Dokumentuaren akzioak
Izartxoren kabalkada, 50 urteak ospatzeko !
2018ko urriaren 13an eta 21ean, Uztaritzeko Izartxo dantza taldeak Kabalkada egin zuen bere 50 urteak ospatzeko. Arratsaldeko 4etan eman zuten, Uztaritzeko pilota plazan.
Taldea 1968an sortu zen, Koldo Zabalaren laguntzari esker eta 1970etik aitzina bere helburu nagusietako bat kaskaroten ohitura mantentzea izan zen. Musika kurtsoak plantan ezarriak izan ziren ere bai eta aski fite Iparraldeko musika eta dantzaren eragile inportante bilakatu ziren Izartxo eta Errobiko Kaskaroten elkartea.
Dirudienez, Kabalkada muntatzeko ideia aspaldikoa zen, azken urteetan herri anitzetan berpiztu direlako kabalkadak, zintzarrotsak, toberak... Beraz 50 urteak aitzakitzat harturik, Kabalkada muntatzea bururatu zitzaien. Horren egiteko, Izartxoko dantzariak, herriko antzerkilariak eta kantariak bildu ziren eta 2017an lanean hasi ziren.
Dantzari dagokionez, Jose Cazaubon eta Arantxa Lannes izan dira koregrafoak eta hiru zati bereizi dituzte: lehen partean dantza tradizionalak: kaskarot martxa, euskaldunak-sorginak, kadrillak eta abar; bigarren partean fandango sorkuntza bat aurkeztu dute eta hirugarrenean, Uztaritzeko ihauterietako dantzak eman dituzte, zirtzilak, abereak eta maiak atera dira garai bateko sorkuntzak erakusteko.
Hauxe izan zen emanaldiaren egitaraua :
- Plaza hartzea
- Lehen agerraldia :
- Herriko dantzak (Uztaritzeko Kaskarotak- Bolantak - Azkaindarrak- Urbeltzen kontradantza)
- Kantuak Zazpi Euskal Herriek - Plazara, Euskara plazara)
- Toberak / Bertsoak
- Bigarren agerraldia :
- Fandango / Arin arin
- Kantuak (Ez, ez dut nahi - Bake mina)
- Toberak / Bertsoak
- Hirugarren agerraldia :
- Ihauteriko dantzak (Su Jautzia- Ihaute porrusalda)
- Kantuak (Lagun etor gurekin - Abertzale jaio nintzan)
- Toberak / Bertsoak
- Dantza (Birubi)
- Laugarrena: Agurrak / eskerrak
- Fandango Arin arin deneri idekia
Ikus dezakezuen bezala, toberak izan dira, Aritz Videgainek idatzi dituenak. Gai nagusia hau zen : "2118an gira, Euskal Herriak independentzia lortu berria du, Euskal Errepublika berrian, Uztaritzek Lapurdiko Hiriburua bilakatu nahi luke, garaian bezala..." Uxerra, epailea, prokuradorea, abokatua eta hainbat pertsonai ikusi ditugu. Hementxe duzue antzerkiaren lapurben bat, sarreran emandakoa hurbildu ziren jendeeri :
Antzerkiaren aurkezpena :
2118. Euskal Herriak independentzia lortu eta lehenbiziko Euskal Errepublika sortu du. Orain, bere lurralde eta instituzioaren antolaketa finkatu behar ditu. Horretarako, Errepublikak Epaile nagusi bati galdetu dio lurraldeko zazpi hiriburu ofizialak aukeratzea zazpi probintzia historikoetan oinarrituz. Gaur, Epaile jauna Uztaritzen dugu, Uztariztarrek heien herria hiriburu izateko aldarrikapena egin dutelako. Epaile jaunak aldarri honen bidezkotasuna aztertu beharko du eta auziaren bukaeran, Lehen Euskal Errepublikako Lapurdiko hiriburua zein izanen den deliberatu.
Lehen taula :
Uxerrak auzi honen aktore nagusiei harrera egiten die, hala nola, jaun Epaile nagusia, jaun Fiskala eta andere jaun biez bat Abokata. Epaile jaunak Abokatari eskatzen dio elementu konkretuak aurkeztea Uztaritzek Euskal Errepublikaren sorreran eta Euskal kulturaren garapenean izan duen funtsezko eragina frogatzeko. Horretarako, Abokatak bere lehen lekukoa etorrarazten du. Mattin Espartin du izena eta 1960ko hamarkadan Uztaritzek ukandako garrantzia erakusten saiatuko da, batez ere euskal kantua eta dantzaren garapenean.
2.taula
Epaileak elementu gehiago behar ditu eta Abokatak bere bigarren lekukoa aurkezten du. Johnny Zintagorri ehun urte ta piko dituen gizon zaharra da. Medikuntzaren hobekuntzei esker belaunaldiak zeharkatu ditu eta gaur, euskal ekonomia eta kulturaren Urrezko garaiko bere oroitzapenak partekatuko ditu. Zintagorrik bere lekukotasuna garai horren abiapunduan kokatzen du, erran nahi baitu Ameriketako euskaldunak Uztaritzen finkatu zirelarik 2030. hamarkadan.
3.taula
Epaile nagusia bere erabakia hartzekotan da, baina Abokata jaun andere biez batak azken lekuko bat deitzen du, Marcus Nostraminus euskal paleontologo famatua. Adituak frogatu beharko du nola Uztaritze funtsezko asmakizun eta ezagutzen iturria izan zen, Euskal Herriarentzat eta Gizatasunarentzat. Jaun fiskalaren arrapostua, beste lekuko baten laguntzaz aberastua izanen da: Iñaki Txilerenak, krioginizatua izan zen harri altxatzaile famatuak, bere dohain mistikoaren bidez auzi honen azken duda lainoak urruntzea izanen da helburu. Momentua hurbiltzen zaigu jakiteko ea Uztaritze lehen Euskal Errepublikako Lapurdiko hiriburua izanen den... edo ez.
Artista anitz bildu dira emanaldi horren emateko eta jende anitz bildu dira laguntzeko eta prestaketa lanetan aritzeko. Jantziak, inguruetako dantza taldeek eman dituzte eta musikariak xoko ezberdinetatik etorri dira. Uztaritzeko herriko etxeak baita Ezpeletakoak eta Itsasukoak materiala presatu dute, ahantzi gabe Uztaritzeko ikastola eta Latsa elkartea!
AUPA UZTARITZE! AUPA IZARTXO!
Dokumentuaren akzioak