Dokumentuaren akzioak
AIKO Taldea 2021-22 ikasturtean klase presentzialetara bueltatuko da
Pandemiaren etaparik gogorrena gainditu ondoren, “normaltasun berriak”, dantza tradizionalari buruzko ezagutzak hasi edo hobetu gura dituzten pertsonen kopurua handituko du datorren udazkenean. Izan ere, AIKO Taldeak, duela hamabost urte baino gehiagotik dantza tradizionalaren hedapenari eskainitako ekimenak, urritik aurrera aurrez aurreko klaseei berrekingo diela iragarri du.
AIKO Taldeak udazkenean ekingo dio berriro ikastaroari, aurrez aurreko formatuan: ordu eta erdiko klaseak astero, urritik ekainera, bi mailatan (hastapena eta hobekuntza) eta Euskal Herriko hainbat herritan. Aiko metodoan oinarritutako esperientzia da, “gozatu dantzan, ikasi gozatzen” leloari jarraitzen dion filosofian. Urte hauetan zehar milaka pertsona erakarri ditu jota, arin-arina, mutildantzak eta jauziak praktikatzera, mazurka, polka, habanera edo balsa ahaztu barik. Azken batean, dantza gizarte-topaketa atseginerako esperientzia gisa berreskuratzera.
Taldeko gainerako jarduerekin gertatu zen bezala, koronabirusaren pandemiak zalantzan jarri zuen AIKO Taldearen jardueraren jarraipena; hala ere, taldeak bizkortasunez erreakzionatzen jakin zuen, dantza tradizionaleko lehen eskola digitala bultzatuz. Horrela, joan den ikasturtean Aiko Eskola jarri zuen martxan, Internet bidez dantzan irakasteko ekimen aitzindaria, eta hilabete hauetan guztietan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eman da.
Aurrez aurrekoa eta online, eskaintza osoa
Zuzeneko dantza klase birtualak eta material didaktikoa arrakastatsuak izan dira, 400 matrikula baino gehiago erregistratu baitituzte azken ikasturtean. Eta Interneteko irakaskuntzaren baliabideari esker, AIKOk dimentsio berrialortu du; izan ere, matrikulazioen erdiak Europa, eta Ipar eta Hego Amerikako hogei bat herritan banatutako Euskal Etxeen bidez erregistratu dira.
Horrela, euskal dantza tradizionala Madrilen, Londresen, Habanan, Sao Paulon eta Argentinako dozena erdi bat hiritan praktikatu da. Baina baita Kalifornia, Nevada, Utah, Idaho, Colorado, Rhode Island eta New York estatuetan ere. Hori guztia, AIKOk eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmen batek bultzatuta.
Sabin Bikandi AIKOren sortzaileetakoaren berbetan, irakaskuntza telematikoaren esperientzia “dantzarekin, musikarekin, alaitasunarekin, itxaropenarekin eguneroko hitzordua eta, batez ere, dantzaren bidez elkarrekin jarraitzeko modua bihurtu zen”. Eta horri dagokionez “une bereziak” gogoratzen ditu, “besteak beste apirilaren 25 hura, Italiaren askapena oroitzen duen eguna, 'Bella Ciao' ereserkiaren gure jauzi, jota eta arin-arin bertsioa dantzatu genuenekoa... Pandemia hor dagoen arren, guztion artean dantzan jarraitzeko modu berria aurkitu dugu, eta baita Internet bidez ezagutzak transmititzeko modu berria ere”.
Aikoeskola.eus esperientzia arrakastatsua geratzeko iritsi da, eta aurrez aurreko klaseak babesten jarraituko du, plataforma digitalak duen luxuzko material didaktikoari esker. Matrikulan aurrez aurreko klaseak eta www.aikoeskola.eus webguneko zerbitzuetarako sarbide osoa sartuko dira.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...