Dokumentuaren akzioak
Portugaleteko Berriztasuna Taldeak Giako Andra Mariaren soka-dantza plazaratuko du bigarrenez
Iaz egin zuten lehenengoz uztailaren 1ean ospatzen den Giako Andra Mariaren Jaian dantzatzeko moldatutako aurreskua.
Urtero-urtero jendetza urreratzen da Portugaleteko Koskojales kalera uztailaren 1ean. Izan ere, Giako Andra Mariaren jaia, Berriztasuna Taldeak antolatutakoa, urteko egunik berezienetako bat da jarrileroentzat. Urtero ere, taldeko dantzari batek aurreskua dantzatu dio Andra Mariari, XX. mendeko 60. hamarkadatik aurrera ohikoa izan den moldeei jarraituta: zuriz jantzitako gizonezko dantzari bakarra, omendu beharrekoaren aurrean dantzan txistularia lagun.
2022an, berriz, aldaketa heldu zen. Dantza eta generoaren inguruan egindako ikerketak izpide eta parekidetasuna helburu, azken hamarkadetako moldearekin amaitzea erabaki zuten. Arestian etendako aurreskuaren soka berriz lotzea eta taldeko dantzari guztiek egitea erabaki zuten, genero bereizketarik gabe. Horretara heltzeko hausnarketa ez zen edonolakoa izan, ordea. Alde batetik, argi zuten ordura arte dantza taldean ohikoak izan ziren aurreskuaren atalak eta dantzakera gorde nahi zituztela. Bestetik, ez zuten argi ikusten 2022an sortutako ohitura berriari XX. mende hasierako janzkerak doitzea.
Hori dela eta, egun kalerako erabilitako arropa zuriak aukeratu zituzten, bakoitzak eroso sentitzen zituenak eta dantzariaren uniforme zuri-gorria mantentzeko asmoz, txapela gorria, zinta gorridun abarketa zuriak eta paparreko lorea gehitu zizkioten. Horrez gain, plazaratutako soka-dantzaren atalak Uriko Aurreskuan egindakoak izan ziren: aurrez aurrekoa, eskua aldatzeko soinua, 5/8 zortzikoa, 2/4 zortzikoa eta kontrapasa. Bukatzeko fandangoa, arin-arina eta kalejira egin zituzten sokara atertako partaide guztiekin.
Halaber, 2/4 zortzikoa dantzatzea ere nobedadea izan zen, “galdutako aurreskuaren 5. atala” berreskuratzea xede. Bai Berriztasuna Taldeko dantzariei, bai Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herri askotakoei, urteetan zehar suelto eta aurresku txapelketetan parte hartzeko Iñaki Mugarra dantza-maisuak erakutsitako atala, alegia. Mugarrak askotan aipatu zien bere ikasleei berak gaztetan ikasi zuela, eta egun galduta zegoela eta haiek zirela atal hori dantzatzen jarraitzen duten apurrenetarikoak, inguruko herrietan, behintzat. Gainera, aurreskuaren 5 atal horren partitura Boni Fernandezen Txistu Ikasbidea liburuxkan topatu zuten, txistulari hasiberrientzako metodoan, eta horri heldu zioten soka-dantza borobiltzeko.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Eneritz Mancisidor