Dokumentuaren akzioak
Aiko Taldeak Danspirenaika 2022 irekiko du Areatzan
Mendiko paisaietan dantza tradizionalaz gozatzea da AIKO Taldeak, musikarien eta dantza maisuen kolektiboak, sustatutako azken ekimena. Eta, gainera, Pirinioetan egitea, mendikate horren inguruan dauden kultur tradizioak elkarren artean erlazionatuz. Danspirenaika du izena maiatzaren 21ean eta 22an Areatzan (Bizkaia) hasiko den ekimenak.
Arratiako bailararen bihotzean, udalerriaren alboetan euskal mendiaren bi erreferentzia enblematiko daude: Gorbeia eta Urkiolako haitzak. Hirigunetik metro gutxira dagoen Klaratarren komentu zaharra izango da Danspirenaika 2022ko lehen etaparen egoitza.
Programa maiatzaren 21ean hasiko da, 16:30ean, eta igandean amaituko da. Irakasle espezializatuek emango dituzten lau ikastaro izango ditu,. Lehenengoa Pilar Baca sevillarrak, dantza espainiarreko eta flamenkoko irakasleak, zuzenduko du, eta euskal jotaren eta buleriaren arteko loturez arituko da. Ondoren, Larraitz Artetxe AIKO taldeko kideak “Jotarekin olgetan Arratian” izenburuko ikastaroa emango du. Zapatuari amaiera emateko Areatzako erromeria mugikorra abiatuko da Gudarien Plazatik. Domekan Claude Iruretagoyena lapurtarraren txanda izango da, euskal dantzaren ohiko jauziak irakatsiz. Eta Ines Uriarte ondarrutarrak emango dio amaiera egunari, bikotean gidatzearen oinarrizko kontzeptuei buruzko ikastaroarekin.
Izena eman gura dutenek mezu bat bidali beharko dute aiko@aikotaldea.eus helbidera, eta bertan “Danspirenaika Areatza”, izen-abizenak eta harremanetarako telefono mugikor-zenbakia adierazi beharko dituzte, edo bestela whatsapp mezu bat bidali 634 423 539 zenbakira. Areatza Balneario Hotelak pakete berezia eskainiko du ikastarogileentzat, gela bikoitza, zapatuko, hilaren 21eko, afaria eta domekako, 22ko gosaria eta bazkaria eta bertako instalazioetan zirkuitu termal bat barne. Matrikularen prezioa 50 eurokoa da pertsonako. Informazio gehiago eta matrikulari buruzko xehetasunak hemen.
Danspirenaikaren bitartez, AIKO Taldeak proiektu parte-hartzailea proposatzen du, dantzarekiko grina, edozein mugatik harago batzen gaituen hitzik gabeko hizkuntza partekatzeko. Profesionalei zein dantzazaleei, herritarrei oro har, zuzendutako ekimena da, eta bertan, AIKOk Pirinioetan zehar dantzan ibiltzea proposatzen du, tailerrak, ikastaroak, dantzak, erromeriak, erakusketak… barne.
AIKO Taldeak sustatutako kultur ekimenak bigarren topaketa antolatu du jadanik uztaileko azken asteburuan Jacan. Huescako herri horrek Danspirenaika hartuko du eta ikastaroak, tailerrak eta dantza herrikoiak eskainiko ditu kalean. Ikastaroak Escolapios Ikastetxeko patioan emango dira, ostiraleko eta larunbateko tailerrak eta dantzaldia Ripa Plazan eta igandeko dantzaldia Parkeko Kioskoan. Bai Escolapios Ikastetxeko aterpetxea bai Jacako Unibertsitate Egoitza zabalik egongo dira ikastarogileak hartzeko.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...