Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iratxe de Arantzibia 2016ko Dantzaren Hilabetea

Dokumentuaren akzioak

2016ko Dantzaren Hilabetea

2016/03/22 09:00
2016ko Dantzaren Hilabetea

Aurten 1660 dantzari izango dira Kontxako barandako barra klasiko erakustaldian. Argazkia: Iratxe de Arantzibia.

Apirilaren 29a, Jean-Georges Noverre (1727-1810) koreografoa, dantza modernoaren aitzindaria jaiotako eguna, aukeratu zuen UNESCOk 1982an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Erakunde horrek ofizialki babesten ditu munduko herrialde guztietako dantza mota guztiak Nazioarteko Dantza Batzordearen bidez. 1996. urtean Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea jaiegun horretan hasi zen oroitzeko hainbat ekitaldi antolatzen; horrenbestez, aurten hogeita batgarren aldiz, beren lanbidea omentzeko asmoz antolatuko ditu berriro jarduera egitarau berezi hauek.

Udaberriko dantza ikastaroak (Victoria Eugenia Antzokiko Dantza Aretoan, Martxoaren 29tik Apirilaren 2ra):Udaberriko ikastaroetan, izango ditugu dantza klasikoan Kalan Rocafull (hasiera maila, ertain/aurreratua maila eta puntak/errepertorioa).

Dantza kalean Alderdi Ederrean: Herritarrek dantzaz gozatu dezaten Dantza Kalean ikuskizunaren 10. edizioa izango dugu Apirilaren 9an, larunbata, 17,30etan. Bertan, jazz dantza, dantza garaikidea, neoklasikoa, flamenkoa, funky, hip-hop, eta ekialdeko dantza lantzen dituzten koreografiak eskainiko dituzte Elkarteko ikasleek.

Barra klasikoaren erakustaldia Kontxan: Bere lehenengo emanalditik 1997. urtean, Kontxako barandako barra klasiko erakustaldia “Dantzaren Hilabeteko” ospakizunik jendetsuena eta saihestezina bihurtu da. Guztira, 1660 dantzari izango dira (948 barra txikian eta 712 helduen barran, 13 herri ezberdinetatik, 28 dantza eskoletakoak eta 13 dantza irakasleen gainbegiradapean).

Aurtengo ekitaldian bi urteurren garrantzitsu biltzen dira. Alde batetik, ofizialki inauguratu zenetik ehungarren urtea betetzen du ikono bihurtu zaigun oraingo Kontxako barandak. Eta bestetik hogeigarren aldiz antolatu du GDPEk barra klasiko erakustaldia  Kontxako barandaz baliatuz. Hori dela eta, GDPEk, aurten, dantza ikasleak gonbidatu ditu esperientzia atsegin hau partekatzera eta hemen izango dira Vitoria-Gasteizko  “Jose Uruñuela” Udal Dantza Kontserbatoriotik, Nafarroako Dantza Eskolatik, Gaztela-Leongo  Dantza-Eskola Profesionaletik eta Logroñoko Dantzaren Etxea-tik  etorritako dantza ikasleak.

Aurten, apirilaren 10an, igandean 12,00etan hasita ikus ahal izango ditugu lehenengo dantzari gazteenek, 9 eta 12 urte bitartekoak. Jarraian, 12,45etan,        helduen txanda izango da. Kontxako badia ingurunean egonda, irakasleek eta ikasleek egun honetan kalera aterako dute beren ohiko barra saioa. Elkarteak Dantza jarduerari bihotz-bihotzez omenaldia egitearekin batera, babes gutxi duen diziplina artistiko horren existentziaren eta bizitasunaren arreta piztea du helburu nagusitzat. Aldi berean ez dugu ahaztu nahi ospakizun honek duen izaera sakon eta aldarrikatzailea.

Dantza eskolen erakustaldia Bastero kultur gunean (Andoain): Hurrengo Apirilaren 24an Andoaingo Bastero Kulturgunean Elkarteko Eskoletako 171 ikasleek eskainiko dute Eskoletako Dantza Erakustaldia. Ekitaldia 12,00etan hasiko da. Dantza erakustaldia zehatza izango da eta Gipuzkoako akademiek urteko beren lanaren zatirik onena eskainiko digute. 17 lan 14 eskoletatik ikusi ahal izango ditugu guztira, beste horrenbeste irakaslek sortuak. Egitaraua anitza eta ugaria izango da, eta balleta klasikoenetik hasita, joerarik modernoenak ere ikusi ahal izango ditugu.

XIV. ‘Dantza Sariak’: Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan ‘Dantza Sariak’  ekitaldiaren hamalaugarren emanaldia izango dugu.  Apirilaren 30an, larunbata, arratsaldeko 17,00etan, Elkarteak emango ditu aurtengo sariak. Ekitaldi honetan UNESCOk Nazioarteko Dantza Egunaren inguruan prestatutako 2016 agiria irakurriko da.

Dantzaren nazioarteko egunaren XX.gala:  “Dantzaren Hilabetea”ri bukaera emateko Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen du gala hau. Maiatzak 1an, igandea, ospatuko da 19,30etan Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Dantzaren Nazioarteko Egunaren XX. Galarako sarrerak antzokiko leihatilan salgai daude, eta baita ere Kutxabankaren interneteko sarreren salmenta zerbitzuan. Dantzarako zaletasuna sustatzeko asmoz, sarreren salneurria ez da garestia – 6, 10 eta 12 euro-.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iratxe de Arantzibia

Iratxe de Arantzibia

Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna