Dokumentuaren akzioak
AIKO Taldeak karbono zuntza eta diseinu iraultzailea sartu ditu danborren eta danbolinen fabrikazioan
AIKO Taldea (www.aikotaldea.eus), duela hamar urte baino gehiagotik musika eta dantza tradizionalaren eguneratzean eta hedapenean lan egiten duen musikarien eta dantza maisuen kolektiboak, AIKO Drums aurkeztu du gaur, Iruñeko Ezpela artisautza tailerrak fabrikatuko duen diseinu propioko perkusio musika-tresna berritzailea (www.ezpela.com). Ekimena proposamen iraultzailea da, material berriak sartuko dituelako, karbono zuntza, besteak beste, funtzionamendua eta egonkortasuna hobetuko dituelako eta, horrez gain, Erdi Arotik ia inolako aldaketa barik iraun duen musika-tresnari oso kanpoko itxura berritzailea eman diolako. Gaur goizean Bilbon egin den aurkezpen ekitaldian Aiko Taldeko Sabin Bikandi, Asier García, Vicent Zaragoza eta Elur Arrieta musikariak eta Raúl Pariente Ezpelako luthierrak hartu dute parte.
Ekimen horren bitartez, AIKO Taldeak berrikuntzaren eta aniztasunaren aldeko apustua egiten du berriro ere bere jardueren katalogoan. Dantza eta kantu tradizional ikastaroei, mota guztietako agertokietan antolatzen dituen erromeriei, diskoen grabazioari eta ikus-entzunezkoak egiteari, orain musika-tresnen ikerketa eta diseinua gehitzen zaie. AIKO Drums bi urteko lanaren emaitza da, danbolina bezain elementu tradizionalaren fabrikazioan eta interpretazioan adituak direnekin lankidetza estuan.
Kontuan izan behar da euskal musika tradizionalaren beste klasikoak, txistuak, benetako iraultza bizi izan duela azken 150 urteetan, jotzeko teknikan eta txistua egiteko moduan: metalezko ahokoa eta mihia, musika-tresnari eusteko eraztuna, egur autoktonoak ordezkatu dituzten material berriak, etab. Danborrak, berriz, ez du ia inolakorik aldaketarik izan Erdi Arotik.
Premisa horretatik abiatuta, AIKO Taldearen bokazioa musika-tresna egungo beharretara egokitzea izan da, baina soinu onena lortzeari lehentasuna emanez. Eta horretarako, danbolinen fabrikazioan aditu handia den Iruñeko Ezpela tailerreko Raul Pariente artisauaren eta txistu jotzaile onenen lankidetza izan du. Horien artean daude Bizkaiko Gaiteroak elkarteko Garikoitz Mendizabal eta Aitor Urquiza, Juanma Urriza ‘Boli’ edo antzinako musika interpretatzearen espezialista diren Pedro Estevan edo Dani Garai, besteak beste.
AIKO Taldeko musikarien ezagupenarekin eta adituen ekarpenekin, musika-tresnak berriro diseinatzeko orduko plangintza, artisautza, berrikuntza eta teknologia berriak bilduko dituzten danbor berrien bilduma sortzea izan da, baldintza ergonomikoak ere oso kontuan izanda, interpretatzailearen erosotasunerako (eskumuturren, sorbalden, besoen, bizkarraren… jarrera, mugikortasun orokorra, etab.).
Horrekin batera, soinu hoberena lortzeko material onenak aukeratu dira eta, horri dagokionez, AIKO Drums-ek bi danbor linea eskaintzen ditu: bat tradizionalagoa, hari bidezko antzinako teinkatze sistema erabiliz fabrikatutakoa (Aiko Early); bestean, berriz, Ezpelako Raul Parientek danbor horietarako berariaz diseinatutako altzairuzko torlojuen bitartez teinkatzen dira danborrak (Aiko Tech). Edozein danborretan musika-tresna jotzaileak danborraren gorputz nagusia egiteko egur onenak aukera ditzake, intxaurrondoa, haritza edo mongoy-a edo baita karbono zuntza ere, altzairua baino material erresistenteagoa, egurra bezain arina eta hezetasunak edo tenperaturak aldarazten ez dutena, hots ezaugarri bikainak dituena.
AIKO Drums bi lerro horietan merkaturatuko da, partxearen teinkatzea harizkoa edo mekanikoa izatearen arabera. Horrez gain, AIKO Drums-ek danbor berri horietarako makila lerro berria ere aurkezten du, diseinu eta material desberdinekin fabrikatutakoak, erabileraren eta musika-tresna jotzailearen zaletasunen arabera.
Doako Master Class-ak azaroan eta abenduan
Danbolin, atabal eta danbor lerro berritzaile horren aurkezpenarekin bat etorriz, AIKO Taldeko sekzio erritmikoko arduradunek (Sabin Bikandi, Asier García eta Vicent Zaragoza), Ezpelak babestuta, zenbait Master Class antolatu dituzte Bilbon, Iruñean, Errenterian eta Gasteizen. Aukera paregabea izango da musika-tresna berriak aurkezteko eta taldeak perkusioan duen esperientzia konpartitzeko: afinatzeko modua, jotzeko zenbait teknika, gorputzaren eta eskuaren jarrera egokiak, soinuaren kalitate desberdinak, arrada bikoitzetarako eta hirukoitzetarako teknikak, baliabide dinamikoak, azentuak, ikasketa eta hobekuntza ariketak, etab.
Master Class horiek egun hauetan izango dira: azaroaren 23an Bilbon (BilbaoMusikaren egoitza), azaroaren 24an Iruñean (Joaquín Maya Musika Eskola Berezia), abenduaren 1ean Errenterian (Errenteria Musikal) eta abenduaren 2an Vitoria-Gasteizen (Musikaetxea). Txistu eta perkusio irakasleei, ikasleei eta jotzaileei eta orokorrean zale guztiei zuzenduta egongo dira, eta aiko@aikotaldea.eus helbidearen edo 687 922 426 zenbakian SMS edo whatsapp bitartez eman ahal izango da izena.
Vicent Zaragoza Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusio bakarlaria da, Asier Garcia Bilboko Udal Txistulari Bandaren atabal jotzailea eta perkusio tradizionaleko erreferentea da, eta Sabin Bikandi, Bilboko Udal Bandako txistularia izateaz gain, konposatzailea eta dantza maisua da. Musika konposizio onenaren Max Saria lortu zuen 2015ean.
BIDEOA: AIKO Drums by Ezpela:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...