Dokumentuaren akzioak
Honela laguntzen dio gorputzak burmuinari ikasketa prozesuan
Gorputza ez da burmuinaren aginduen interprete hutsa. Ikasketa prozesuetan, kognizioa deritzon horretan, gorputzak berebiziko garrantzia du. Gorputza gobernatzen duten zentzumen sistemak eta motoreak ikasketa posible egiten duten prozesu kognitiboetan ere errotuta daude. Jesus Guillen neurozientzialariak hainbat argibide eskaini ditu gorputzak burmuinari ikasketa prozesuan nola eragiten dion, nola hobetzen duen azalduz.
Gorputza eta burua
Ariketa fisikoak ez dio bakarrik gorputzari eragiten, buru-osasunean ere onura handiak dakartza. Gorputz ariketaren bidez BDNF proteinaren jarioa areagotzen da. Proteinak honek plastizitate sinaptikoa, neurogenesia eta burmuinaren baskularizazioa hobetzen ditu, garunaren funtzionamendurako eta ikasketarako ezinbestekoak direnak. Ariketa fisikoak ikasleen errendimendu akademikoan eta garapen pertsonalareko oinarrizkoak diren hainbat prozesutan onurak eragiten ditu: hipokanpoaren funtzionamenduan, neurotransmisore garrantzisuen jariatzean eta burmuinaren funtzio exekutiboetan. "Adibidez, 9-11 urteko umeekin, jarduera akademikoa 4 minutuz eten eta gorputz ariketak egiteak ondoko egitekoan arreta eta garapen gaitasunean onura nabarmenak dakartza".
Neuroirudien bidez burmuinaren funtziomenduaz egindako ikerketak erakutsi dute lehen garapen eta ikasketan lotuta ageri direla prozesu motoreak eta kognitiboak. Funtzio ejekutiboak bideratzen dituen aurrealdeko kortexa aktibatzen denean, funtzio motorrak gidatzen dituen eremua, zerebeloa ere aktibatzen da. Ikasketa zailtasunak dituzten ikasleei ere motore zailtasunak antzematen zaizkie maiz.
Gorputzetik ikasi
Ikasketa prozesuak gorputzetik abiatzen dira gehienetan. Kontatzen ikasteko hatzak erabiltzen dituzte ume gehienek. Zentzumenak eta motrizitatea baliatzen ditugu kalkulo automatizatu eta buru-prozesua bihurtu aurretik. Umetan hatzak mugitzeko garatzen dugun zehaztasunak aritmetikarako gaitasunari eragiten dio. Ikerketek erakutsi dutenez, umetan zenbat eta hobeto erabili hatzak hobeto moldatuko dira ondoren matematiketan.
Gorputzek problema matematikoen konponbideak bisualizatzeko aukerak ematen dituzte. Adibidez, ariketa matematiko bat: "17 animalia 4 barrutitan antolatu behar dituzue, barruti bakoitzean animali kopuru bakoitiak ezarriz". Buruketa hori ikasleen gorputzen bidez errepresentatzean kalkulo matematikoa grafikoki bisualizatzeko aukera ematen du, eta horrek abstrakzio matematikoak eragin dezakeen antsietatea murriztu eta gaitasun aritmetikoa aregotzen laguntzen du.
Gorputza eta hizkuntza
Hizkiak hatzekin marrazten joatea ariketa emankorra da hizkuntzaren, irakurketaren eta idazkuntzaren ikasketa prozesuan. Letren formak garuneko hizkien kutxan gordetzen dira, baina letrak mugimenduan daudenean keinuei lotuta dagoen kortexaren eremua aktibatzen da, Exner eremua deitzen dena. Azalpenak ematerakoan eskuak mugitzeak informazio gehigarria aportatzen du eta ezagutza eta ulermena indartzen ditu.
Testu bat irakurri ahala, irakurtzen dutena gorputzarekin imitatzeak testua hobeto barneratu eta hiztegia aberasten dutela ikusi da. Hitz bat edo esaldi bat keinu batekin laguntzen dugunean errazago oroitzen dugu. Bigarren hizkuntzak irakasteko metodologian oso kontuan hartzen da estrategia hori, hitzak horiek irudikatzen dituzten keinuen bidez laguntzen direnean memorian sendoagoa errotzen baitira. Ondorioz, keinuen bidez adierazteko trebetasuna lantzeak ikasketa gaitasuna indartzen duela ikusi dute ikertzaileek.
Dantzarien burmuina
Dantzariekin egindako ikerketek erakutsi dute dantza bideo bat ikusten dutenean zerebroan hainbat eremu sentsorial eta motor aktibatzen zaizkiela. Bideoan ikusten dituzten dantza-mugimenduak ezagunak zaizkienean aktibazio hori oraindik handiagoa da. Horren adierazten du badugula sistema bat besteen gorputz mugimenduak gureekin lotzen dituena eta mugimenduok atzeman ditzakegula simulazio motorearen bidez. Hezkuntzara begira interes handiko aurkikuntza da hori.
Egiten ikasi
Ikasketa prozesu aktiboa da. Tamalez, hezkuntzan gorputza, mugimendua eta dantza ez dira ikasketa eta adimena hobetzeko gaitasuna duten jarduera moduan aintzat hartzen eta ikasketa akademikoa gorputzetik bereizitako jarduera moduan enfokatzen da gehienetan. Ikasleak eskolan diren denboraren zati handiena, jarrera pasiboan eta informazioa ikusmen eta entzumenaren bidez jasotzen pasatzen dute, baina hori ez da ikasketa modu eraginkorrena eta ez dator bat zerebroaren funtzionamenduaz neurozientzialariek dakitanarekin. "Egiten ikasi" ikasketa eredua sustatzen da, baina "egiten" horri gorputza eta mugimenduaren aktibazioa gehitzea falta zaio oraindik. Eta horretarako dantza tresna boteretsu eta eraginkorra da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Hezkuntza Dantzan
Jarriko dugu Hezkuntza Dantzan?