Dokumentuaren akzioak
Sabin Bikandi musikari eta konposatzaileak Danbolin Masterclassa eskainiko du urriaren 28an eta 29an Iruñean
Sabin Bikandi musikari, konposatzaile eta AIKO Taldeko kide sortzaileak danbolin Masterclassa eskainiko du larunbatean, urriaren 28an, eta igandean, 29an, Nafarroako hiriburuan. Auzoenearen lokalean (Aldapa, 3-5) eskainiko den eta Ezpela Creacionesen, Raúl Pariente artisau/luthier nafarraren enpresaren, laguntza duen maisu klasea, Iruña Taldeak aurten bere 45. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldietako bat da. Sei klase ordu izango dira, bi saiotan banaturik: larunbatean arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eta igandean goizeko 10:30etik 13:30era. Ikastaroak 40 euroko prezioa izango du, eta klaseko lehenbiziko egunean ordainduko da. Izena emateko epea irekita dago jadanik; izena eman nahi duenak bere izen osoa eta telefono zenbakia bidali beharko ditu etxesaga@hotmail.com helbidera edo 617 387 727 telefono zenbakira deitu.
Sabin Bikandi txistulari eta txuntxuneroak danbolin maisu klasea eskainiko du, “gure musika-tresna eta bere musika ulertzeko eta, batez ere, jotzeko modu bat” errebindikatzeko. Bikandik azaldu duenez, ‘XVIII. mendetik aurrera, mugimendu ilustratuarekin, perkusioa zerbait ia marjinal gisa ikusten hasi zen musikan, pentsamendu erromantikoaren eraginez, batez ere’ eta une horretan txuntxuneroari eta danbolin joleari txistulari deitzen hasi zitzaien. ‘Neu txuntxuneroa naiz, eta izenarekin, musika ulertzeko, egiteko eta batez ere jotzeko modu bat aldarrikatu nahi dut’, errebindikatzen du Bikandik. Maisu lan horretan, danbolinari buruz duen ezagutza osoa eta musika-tresna horrenganako maitasuna konpartitu nahi ditu.
Musikariak, txistuak eta danbolinak izan duten bilakaera desberdina ere azpimarratu nahi ditu. Txistua aldatuz eta garaietara egokituz joan da; izan ere, beltza bilakatu zen bertako egurrekin egiteari utzi eta Afrikako ebanoa erabiltzen hasi zenean, “hori benetako iraultza izan zen, ez estetikari zegokionez bakarrik, baita egiteko erabiltzen zen materialaren kualitateei zegokienez ere”, esan du Bikandik. Txistuaren etengabeko bilakaerak material moderno berrien erabilera ere ekarri du, ebonita, plastikoa, altzairua, zilarra edo metakrilatoa, besteak beste. Aldaketa horien aurrean, “gure danbolina jatorrian geratu da, Erdi Aroan zituen itxurari eta egiturari eutsiz”.
Bere maisu klasean, Bikandik jotzeko dauden teknikak landuko ditu, danbolina ezagutzeko eta era egokian erabiltzeko, gorputzaren eta eskuaren jarrera egokiak, soinuaren kalitate desberdinak, erredoble bikoitza eta hirukoitza, azentuak, dinamikak, eta ikasteko eta hobetzeko beste ariketa tekniko batzuk. Beste alde batetik, musikari eta erritmoari dagokienez, erritmoaren eta melodiaren arteko erlazioa ulertzeko beste modu batzuk landuko dira, “eta garrantzitsuena, dantzarekin bat nola egin, dantzen egiturak ulertuz eta landuz”. Azken finean, Bikandik Masterclass honekin bilatzen duena, “tristulari edo txistularri izan beharrean, txuntxunero zoriontsua izateko ate bat irekitzea da” adierazi du ironiaz.
Sabin Bikandi Belandia (Galdakao, 1965) musika eta dantza maisua izango da ikastaroa emango duena. Donostiako Kontserbatorioko goi-mailaren amaierako ohorezko saria eta Bilboko Kontserbatorioko ohorezko aipamena ganbera-musikan. Joxe Inazio Ansorenaren ikaslea; 1995ean Londresera joan zen graduatuondoko ikasketak amaitzera Sandrini Fundazioaren beka batekin. 1996an Etnomusikologiako Masterra amaitu zuen Goldsmiths’ Collegen. 2000n Doktore egin zen Filosofian Londresko Unibertsitatean, Berrizko (Bizkaia) danbolinteroa izan zen Alejandro Aldekoari buruzko doktoretza-tesiarekin, John Baily Doktorearen zuzendaritzapean. Irakasle aritu izan da zenbait ikastetxe, institutu, musika-eskola, kontserbatorio eta abarretan. Azken urteotan dantza tradizionaleko musika jotzen eta inprobisazioan espezializatu da. Estilo eta genero guztietako konposizioak eta moldaketak egin ditu. 2015. urtean ikusikizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria irabazi zuen. Gaur egun, Bilboko udaleko danbolinteroa da eta AIKO Taldeko kidea.
BIDEOA: https://youtu.be/-9kFVI7Z2qs
DANBOLIN MASTERKLASA (SABIN BIKANDI – AIKO TALDEA)
AUZOENEAN Aldapa Kalea 3-5 (Iruñea)
Urriak 28 eta 29an
Sei orduko eskolak izango dira: hiru urriaren 28an larunbata (17:00-20:00) eta hiru 29an igande goizean (10:30-13:30)
Irakaslea: AIKO Taldeko Sabin Bikandi
Prezioa 40€ bertan ordaintzeko
Apuntatzeko izena + telefonoa bidali
etxesaga@hotmail.com helbidera edo telefonoz: 617 387 727 (Xabier)
Informazio gehiago: www.aikotaldea.eus
@aikotaldea
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...