Ballet izenaz ezagutzen zena, eta Bolshoi Balleta (Mosku), 1776an sortua, ziren balletaren oinarriak, Errusiar Inperioan lehenengo eta SESB-en (1922-1991) gero. Horregatik Danseur Noble titulua izan duten hainbat dantzari bertan egon dira. Moskun, hau da Bolshoi Balletean, interpretazioen nobleziagatik nabarmendu ziren ondorengo dantzariak: Vasily Tikhomirov (1876-1956), “Mitxoleta gorria”-ren (1927) – gai moderno eta iraultzailea zuen lehen ballet sobietarra dela esaten denaren- koreografoa; Asaf Messerer (1903-1992), errretiroa hartu ostean maisu ospetsua izan zena, eta teknika klasikoaren irakaskuntzarako “Ballet klasikoko eskolak” eskuliburuaren egilea; Nikolai Fadeyechev (1933-), Galina Ulanova-ren (1910-1998) eta Maya Plisetskaya-ren (1925-) partenaire izandakoa; Māris Liepa (1936-1989) moskuko konpainian “On Kixote”-ko Basilio-ren paperean debuta egin zuena, Leonid Lavrovsky zuzendariaren eskutik, eta “Giselle” obran egindako Albrecht dukearen paperagatik oso ezagun egin zena; Vladimir Vasiliev (1940-) Munduko Dantzari Onenaren Urrezko Domina jaso zuen lehena eta Fyodor Lopukhov koreografoaren esanetan “Dantzako Jainko bat... artearen mirari bat, perfekzioa” zena; eta Irek Mukhamedov (1960-) “Spartacus”-eko protagonista papera egin duen dantzaririk gazteena eta Yuri Grigorovich-en gogokoenetakoa, Londresko Royal Balleteko gonbidatu izan zena gainera.
San Petersburgoko Kirov Balletak ere (Ballet del Teatro Mariinsky) dantzako printzeak ere ekarri dizkio munduari, rol gogoangarriak noblezia osoz bete dituztenak. Horren adibide dira Konstantin Sergeyev (1910-1992), Natalia Dudinskaya-ren (1912-2003) senarra eta 30 eta 40. hamarkadetan Galina Ulanova-ren partenaire izandakoa, elkarrekin “Romeo eta Julieta” (1940) egin zuten Leonid Lavrovskyren koreografiarekin; Askold Makarov (1925-2000) interprete garrantzitsua izan zena 60 eta 70. hamarkadetan, eta SESB-eko Herriaren Artista izendatu zutena (1983); Yuri Soloviev (1940-1977), “Yuri Kosmikoa” goitizenaz ezaguna zena, eta Nijinsky-rekin alderatu zutena bere teknika eta goratzeagatik, Txori Urdina, “Loti Ederra”-ko printzea eta “La Bayadère”-ko Solor izan ziren bere rol ezagunenak; Farukh Ruzimatov (1963), Yulia Makhalina-ren eta Larissa Lezhnina-ren partenaire famatu izan zena, eta San Petersburgoko konpainian egotea ABT-ren gonbidapen batekin bateratu zuena.
Izan zen Bolshoi Balleta eta Kirov Balleta txandakatu zituenik ere, dantzatzen zuten lekuan dantzatzen zutela, Danseur Noble aitortza jasotzen zutenak: Pyotr Gusev (1904-1987), zeinari esker apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Egun bihurtu baitzen; Aleksey Yermolayev (1910-1975), maisu bihurtu zena eta ondorengo figurak ikasle izan zituena: Alexander Godunov, Vladimir Vasiliev, Māris Liepa, eta Vakhtang Chabukiani (1910-1992), azken honek errepertorio maskulinoan izan duen eragina- atletikoagoa eta bertutetsua teknikaren ikuspuntutik- oinarrizkoa da, esaterako “La Bayadère”-eko Solor edo “Le corsaire”-ko pas d’esclave-n.
Behin garai sobietikoa amaituta, gaur egun, Mariinskyk zein Bolshoik dantzari zinez bertutetsuak dituzte, Danseur Noble terminoa jasotzeko duintasun osoa dutenak. Moskuko taldean, aipagarriak dira Sergei Filin (1970-)- egun Bolshoi-ko zuzendari artistikoa dena-, Nikolay Tsiskaridze (1973-) eta Ivan Vasiliev (1989-), Mikhaylovsky Antzokiko Balletak (San Petersburgo) orain gutxi fitxatu duena, gaur egun Nacho Duatok zuzendua. Mariinskyn, Igor Zelensky eta Igor Kolb (1977-) gailentzen dira.
Hiru desertzio entzutetsu
Badaude balletaren maitaleen taldeetatik harago ikono mediatiko bihurtzen diren dantzariak ere. Hori da eszenatokian zinez Danseur Noble izan diren ondorengo interprete hirukote sobietar honen kasua, zorte txikiago edo handiagoa izan bazuten ere.
Rudolf Nureyev (1938-1993), kritiko askoren iritziz XX. mendeko dantzari onena izan zen, eta bere izena “dantzari bikain”-en sinonimo bihurtu zen. Kirov-eko dantzari Nagusia zen, baina 1961ean ez zen Parisko aireportura agertu, bere konpainia lur sobietarrera bueltan eraman behar zuen abioia hartzera. Geroago, Londresko Royal Balleten arrakasta handia izan zuen; Margot Fonteyn-ekin (1919-1991), bikote hilezkorra osatzen zuen; Parisko Operako Balleteko zuzendari izendatu zuten 1983an, eta bertako eszenatokian- Garnier Jauregian- jaso zuen azken txaloaldia, hil baino egun batzuk lehenago.
Mikhail Baryshnikov (1948-) Clive Barnes kritikoaren esanetan “inoiz ikusi den dantzaririk perfektuena” zen. Bakarlari gisa debuta Kirov-en egin zuen 1966an, “Giselle” obran, eta dantzari nagusi mailara igo zuten bi urte geroago. SESB-en Merituari Saria jaso zuen dantzari gazteena izan zen eta garai hartan bere bikotea, Irina Kolpakova izan zen, askoren ustez bizi den dantzari klasiko onena dena, “Loti ederra”, “Intxaur-hauskailua”, “Giselle”, “Coppélia”, “On Kixote” eta “Parisko sugarrak” bezalako lanetan aritu zen. Roland Petit-ek (1924-2011) Kanadan bira izugarri bat egitera gonbidatu zuen, eta aukera hori aprobetxatu zuen Baryshnikovek Toronton babes politikoa eskatzeko. Dantzari Nagusi izan zen ABT-n (1974-1979) eta New York City Ballet-arekin (NYCB) ere lan egin zuen; gero aurrekora bueltatu zen zuzendari artistiko izateko (1980-1990). Geroago, White Oak Dance Project sortu zuen Mark Morrisekin batera, eta zuzendari artistiko izan zen hamar urtez baino gehiagoz (1990-2002). Aldian aldian, filmetan eta telebista saioetan aritzen zen aktore; Baryshnikov-en dantzatzeko modua “testu liburuetakoa” zela esan ohi zuten, teknika bikaina eta rolak egiteko zuen suhartasunagatik..
Alexander Godunov-ek (1949-1995) ez zuen 1979an, desertzioaren ostean, hainbesteko zorterik izan; Bolshoiko izarretako bat izan zen. Hain zen hala, ezen bere desertzioak istilu diplomatiko bat sortu baitzuen Jimmy Carter presidente amerikarraren eta Leonid Brezhne errusiarraren artean. KGB-ak dantzariaren emazte zen Ludmila Vlásova, Moskuko dantza taldean bakarlari zena, hegazkin batean sartu zuten eta lurrean geratu behar izan zuen hiru egunez. Antza denez, Vlásovak ez zuen Godunov erbestera lagundu nahi izan. Bikotea 1982an banandu zen. Godunov Dantzari Nagusi bezala aritu zen ABT-n, baina azkenean, zinea aukeratu zuen, eta bigarren mailako paperak egin zituen besteak beste “Witness” (1985), “The Money Pit” (1986) edo “Dei Hard” (1988) filmetan. Esamesen prentsan ezagun egin zen Jacqueline Bisset aktorearekin izandako harreman sentimentalagatik, eta biek Eguberriak zoriondu zizkieten Espainiako ikusleei cava marka katalan famatu baten iragarkian (1986).
