Dokumentuaren akzioak
Gu sortu gintuzulako, eta gurekin jarraituko duzulako, eskerrik asko Jesus Mari
Oso zaila da hitz gutxitan eta modu laburrean Jesus Mari Garate (1949-2018) dantza-maisuak erakutsi, transmititu eta eskaini digun guztia azaltzea. Baina ondorio nagusi bat ateratze aldera, garbi esan genezake Ostadar Dantza Taldeak gaur egun irautearen meritu nagusia Jesus Marirena dela. Horrela bada, Ostadar Dantza Taldetik, bihotzez, eskerrak ematen dizkiogu, gure dantza-ibilbidea sortzeaz gain, beronen garapena ere bideratu zuelako.
Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan, Jesus Mari bera izan zen Ostadar Dantza Taldearen sortzailea. Eta sortzailea izateaz gain, hainbat urtetan gure arduradun, gidari eta zuzendari nagusia ere izan da. Baina bereziki, ordea, dantzari eta bidelagun nagusia izan dugu, eta sekulako arrasto handia utzi du gugan. Betidanik erreferente nagusia izan dugun bezala, bere presentziak, nortasunak eta lanketak gurekin jarraituko dute aurrerantzean ere.
Izan ere, Jesus Marik dantzak erakutsi bakarrik ez, dantzak lana eginda ikasi behar ditugula irakatsi digu. Bere zorroztasunak eta erakusteko erabiltzen zituen teknika zehatzak, edozein dantza-pauso behar bezala ikasi eta barneratzeko euskarri nagusiak izan dira. Berak dantzan “espektakulo” edo ikuskizun bat eskaintzea nahi zuen, norberak beretik dena emanez, baina era berean, taldelanean eta elkarlanean. Bakoitzak berea egin behar zuela azpimarratzen zuen, baina taldearen baitan. Eta oso garbi zeukan emaitza onak lortzeko pazientzia eta denbora asko behar izaten direla. Berak askotan esaten zigun: “Dantzaren sekretuak hiru dira: lana, lana eta lana”. Zentzu horretan, ingurukoekin zeukan zorroztasuna bere buruarekin ere bazeukan, eta hori oso ikasbide garrantzitsua izan da guretzat.
Era berean, dantza eskaini beharreko espektakulo edo ikuskizun bezala sentitzen zuen. Benetan sinesten zuen dantzatu beharrekoak merezi zuela, eta behar bezalako garrantzia eman behar zitzaiola. Edozein modutan, agertokitik “jaisten” ere bazekien, eta oso ondo ezberdintzen zituen ikuskizun formaletara bideratutako dantzak eta ikuskizunetatik kanpoko dantzak (dantza herrikoiak, alegia). Serio behar zenean serio eta alai behar zuenean alai, beti jakin izan du egon beharreko lekuan egoten.
Eskuzabala zen. Berak sarritan dantzak irakasteko ardura hartuagatik ere, ondoan zituenengandik ikasteko prest egoten zen. Ingurukoei beraien lekua ematen jakin izan du, eta zentzu horretan, elkarrengandik ikastearen garrantzia erakutsi digu. Beti zegoen laguntzeko prest, eta ez zuen aitzakiarik behar pausoren bat dantzatzeko.
Eta jakina, Jesus Marik erakusten eta dantzatzen zuen dantza bakoitza bere lekuan edo testuinguruan kokatzen zuen. Euskararekin eta euskal kulturarekin konprometituta egoteaz gain, dantza herriarena zela sinesten zuen, eta zerbait dantzatzekotan herriari erakutsi behar zitzaiola sentitzen zuen. Oso garbi zeukan dantzatzen duen herri bat ez dela sekula hilko.
Horrela bada, hemendik aurrera Jesus Marik hasi, zuzendu eta bideratutako ildotik jarraituko dugu. Izan ere, Ostadar Dantza Taldea osatzen dugun kide guztiontzat Jesus Mariren filosofia eta lan egiteko modua ikasbide garrantzitsua izan da, dantza egitearen zentzua ematen digun lezioa, alegia.
Eskerrik asko Jesus Mari. Eskerrik asko, sortu gintuzulako. Eskerrik asko guri bidea erakusteagatik. Gurekin jarraituko duzulako, zuregatik eta zurekin jarraituko dugu dantzan.
Ostadar Dantza Taldea
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ostadar Dantza Taldea
Beasaingo dantza talde bat gara eta efa 30 bat lagunek osatzen dugu. Oriamendi kaleko 10. zenbakian dugu egoitza. Urte osoan zehar dantza ekitaldiak antolatzen eta dantzatzen saiatzen gara, bereziki herri mailan, baina noizbehinka bestelako jarduerak ere antolatzen ditugu: ekitaldiak, hitzaldiak... Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, sare sozialetan ere aurki gaitzakezue (Facebook, Twitter), edota bestela gure e-maila erabili dezakezue: ostadardt@gmail.com