Dokumentuaren akzioak
aikoeskola.eus, dantza tradizionaleko lehenengo eskola digitala
15 urte dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta hedapenean buru-belarri aritu ondoren, AIKO Taldea ez dago pandemiaren ondorioz bere jarduera eteteko prest. Zorroztasun eta gizarte erantzukizun irizpideak jarraituz eta osasun agintariek emandako aholkuak betez, 2020-21 ikasturtean aurrez aurreko klaseak eten egingo ditu aldi baterako, baina, aitzitik, AIKO ESKOLA jarri du martxan, euskal dantza tradizionaleko lehenengo eskola digitala.
Munduko edozein lekutik, klik bakarrera
Musikariek eta dantza maisuek osatutako kolektiboaren ezaugarria, euren ibilbideko hamabost urteetan, proiektu aitzindariak eta berritzaileak bultzatzea izan da: irakasteko duten filosofiatik –AIKO metodoa, progresiboa, naturala eta ergonomikoa, musikaren eta mugimenduaren arteko erlazioa osotasun gisa ulertuta, eta “dantza eginez gozatu, gozatuz ikasi” arauan oinarritutakoa– hasi eta karbono zuntzeko danbor linea berria sortzeraino, musika bandekin lankidetzan eskainitako erromeria ziklotik (Bandtzaldia) edo jotari buruzko “Jotamentala” dokumentalaren ekoizpenetik igaroz.Klaseak zuzenean eta hiru hizkuntzatan
Ikastaro birtuala, aurrez aurreko ikastaroak bezala, urritik ekainera egingo da, hastapeneko eta hobekuntzako bi mailatan. Zuzeneko klaseak egongo dira astero, eta horiek tutorial moduan grabatu eta edozein unetan jarraitu ahal izango dira. Berrikuntza gisa, zuzeneko klaseak hiru hizkuntzatan izango dira, plataforma bezala: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Internet bitartez mundu osora heltzeko helburuarekin.
Dantza guztiak, pausoz-pauso azalduta
Zuzeneko klaseez gain, plataformak kartara jarraitzeko dantza atala ere badu, dantza guztiak pausoz-pauso azalduta, prestakuntza osatzeko, AIKO Taldeko dantza maisuek grabatuta. Bertan aurkituko dituzu, Interneten lehen aldiz, jauzi eta mutildantza guztiak, eta baita modu argian eta didaktikoan grabatutako dantzako pausoen oso bilduma osatua, praktikatzeko, inprobisatzeko eta koreografia propioak sortzeko. Hau da: Euskal Herriko dantza tradizionala, bere estilo, erritmo eta koreografia ugariekin, pausoz-pauso azalduta.
Gainera, teknologia berriek balio pedagogiko handia duten elementuak sartzeko aukera eman dute. Adibidez, gure mugimenduak eta musika zelan sinkronizatu modu grafikoan eta errazean irakasten duen sistema berritzailea sartu da, eta baita pausoen irakaskuntza hobetzeko beste funtzio pertsonalizatu batzuk ere: musika aldatu barik kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, buklean erreproduzitzea, edo irudiaren 180oko bira ispilu gisa, ikasleak nahi duena aukera dezan.
Modu berean, eta ez ohiko jarduera gisa, Aiko Eskolak ikastaro monografikoak eta maisu-klaseak ere eskainiko ditu, dantza tradizionalaren arloan ospe handia duten espezialisten eskutik: Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Vanesa Castaños, Nagore de las Cuevas, Pedro Elosegi, Josu Garate, Iñaki Goirizelaia, Aritz Ibáñez, Iñaki Irigoien, Claude Iruretagoyena, Jon Iruretagoyena, Jon Maya, Gari Otamendi, Arkaitz Pascuas, Pantxika Telleria edo Ines Uriarte.
Ekimena gaur arratsaldean aurkeztuko da Bilboko Campos Antzokian, eta urriaren 15ean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ikasturte berrirako matrikula zabalik duen AIKO Dantza Eskola Digitalak urriaren erdialdean hasiko ditu lehenengo klaseak. Matrikula urte osokoa da, eta 160€ balioko ditu (19 €-ko hileroko kuota ordaintzeko aukera ere badago). Izena emateko izapideak eta ordainketa aikoeskola.eus webgunean egin daitezke.
-
BIDEOA AIKO DANTZA ESKOLA DIGITALA:
https://drive.google.com/file/d/1KHwT50t0ZkYyIZDX5kO3R_BqnNdX7cFg/view?us p=sharing
+ INFO: aikoeskola.eus
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...