Bournonville-ko printzipeak
August Bournonville-n (1805-1879) teknika zorrotzak, eskola daniarraren sortzailearenak, Danseur Noble paradigma ederrak sortu izan ditu. Bereziki aipagarria da Erik Bruhn (1928-1986), askoren iritziz Danseur Noblearen eredu izan dena. Danimarkako Ballet Errealeko izarra zen, eta ABT-n, Albrecht dukearen paperean, gonbidatu gisa egin zuen debutari esker hainbat laudorio jaso zituen; esaterako, John Martin kritikoaren hitz hauek: “gaurkoa historia liburuetan agertzeko moduko eguna izan da, “Giselle” handiak bere konfiantza sakratuena biharko Albrecht handienari eman izan balio bezala”. Gazterik hil zen, biriketako minbiziaren ondorioz. Hil ostean jaso zituen laudorioen adibide da John Rockwell-ena: “gizonezko rolen dotoreziaren epitome izan zen, eta beragan gehien nabarmentzen zena interpretazioen sentsibilitatea eta teknika bertutetsua ziren. Aktore poetiko gisa, egin zituen protagonista paperen maila are bikainago bihurtzeraino igo zuen”.
Henning Kronstam (1934-1995) hamasei urte zituela ikastun bezala sartu zen Danimarkako Ballet Errealera, eta bost urteren buruan Bakarlaria zen dagoeneko. Konpainia daniarraren errepertorioa menderatu zuen eta bere ibilbidean zehar 120 roletik gora egin zituen, tartean, sir Frederick Ashton-en (1904-1988) “Romeo eta Julieta” (1955) filmean Romeoren papera sortu zuen. Peter Martins (1955-) talde daniarreko eta NYCB-ko Dantzari Nagusi izan zen; “Apollo” eta “Intxaur hauskailuko” zaldunaren paperetan nabarmendu zen batez ere. Suzanne Farrell-ekin osatu zuen balleterako bikotea.
Britainiaren eta kolonien dotorezia
Eskola ingelesak ere egin dio bere ekarpena balletaren historiako Danseur Nobleen zerrenda distiratsuari. Robert Helpmann (1909-1986) australiarra, biran zegoen Anna Pavlovaren konpainiarekin 1926an debuta egin ostean, Vic-Wells Ballet-eko eskolan sartu zen- gaur egun Londresko Royal Ballet denean- Ninette de Valois-ek zuzenduta. Konpainiarekin bat egin eta Dantzari Nagusi izatera iritsi zen, Margot Fonteyn-en bikote izan zen eta Ashtoneko balletetan hainbat rol sortu zituen. Bere dantzari ibilbidearen puntu altuena talde britainiarrak Ameriketan egin zuen biran lortu zuen, Fonteyn-ekin batera “Loti ederra” obran egindako lanagatik. 40. hamarkadan “The red shoes” (1948) filmeko aktore eta koreografo izan zen. Sorterrira bueltatu zen 1965ean, eta bertan Australian Balleta zuzendu zuen, elkarlanean.
Fonteynen bikote izan zen beste bat, Michael Somes (1917-1994) ingelesa, “mendearen bigarren erdiko dantzari britainiar onena” bezala definitu zuten. Ashtonen obretan 24 rol original sortu zituen, eta konpainiako interprete protagonista nagusia izan zen 1951an hasi eta 1962an Nureyev agertu zen arte. Anthony Dowell (1943-) londrestarra 1961ean sartu zen Royal Balletean, Dantzari Nagusi izatera pasa zen eta konpainiaren izarretako bat izan zen 70 eta 80. hamarkadetan. Bikote artistikoa osatu zuen Antoinette Sibley-rekin. Ashton-en “The Dream” laneko Oberon paperean nabarmendu zen eta “Beltxargen aintzira” filmatu zuen ginezko protagonistaren paperean, Natalia Makarova-k Odette/Odile-ren papera egiten zuela. Royal Balleteko zuzendari artistikoa izan zen 1986tik 2001era, eta gaur egun ere lotura gordetzen du dantza erakunde eta proiektuekin.
