Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Aiko Taldea adiskidez inguratuko da aurten Durangon erromeria handia ospatzeko, datorren abenduaren 16an, “Muga Gainetik Dantzan” goiburuarekin

Dokumentuaren akzioak

Aiko Taldea adiskidez inguratuko da aurten Durangon erromeria handia ospatzeko, datorren abenduaren 16an, “Muga Gainetik Dantzan” goiburuarekin

2017/12/05 15:10

Durangok festaz betetako oso jardunaldi berezia biziko du abenduaren 16an, larunbatean, AIKO Taldeak antolatu duen kontzertu-erromeria handiarekin. Izen handiek bat egingo dute aurten Aiko taldeko musikariekin eta dantza irakasleekin, musika eta dantza jaialdia eskaintzeko, goizez, Durangoko alde zaharreko kaleak animatuz, eta arratsaldez, Plateruena Kafe Antzokian. “Muga gainetik dantzan” goiburupean, hauek hartuko dute parte: Bixente Martínez musikari eta konposatzaileak, Oskorriko eta euskal musikako beste egitasmo garrantzitsu batzuetako kideak; Kiki Bordatxo eta bere taldeak Iparraldetik; Iruñeko Jarauta 69 txaranga beteranoak; eta Bizkaiko Gaiteroek, AIKOko kideekin batera: Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariek; eta Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta dantza maisuek, “plaza gidatuz”. Durangoko erromeria, AIKOk antolatzen duen jarduera egutegi zabaleko hitzordu nagusietakoa da, eta aurten, adiskidez eta gonbidatutako artistez eta taldez inguratuko da, eguerdiko 13:00etatik gaueko 22:00etara luzatuko den oso jardunaldi berezian.

Erromerian lehen aldiz hartuko dute parte Bixente Martínez Oskorri taldeko musikariak eta egoitza Miarritzen duen Kiki Bordatxo taldeak. Kristian Borda da euskal musika tradizional eta garaikide boskote horren arima. Lurralde guztietako melodiez osatutako errepertorioa duen taldea hainbat aldiz aritu da Estatu Batuetako euskal musika jaialdietan. Bixente Martinez musikari autodidakta, bere aldetik, musika-tresna jolea, moldatzailea eta konposatzailea da. Eibarren jaio zen 1954an, eta Oskorriko kide izan zen, talde mitikoaren grabazio eta kontzertu guztietan parte hartuz. Hiru Truku taldean ere aritu zen, Ruper Ordorikarekin eta Joseba Tapiarekin batera. Aikoko musikariekin batera, gitarraz (akustikoaz eta elektrikoaz) gozatuko dugu, beste egitasmo batzuen artean Amaiur Cajaraville Aikoko kontrabaxu jolearekin batera Igelaren Bandan ari den musikari aktibo horren musika-tresna nagusiaz.

Inolako zalantzarik gabe, jardunaldiko ukitu alaienetakoa Jarauta 69 iruindarrek jarriko dute, 35 urte jardunean daramatzan txaranga, nota hoberenak emanez eta Sanferminak eta bestelako jai asko alaituz. Euren espezialitatea kaleak diren arren –izan ere taldearen izena 1982an entseguekin hasi ziren lokalaren helbideak ematen die–, aurten diskoa ere kaleratu dute. Durangon euren musikaz eta sortzen duten giro bikainaz gozatu ahal izango dugu.

Halaber, datorren abenduaren 16an ez dute hutsik egingo Aste Nagusiko edo Urkiolako erromerietan, beste batzuen artean, AIKOren ohiko laguntzaileak diren Bizkaiko Gaiteroek, Plateruenako erromerietan luxuzko “amaierako traka” egiten dutenak. Bizkaiko Gaiteroak taldea musika tradizionalaren mundua aberasteko eta mahai gainean ideia berriak jartzeko helburuz sortu zen, eta zehatzago esanez mihi bikoitza tradizionala Bizkaian garatzeko, euren aitzindarien ondorea bizirik iraunarazteko. Hainbat grabaziotan parte hartzeaz gain, euren kantak biltzen dituen “Oraingo doinu zaharrak” diskoa kaleratu dute.

Hitzordu tradizionala

Aiko Taldeak urteak daramatza Gabon aurreko erromeria hori antolatzen. Bertan, Aikoko musikariek eta dantza maisuek, euren jarraitzaile askorekin batera, Durangoko kaleak alaitzen dituzte, partaidetzara zabalik dagoen egitarauarekin. Aurten, gainera, AIKO Taldeak gonbidatutako artistak izango ditu ondoan. Egitaraua goizean hasiko da. 13:00etatik aurrera, Andra Mari elizako atarian egingo den sokadantzak zabalduko du jardunaldia, eta ordu erdi geroago jarraipena izango du, Durangoko kaleak hartuko dituen dantza-poteoarekin. 14:30ean, Plateruenean dagoeneko, AIKO Taldeak txakolin batera gonbidatuko ditu bertara hurbiltzen direnak.

Ohikoa denez, jai egitarauak Plateruenean jarraituko du, 15:00etan egingo den bazkari herrikoiarekin. Bazkalostean, dantza zale guztientzat zabalik egongo den erromeria hasiko da. Urtero, musika eta dantza tradizionalaz gozatzen duten 200 pertsona inguru elkartzen ditu. Durangoko ospakizunean animatzen diren guztiek hartu ahal izango dute parte. Dituen izaera herrikoia eta giro bikaina direla eta, oso egun berezia bilakatu da euskal dantza zaleentzat. Dantza eginez gozatzeko elkartzen dira, herrietako erromeria tradizionaletako giro alaia gogorarazten duen jardunaldi dibertigarrian. Plateruenako bazkariak 25€ balio ditu eta txartelak Durangoko Kafe Antzokian bertan edo http://www.aikotaldea.eus/ webgunearen bitartez erosi daitezke. Festa gaueko 22:00etan amaituko da, ziurrenez “Mi carro” abestuz, AIKOtik adierazi dutenez.

Durangoko erromeria hitzordu tradizionala bilakatu da jadanik dantzazaleen egutegian. Horietako askok Dantzaldi Ibiltarian hartzen dute parte, Bilbon (Campos Elíseos Antzokia), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon eta Galdakaon eskaintzen diren eta BBK Fundazioaren laguntza duten Aikoren dantza ikastaro egonkorretan. Urrian hasi ziren arren, ikasi nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte oraindik (http://aikotaldea.eus/dantzaldi-ibiltaria.php?idioma=eu). Ekainean amaituko diren asteroko klaseak eskaintzen dituzten ikastaro horiek, dantzan ikasi eta AIKO Taldearen metodoa ezagutu nahi duten guztiei daude zuzenduta. Metodo “naturalagoa, erlaxatuagoa, dibertigarriagoa. Dantzan ikasteko beste modu bat”.

Bixente Martinezek (Oskorri), Jarauta 69 txarangak, Kiki Bordatxo eta bere taldeak eta Bizkaiko Gaiteroek hartuko dute parte jaialdi handi horretan, AIKOko musikariekin eta dantza maisuekin batera

Jarduerak goizetik aurrera programatu dira Durangoko alde zaharreko kaleetatik eta, ondoren, bazkaria eta dantzaldi-kantaldi-erromeria Plateruena Kafe Antzokian

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...