Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Escamot català-rekin dantzaren magia piztu zen berriz Espaloia kafe-antzokian

Dokumentuaren akzioak

Escamot català-rekin dantzaren magia piztu zen berriz Espaloia kafe-antzokian

2023/01/01 09:45

Abenduaren 9an jaso genuen Escamot català Elgetako Espaloia kafe-antzokian. Eta ohi bezala, dantzaren magia piztu zen. Hain da goxoa, gertukoa, lasaia, sortzen den giroa...

Ehundik gora lagun bildu ginen antzokira: hogeita zortzi ‘escamot’, inguru zabal batetetik etorritako dantzariak, eta herriko haur, gazte, familia eta helduak. Bereziki nabarmentzekoa da, esperotako dantzazaleez gain, herriko ez-hain-ohikoak biltzea. Batzuk talo goxoek erakarrita, dantzari begira (halakoak, urtero), baina batez ere, hainbat gaztetxo, guraso eta haur dantzan sartuta gozatzen. Escamot-en dantza-jaiak badu bere aztarna herrian…

Zazpietan abiatu zuten dantzaldia. Bederatzi t’erdietan, Julen Altzelairen eko-talo bereziak afaltzeko etena. Julen eta bere eko-taloak ere ohiko osagaia baitira talo-dantza jai honetan.

Ondoren, atsedena eta indarrak hartuta, elkar-trukerako unea. Escamot-tarrei zerbait eskaini nahi eta… “Euskal Herriko plazetarako dantza berriak” sorkuntzak Espaloian bertan aurkeztu berritan, haietako batzuk eskaini zizkien Patxi Monterok. Baita egitasmotik kanpoko beste ‘sorkuntza' batzuk ere: besteak beste, “Salta Catarineta”, Katalunian XVIII. mendean dantzatu zen kontradantza klasikoa, baina Euskal Herriko ohiko kadrile moldera ekarrita. Amaitu genuen, Joan Codinak txirulaz, Biarnoko La craba jauziarekin (buruz, urratsik markatu gabe) eta Zuberoako braliarekin (Joanek berak proposatuta, doinua ikasi berria zuela eta). Endika Ezkerrak gidatu zuen bralia aurreko eskuan. Ustez amaiera zen, baina jaso bitartean, han jarraitu zuten... batzuen eta besteen proposamenak, mazurkak, dantza kantatuak… gaueko giroa.

Hurrengo goizean, Intxortako frontearen interpretazio gunera eta lubakietara bisita gidatua jaso zuten escamot-tarrek, Intxorta 1937 kultur elkarteko Jon Etxezarraga adituaren eskutik. Interes handiz jaso zuten bisita eta azalpenak.

Berriz bazkaldu genuen elkarrekin, Espaloian, eta arratsaldean, aurtengo txango luzeko azken dantzaldia eman zuten Bergarako Seminarixoa aretoan, udalak antolatuta, aurten abian jarri duen dantzaldi gidatu zikloaren barruan.

Domekan, balorazio bilera, lotarako erabilitako kiroldegiko gela jaso, agur esateko tarte luzea... eta etxera bidean. Ezin aipatu gabe utzi Elgetako Udalaren laguntza herriko ekitaldietan.

Escamot català Bergarako Seminarixoan 2022-12-10
Escamot català Bergarako Seminarixoan 2022-12-10

Zortzi egun, zortzi herri.

Aurtengo abenduko zubia bere luzean hartu, eta zortzi eguneko ibilbidea egin du Escamot català-k Euskal Herrian. Zortzi egun, eta zortzi herritan dantzaldiak:

  • Abenduak 3: Baigorri, Basaizea elkartearekin.

  • Abenduak 4: Irurita, Iruritako dantzariekin.

  • Abenduak 5: Iruñea (Katakrak), Ortzadar elkartearekin.

  • Abenduak 6: Leitza, Aurrera dantza-taldearekin.

  • Abenduak 7: aldez-aurretik antolatu gabeko eguna Durangon eman zuen Escamot català-k, Azokaren giroan bazterrak kantan eta dantzan jartzen.

  • Abenduak 8: Gernikan, kalejira, bazkaria eta bazkalosteko dantza-elkartrukea, Bilboko Sigi-Saga elkartearekin eta eingo-eskolarekin batera.

  • Abenduak 9: Elgeta (Espaloia kafe-antzokia)

  • Abenduak 10: Bergara (Seminarixoa)

Geurean, Espaloia kafe-antzokian, boskarrenez izan ditugu aurten. Aurreko bi urteetan, alarma egoerako murrizketa eta debekuen ondorioz, 2020an ezin antolatu, eta 2021ean, baldintza murriztaileak zirela eta, kafe-antzokiko barrenean antolatu barik, Urdaibaira eraman genuen hitzordua (aire librean), Eingo taldearekin elkarlanean.

Datorren abendurako datak finkatuta daude jada: dena ondo bidean, abenduaren 6tik 10era bitartean jasoko dugu berriz Escamot català Euskal Herrian, dantzarion gozamenerako.

Loturak: hemeroteka, argazki, bideo eta erreportaiak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.