Hurbilagoko garaietan, badaude Royal Balletarekin egin dituzten interpretazioei esker Danseur Nobletzat har daitezkeen dantzariak, besteak beste: Johan Kobborg (1972-) daniarra, Carlos Acosta (1973-) kubatarra, Federico Bonelli italiarra, Thiago Soares (1981-) brasildarra, Rupert Pennefather ingelesa eta Sergei Polunin (1989-) ukraniarra.
Amets Amerikarra
XX. mendean zehar, balleta finkatu eta garatu egin zen Mundu Berrian. Ondorioz, Terpsikoreren artean nabarmendu diren estatubatuarrak egon dira. Jacques d’Amboise-i (1934-), NYCB-ko Dantzari Nagusi izan zenari, Danseur Noble aitortza egin zioten; Ephaim izango da beti ikuslegoarentzat, “Siete novias para siete hermanos” (1954) filmekoa. Fernando Bujones (1955-2005) kubatarren semea, Miamin jaio zen, Floridan. ABT-n sartu zen 1972an eta bere belaunaldiko dantzari onenetarikoa zela esan ohi da; 19 urterekin egin zuten Dantzari Nagusi. Bera izan zen gainera jatorri latinoko interprete belaunaldi oso bati konpainia amerikarren bidea ireki ziona. “Dance Europe” aldizkariaren hitzetan, Bujonesen bizitza “zinemako gidoi baten antzekoa da, eta amets amerikarra du gai nagusitzat”. Haren pausuak jarraitu zituzten gaur egun erretiroa hartuta dauden Julio Bocca (1967-) argentinarrak, José Manuel Carreño (1968-) kubatarrak eta Angel Corella (1975-) espainiarrak, eta baita oraindik aktiboan dagoen Marcelo Gomes (1979-) brasildarrak ere. Era berean, Danseur Noble maila hartu dute talde estatubatuarrean, Ethan Stiefel (1973-) amerikarrak, orain gutxi erretiratu eta egun Zelanda Berriko Ballet Errealeko zuzendari artistikoa denak; eta gonbidatu gisa Vladimir Malakhov errusiarrak (1968-) Berlingo Staastsballet-eko zuzendari artistiko denak, eta baita Roberto Bolle (1975-) italiarrak ere.
Paris, balletaren sehaska
Historikoki “Ballet comique de la Reine”-en (1581eko urriaren 15ean) antzeztea hartzen da balletaren historiaren abiapuntu gisa, eta beraz pentsatzekoa da eskola frantsesak Danseur Noblearen eredu argiak eman dituela. Hona hemen Parisko Operako Balleteko adibide garrantzitsu batzuk: Manuel Legris (1964-), Vienako Operako Balleteko zuzendaria, Nicholas Le Riche (1972-) edo Stéphane Bullion (1980-) étoile frantsesak eta José Carlos Martínez (1969-) izar espainiarra, Dantza Konpainia Nazionalaren zuzendari dena.
Balletaren sehaska tradizionaletatik at, Danseur Noble gisan aipatu beharrekoak dira, Evan McKie (1983-)- Sttutgart Balleteko Dantzari Nagusia- eta Matthew Golding (1985-)- Amsterdam-go Het Nationale Ballet-eko Dantzari Nagusia- holandarrak.
Artikulu honetan izendatutako 56 dantzariek, bakoitzak bere modura, oinatz berezia utzi zuten edo uzten dute eszenatokiaren gainean, eta horregatik merezi dute Danseur Noble izena. Eszenatokian printzeen jokaera duten gizonezko dantzariak dauden artean, Danseur Noblearen figurak bizirik iraunen du, eta biziberritu eginen da Pavel Gerdt-ekin orain mende eta erdi baino gehiago hasi zen tradizioa.
Jatorrizkoa: Iratxe de Arantzibia: El Danseur Noble, un príncipe lleno de virtudes
Euskaratzea: Amaia Rodriguez
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Iratxe de Arantzibia
Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna