Annie Hegi akorduan
Claude Iruretagoienak Annie Hegi dantzari izandakoa orain hilabete zendu dela ezagutarazi digu Biarritzetik. Beste xehetasunik ez dauka, eta Claudek berak ere ezustearen ziega barrutik hitzegiten digu.
Etxera bidean, autoan, Kondharian aurrena eta Pas de Basque izeneko ikuskizunak argitu zaizkit, atzerako ispiluan bezalaxe. Kondharian izan zen gure bataioa; alderdi askotatik begiratuta izan zen gure lehen aldia. Beharbada Annie-rena ere bai, ez dakit seguru esaten.
Emanaldi haien hasieran, argiak itzali eta Hamlet Gonashvilli-ren musika aditzen hasten zenean, mundua gelditu egiten zen. Euskal kosmogoniatik Koldo Ameztoik berrabiarazten zuen ondoren: zeruan, zeru gainean izarrak... Antzokien ilunpe hartan gure izapide osoa aidean zintzilikatua zen. Eta norberaz aparteko beste inorentzat minutu bat ez zegoela ematen zuenean, Anniek bi hitz, galdera bi egingo zizkizun –zer moduz zira? nondarra?- magia haren azpian bakartua nabaritu ez zintezen. Leunki, delikatu, zenbaiten izaerek bakarrik dakarten fintasunarekin.
Igaro berri den Ostegun Santuan Asturias aldeko eliza txiki, xume bateko sagrarioa Kristoren gorputzez hustuta eta atea zabal-zabalik aurkitzea fortunatu zaigu. Urte asko dira Annie ikusten ez nuela. Baina kariñoa nion. Kondharian-en zamaltzaina elikatzen zenuen ardoaren koloreko buhame janzkera eta buruko zapia beztiturik. Zapi haren azpitiko zure ile gorriaren eta zure begi urdinen epeltasuna ez dugu itzaltzen utziko gure baitan.