Astroez, hizkuntzez

2026/03/30
Astroez, hizkuntzez

Aita hil zenetik hiru hilabetera, zimelak baztertu, animatu eta gehixeago atera behar nukeela nabil erabaki beharrez. Horretara, aurrekoan “Maria Stuarda” izeneko opera ikustera jo dugu Bilbora. Musika ederra eta pasarte indartsuak aurkezten ditu: Eskoziako eta Ingalaterrako bi erreginen arteko liskarra -Figlia impura di Bolena!- nahiz exekuzioaren azken agerraldia, kasu. Labur esateko, atsegin hartu nuen eta konforme itzuli nintzen etxera.

Handik gutxira Enrike Solinisek aurrera atera nahi duen Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren aurkezpenera hurbildu naiz. “Masquarade” titulua eman zaion ekitaldi luze samarraren barruan, Zuberoako Berritza-ko bost aitzindari atera dira eta maskaradetako hainbat dantza dotore, fin asko eman dituzte.  

Solinisenetik etxeranzkoan, autoko irratia piztu baina ez natzaio adiegi egon. Anboto parean, ostera, Marian Arregiren soinupean, Gu dantzari zuberotarrak ginen Estuardoen gortean, ta ez ginen haien hizkuntzaz mintzatzen xuxurlatu dit Benito Lertxundik. Sinplekeria irudi lezake, baina une hartantxe, astroak lerrokatzen omen diren antzera, gorago aipatutako ikuskizun biak bata bestearen parera desplazatu zaizkit. Grazia egin dit. Libre utzi nahi izan dut irudipena, baina memoriak azken boladan hitz ez bidezko euskaldunon lengoaiaz irakurtzen ari naizela gogorarazi dit. Eta Debaraino ez ginen haien hizkuntzaz mintzatzen horrekin zehazki zer adierazten ote zaigun pentsatu nahian etorri naiz. Gustora, gaur ere konforme.