Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Dantza asteburua, jotaren sistema II

Dokumentuaren akzioak

Dantza asteburua, jotaren sistema II

2019/12/13 08:15
 Dantza asteburua, jotaren sistema II

Garaikideak, Aiko. Argazkia: Aiko

Irailaren 28-29an, Hotel Balneario Orduña Plazan dantza asteburu ederra izan dugu "Jotaren sistema (I)" ikastaroan parte hartu dugularik. Berton izandakoak errepikatzeko eta jarraitzeko gogoz gelditu ginen eta urteko azken asteburuan, abenduaren 28 eta 29an, Jotaren sistema ikastaroaren bigarren partea egin behar dugu. Urduña hiri eta inguru zoragarria da eta hotelean bertan jan, lo eta dantza eskolak emateko aukera paregabea iruditu zaigu. Plaza mugatuak dira, beraz, interesik baduzue badakizue, izena emon, eta batez ere hotelean gelditzeko asmoa baduzue, gela hartu!

Jotaren sistema II ikastaroa

Honen guztiaren inguruan, gure esperientzia partekatzeko Urduñako dantza asteburuan elkartuko gara abenduaren 28 eta 29an. "Jotaren sistema (II)" izena jarri diogu ikastaroan jotaren tokian tokiko garapen eta egokitzapenak lantzeko. Dantza eskolak Hotel Balneario Orduña Plaza bertan burutuko ditugu eraikinak 3. solairuan duen dantza areto zoragarrian. Nahi duenak ere, ohizkoa denez, aukera izango du hotelean bertan afaldu, lo egin, goSaldu eta bazkaltzeko (balnearioan 60 minutuko zirkuitu termala ere barne) 75 euroren truke gela bikoitzean. Ikastaroaren prezioa, aldiz, ohizkoa, 50€.

Abenduak 28

  • 17:00-18:30 Ikastaroaren hasiera Hotel Balneario Orduña Plazan, 3. solairuan.
  • 18:30-19:00 Atsedenaldia
  • 19:00-20:30 Berriz ikastera
  • 21:00 afaria
  • 23:00 Dantzaldi-erromeria

Abenduak 29

  • 10:00-11:30 Ikastera
  • 11:30-12:00 Jolastokira
  • 12:00-13:30 Berriz lanera
  • 14:30 bazkaria

*Ordutegiak pokomasomenosekoak dira, beti bezala.

Ikastaroan izena emateko:
aiko@aikotaldea.eus helbidera email bat agindu Jotaren sistema II ikastaroan parte hartu nahi duzula esanez eta zure izen-abizenak eta mugikorraren zenbakia adieraziz, 50 € sartu Kutxabankeko honako kontu zenbakian (titularra Aiko Kultur Elkartea):

ES85 2095 0233 10 910994 3783
Gogoratu, plazak mugatuak dira!

Aiko♥jota

Jota dantzatzea maite du gu, musika, erritmoa, egiturak, askatasuna, jolasa, inprobisazioa. Gozatu egiten dugu elkarrekin jotan, dantza %100ean dalako, gure gorputzaren bidez komunikatzeko bidea, hainbat eta hainbat gauza partekatzeko bidea: gure musika, gure sentipenak, gure kultura.

Jota 1+1=2

Jota, printzipioz eta jatorriz, bikote dantza bat da. Laguna behar da jota dantzatzeko, bikotea, dantzakidea, hori da jotaren oinarria. Lagun batek proposatzen du eta besteak imitatu jarraitu, eta horrela sortzen da benetako dantza, benetako harremana.

Dantzakera demokratikoa

Gure proposamenak, aspaldiko dantzakera zaharra du abiapuntu, oinak lur gainean ditugula, ibilkera naturalean oinarrituta. Dantzakera hau ez dugu aukeratu zaharra delako, zaharra "benetan tradizionala" dalako, baizik eta berezkoa dalako, ergonomikoa eta demokratikoa (dantzaren ateak guztiendako irekitzen ditu, ez bakarrik sasoiko dantzari trebetuendako).

Jota eta gazta

Jota gurea da. Jota euskalduna da, guk horrela antzematen dugu behintzat. Jota gurea egin dugu inguruko beste hainbat kontu bezala, gurera ekarri eta gureak egin ditugunak: gaita, alboka, akordeoia… Dantza maisu zahar batek erran zuenez: “dantza (eta kultura orokorrean) gazta bezalakoa da, esnekia izaki, esnez egiten da edonon, baina azken batean ezberdina da edonon ere”.

