Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Dokumentuaren akzioak

Elkarrekin dantzan

Elkarrekin dantzan

Ezpata-dantzari taldea New Yorken, 1931-09-06.

Euskal dantza tradizionala euskal kulturaren sinbolo garrantzitsuetako bat da eta horrelaxe aitortu dute Euskal Herriaz mintzatu diren atzerritarrek (Voltaire, Humboldt,...), aurkezpen txartel modura erabiltzen da gaur egun ere euskaldunak mundura aurkezten ditugunean eta zer esanik ez, gure erakundeek Euskal Herrira datozen bisitariak ohoratu nahi dituztenean. Baina dantzak duen presentzia sozial adierazgarri horren atzean, barne-kohesio handirik gabe, elkarlanerako zailtasunekin eta erakundeen eta gizartearen babes urriarekin funtzionatzen du euskal dantzaren alorrak.

1921-06_Eibar-Amuna-aurreskua-Ojanguren-3021_o-rek

XIX. mendean eta XX. mende hasieran gizarte aldaketa sakonak tarteko, hainbat dantza eta festa galtzen joan baziren ere, oro har, dantzak dinamika bizi eta oparoa bizi zuen Gerra Zibila piztu zenean. Herriz herri hainbat festatan dantza bizirik zegoen; 1920ko hamarkadan lehen dantza taldeak sortu ziren; Segundo Olaetak Elai-Alai Gernikan eta Jose Lorenzo Pujanak Arkaitz Añorga jarri zituzten martxan 1927an; Violet Alford eta Ingalaterrako folklore adituak Euskal Herriari begira jarri ziren, eta Berriz, Izpura edo Donostiako dantzariak Londresera eraman zituzten euskal dantzen erakustaldiak egitera. Saski-Naski ikuskizuna aurkeztu zen Donostian eta euskal dantza tradizionalak antzokira egokitzeko lehen ahaleginak hasi ziren. Gerrak dantza-sorkuntza eremu oparo hori errotik eten zuen, baina gerra garaian ere, dantza izan zen Eusko Jaurlaritzak bere ekimen politikorako erabili zuen tresnetako bat. Eresoinka eta Elai-Alai taldeek Europa korritu zuten euskal dantzak atzerrian ezagutzera emanez eta euska kulturaren berri mundura zabalduz.

eresoinka
Gerra oste ilunean, dantza poliki-poliki hasi zen dantzak hauts artetik atera eta berriz plazaratzen, baina horretarako frankismoaren beraren elkarteen babesa bilatu behar izan zuen: Seccion Femenina, Educacion y Descanso. Ondoren elizaren babesean Accion Catolica, Hijas de Maria, Luises... eta 60ko hamarkadatik aurrera kulturare eta kirolare alorreko elkarteak, auzo elkarteak eta bestelako erakundeak ere hasi ziren dantza taldeei babesa ematen eta dantza ekitaldiak antolatzen.

1960-70eko hamarkadak bizi biziak gertatu ziren euskal dantzaren alorrean, gizartean ere halakoak izan ziren neurri berean, eta frankismoaren akabera eta transizioaren lehen urteetan ohikoak izan ziren eztabaida politiko, identitario eta filosofikoek dantza taldeetan ere izan zuten isla. Dantza taldeak han eta hemen sortu eta birsortu ziren, eta Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zen mugimendu guzti hori artikulatzeko asmoz. Argia taldeak sustraietara jo beharra aldarrikatu zuen, eta tokian-tokiko bilketa lanak, ikerketak, dantzen eta festen berpizte ahaleginak, folklore jaialdiak eta zabalkunde lanak izugarri hedatu ziren.

EDB-sorrera

XX. mendearen azken hamarkadan eta XXI. mendearen lehen urteetan dantzaren alorreko elkarteak, baliabide urriekin beren proiektuetan aritu dira buru-belarri, meritu handiko lanak aurrera ateraz.

Dantza tradizionalaren egoeraren diagnostikoan eta lehentasunezko premien zerrendatzean adostasun zabala konpartitzen dugu dantzazale, sustatzaile eta elkarteetako ordezkariek. Oinarrizko adostasunak artikulatu eta dantzaren inguruan elkartzeko gaitasuna dugula gure buruari eta gizarteari frogatu nahi diogu. Bi modutara egingo dugu hori. Gutxieneko adostasun puntuak jasoko dituen hitzarmen baten bidez. Eta nola ez, dantzatuz, elkarrekin dantzatuz, dantza elkarbizitzarako, bakerako eta batasunerako duen gaitasuna, eta indar sinboliko eraginkorra dantzari hori bera sustatzen duen sektorean bertan aplikatuz.

Elkartu, batu, oinarriak jarri berriz, elkarrekin dantzatu, eta berriz abiatzeko unea da. Horixe egin nahi dugu Eibarren 2012ko apirilaren 21ean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Euskal Dantzaren Adierazpena eta Biharamuneko soka-dantza

Euskal Dantzaren Adierazpena eta Biharamuneko soka-dantza

Euskal dantzaren alorreko hainbat lagun eta ordezkari bildu ginen 2012ko apirilaren 21ean Eibarren, elkarrekin adostutako Euskal Dantzaren Adierazpena sinatu eta denok batera Biharamuneko soka-dantza dantzatzeko.

Jasotako azken erantzunak