Dokumentuaren akzioak
K@ntari, kantu tailerrak Euskaltzaindian Aiko Taldearen eskutik
AIKO Taldea musikari eta dantza maisu kolektiboak beste pauso bat eman du musika eta dantza tradizionalak eguneratzeko, sozializatzeko eta hedatzeko bokazioan, K@ntari, Euskaltzaindiarekin lankidetzan antolatutako kantu tradizional tailer zikloa, martxan jarriz. Ekimenaren barruan zortzi prestakuntza saio aurreikusten dira. Saio horietan iritziak, bizipenak eta melodiak konpartitu ahal izango dira alor horretako espezialistekin, abeslari, sortzaile eta ikerlari garrantzitsuekin. Egitaraua hilabete honetan zabalduko da Leturia pandero jotzailearekin, eta maiatzean itxiko da Benito Lertxundi “Orioko bardoarekin”.
2006tik, AIKO Taldea musika eta dantza tradizionalak berreskuratzen ari da lanean, aisia eta pertsonen arteko harreman modu gisa: tailerrak, erromeriak, dantza ikastaroak edo jadanik hamar disko baino gehiago dituen diskografia izan dira bere ekimen garrantzitsuenetako batzuk. Oraingo honetan, kantu tradizionalean eta herrikoian zentratuko da eta, helburu horrekin jarri du martxan K@ntari. Euskaraz bi esanahi dituen izena, "kantari" eta "kontari”, helburua elementu biak konbinatzea baita.
Proposamena, hilero eskainiko diren zortzi tailerretan gauzatuko da, aurtengo urritik 2019ko maiatzera. Bertan, zenbait abeslarik eta sortzailek euren esperientziak konpartituko dituzte, bertaratutako jendearen partaidetza aktiboaren bitartez. Martxan jarri ahal izateko, AIKO Taldeak Euskaltzaindiaren lankidetza izan du. Erakunde horrekin lehendik ere ari da lanean, astearte guztietan, 19:00etan, kantu tradizional ikastaroa eskaintzen baitu erakundearen Bilboko egoitzan. Euskaltzaindiak ekimen berriaren esku jarri ditu bere lokalak. Ekimena ostiraletan egingo da, ordutegi berean, Bilboko Plaza Barriko 15ean dagoen eraikin enblematikoan.
Luxuzko kartela
K@ntari martxan jarri ahal izateko, AIKO Taldeak luxuzko laguntzaileak izan ditu, ospe handiko zortzi abeslari edo musika-tresna jotzaile. Partaideen ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gonbidatu gehienak Euskal Herrikoak dira: Xabier Berasaluze "Leturia", Thierry Biscary, Joseba Tapia, Maddi Oihenart, Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida bikotea eta maiatzean zikloari amaiera ezin hobea emango dion Benito Lertxundi.
Euskal kantu tradizionalean erreferentziazkoak diren izen horiekin batera, tailerrak, Gaztelako folklorearen ikerlari garrantzitsua eta Yesca taldearen ahotsetako bat den Burgosko Gonzalo Pérez Trascasaren eta Gaztelako egungo abesti tradizionalaren erreferentzia eta perkusio jotzailea den Vanesa Muelaren ahotsak ere jasoko ditu. Tailerren zortzi protagonisten artean badaude gehien bat abestu egiten dutenak eta baita batez ere musika-tresnak jotzen dituztenak ere, AIKO Taldeko kantu irakasleak adierazten duen moduan, “aniztasunari zabaldu gura izan diogulako atea, aniztasunak beti aberastu duelako kultura tradizionala”.
Lehenengo K@ntari tailerra Leturiarekin, ostiralean, urriaren 26an
Xabier Berasaluze "Leturia"-k irekiko du K@ntari zikloa datorren ostiralean, urriaren 26an. 1954an Billabonako Leturia baserrian jaio zen. Hiru urterekin pianoa eta solfeoa ikasten hasi zen. 1984az geroztik Joseba Tapia trikitilariarekin jotzen du Tapia eta Leturia musika taldean, eta Josebarekin batera, belaunaldi trikitizale oso baten erritmoa eta ahotsa ere bada, grabaketa, kontzertu eta erromerietan. 2016an, Kutxabankeko lanpostutik erretiroa hartu eta gero, Korrontzi taldearekin ere jotzen du. Esku artean liburu berria du eta gauza asko kontatzeko eta kantatzeko.
K@ntari ekimenaren helburua, azken finean, konfiantzazko espazio erosoa eta erakargarria sortzea da, kantu tradizionalaren eta herrikoiaren inguruko mota guztietako esperientziak zabaltzeko. Espezialisten esperientziaren eta zaletuen interesaren arteko topalekua bilakatu nahi du. Azkenengo urteetan, dantza eta kantua, gizaki guztion bizimoduaren eguneroko parte izatetik, komunikatzeko bidea eta arte parte-hartzaile herrikoia izatetik, banakako espezialista batzuen gunea izatera igaro da neurri batean. Gero eta "ikuskizun"-ago bilakatu da eta herritarrok "ikusle-entzule" pasibo bihurtu gara. Horrela, gaur egun, hainbatek uste du dantzan egiteko dantzari izan behar dela eta kantuan aritzeko kantari. Modu horretan, dantza eta kantuaren jatorrizko izaera eta funtzioak galdu egiten dira. ‘Guretzat, kantuak aktiboa eta interaktiboa izan behar du; entzule pasibo izan beharrean kantua barneratu eta ingurukoekin partekatu ahal izateko’.
Hori dela eta, K@ntari kantu, kultura tradizional eta, orokorrean, musika zale, ikerlari eta profesional guztiei zuzendutako ekimena da. Tailerrak ostiral arratsaldetan egingo dira, hilean behin, 19:00etan, urritik maiatzera, eta iraupena malgua izango da. Tailer bakoitzak 20 euro balioko ditu, eta plazak mugatuta daude. Hori dela eta, izena emateko ordena jarraituko da. Izena aiko@aikotaldea.eus helbide elektronikoan eman ahal izango da, izena eta abizenak, telefono mugikor zenbakia eta egin gura den tailerra adieraziz, eta baita 634 423 539 telefonora deituz ere.
Hona hemen, hilez hileko lehen denboraldiaren egitaraua:
Ekimenaren izena: k@ntari kantu tailerrak euskaltzaindian
Iraupena: 2018ko urritik 2019ko maiatzera
Maiztasuna: Hilean behin, ostiral arratsalde batez
Ordutegia: 19:00etatik aurrera
Iraupena: Malgua, gonbidatuaren arabera
Ekitaldi bakoitzeko matrikula: 20€
- Urriaren 26: Xabier Berasaluze "Leturia"
- Azaroaren 9: Thierry Biscary
- Abenduaren 28: Joseba Tapia
- Urtarrila: Gonzalo Perez Trascasa / Yesca taldea
- Otsaila: Vanesa Muela
- Martxoa: Maddi Oihenart
- Apirila: Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida
- Maiatza: Benito Lertxundi
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...