Jotaren historia

Dugun jotaren historiaren ezagupena mugatua da. Atzera begira, badakigu XIX. mendean zehar eta XX. mendearen hasieran jota modan zegoela. Badakigu eliza eta nazionalismoaren eraginez jotaren jatorrizko sentzu erotikoa aldatu zela kontrakoaren ikur bihurtuz. Badakigu jatorriz erdalduna zela eta nola edo hala gurea egin genuela. Atzerago goazela, ezer gutxi dakigu ahaide izan daitezken aintzinako dantzetatik abiaturik (Gallardatik adibidez) jota edo fandangora eraman gintuen ibilbideaz. Dena dela, guri oraina interesatzen zaigu, gaurko jota, bizirik diharduena, jota garaikidea, guk dantzatzen duguna.

Xede berriak jotarendako

Lehen, jotaren (eta dantzaren) helburu nagusietakoa bikotea lortzea zen, bikote harremanak hastea, eta kontestu horretan, dantzakerak ez zuen horrenbesteko garrantzirik, bizpahiru urrats nola edo hala besoak altzatuta egin eta aurrera. Bazeuden, dena dela, trebezia eta erakusteko tarteak eta momentuak, eta bazeuden ere, artistak, inprobisatzeko eta sortzeko gaitasun bereziarekin, eta horrela ezagutu ditugu Bartolo Lasa, Silvestre Elezkano (“Txilibrin”) edo Tomas Jainaga (“Eperra”). Gaur egun, orokorrean, dantzatzeko plazer hutsaren truke dantzatzen dugu batipat, eta jota eskolak ematen ditugu, eta jota ikasgai eta aztergai bihurtu da. Horrela, dantzak, mugimenduak, dantzakerak eta teknikak beste dimentsio bat hartu dute, oinarrizko urratsetatik harago, sarritan lehengo “artisten” ildoa jarraituz.

Testuinguru koreografikoa

Jota edo fandangoa, polka, txotis, mazurka, pasodoble, balsa eta antzeko dantzez inguruatuta hasi zen, erromeri inguruan, eta dantza hoiek ditu ahaide eta kide, dantzakeran, erritmoan eta sarritan urratsetan ere. Horrez gain, kopletan baltseoan egiten dugu eta hor balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea... dantzatzen dugu.

Jota=musika+mugimendua

Gure kulturan, musika eta mugimendua, errealitate beraren osagaiak dira. Keinuak, mugimenduak, urrats ikusgarriena ere, dantza izateko musikarekin bat etorri behar du. Azken batean, dantza musika gorputzaren bidez bizitzeko modu bat ere bada eta.

Bizkaidantza (arin-arina, porrua)

"Dantza mota au da Bizkaitarren berenkia, zeña egin oi duten fandangoaren modura, dos por kuatroko kontradantzaen soñuetan; beragatik esan oi zitzaien soñu gisa oei guziai Bizkai dantzako soñuak. Horrela zioen Iztuetak fandango edo jotarekin batera dantzatzen dugun "dos por kuatroko kontradantza" horri. Erritmo hirukoitzeko jota-fandangoa eta erritmo bikoitzeko arin-arina uztartzea ohikoa da hemen eta beste inguru askotan tokian tokiko izenekin, noski. Jotaz hitzegiten dugunean, jota eta arin-arinaz ari gara gehienetan.

Izenak eta egitura

Dantza lotuarengandik ezberdinduz, dantza solte izenpean ezagutzen dugu jota eta arin-arina. Gure inguruan ezagutzen dugun erabilera zaharrenean, “trikitia” edo “trikitixa” deitzen zitzaion dantza soltuari. Jota eta fandango sinonimoak izan dira guretzat. Azken urteotan fandangoa koplarik gabeko dantza izendatzeko erabiltzen da, eta jota edo trikitixa kopla duenarentzako. Jotaren beste izen batzuk: orripekoa eta lehenengoa. Arin-arina eta porrua ere gauza bera izan dira eta dira inguru askotan. Gaur egun aldiz, kopla duenari porrua edo porrusalda deitzen zaio eta koplarik ez duenari arin-arina. Beste izen batzuk: bizkaidantza eta bigarrena.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...