Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ostadar Dantza Taldea Dantzarekin, erritmoarekin eta musikarekin jolasean: halaxe sortu da 'Dantzalaparta'

Dokumentuaren akzioak

Dantzarekin, erritmoarekin eta musikarekin jolasean: halaxe sortu da 'Dantzalaparta'

Dantzarekin, erritmoarekin eta musikarekin jolasean: halaxe sortu da 'Dantzalaparta'

Ostadar Dantza Taldea: "Dantzalaparta" emanaldia (2017-01-07, Beasain)

Ostadar Dantza Taldeak pasa den urtarrilaren 7an eskaini zuen urteroko Gabonetako emanaldia Beasaingo Usurbe Antzokian. Aurten, ‘Dantzalaparta’ jarri diote izena ikuskizunari. Baina zer da ‘Dantzalaparta’? Zer esan nahi du? Zergatik? Dantza taldeak berak dauzka emanaldiari buruzko azalpenak, eta baita hainbat sentipen ere…

Argiak pixkanaka itzali, eta pixkanaka txalapartaren hotsa zabaltzen hasi zen; orain kolpe bat, segidan hurrengoa, berriz lehengoa… eta horrela, pixkanaka doinu edo melodia bat osatu zuten makilak erabiltzen ari ziren txalapartariek. Bat-batean, dantzari-talde bat azaldu zen bertan, guztiek makila handi bana eskuetan zutela, eta txalapartaren erritmoari jarraituz koreografia bat dantzatzen hasi ziren zirkulu bat osatuta. Tarteka, gainera, esku artean zuten makilekin lurra jotzen zuten, baina ez aldi berean. Hau da, dantzariak makilekin txalapartariek egiten zuten jolasa egiten ari ziren, gisa honetara, denek batera pieza zehatz bat osatuz.

Horrelakoxea izan zen Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak, herriko Usurbe Antzokian, pasa den larunbatean (urtarrilak 7) eskaini zuen urteroko Gabonetako dantza-emanaldiaren hasiera.  Hasierako koreografia horren ostean, Euskal Herri mailan ezagunak diren beste hainbat dantza eskaini zituzten taldeko dantzariek, inguruan zituzten musikari eta abeslariek lagunduta. Aurten, Dantzalaparta izenburupean, bereziki hiru kontzeptu uztartu nahi izan ditu emanaldiak: dantza, erritmoa eta musika. Eta uztarketa horretan txalapartak protagonismo berezia izan du. Izan ere, instrumentu horixe izan da emanaldiko euskarri nagusietako bat.

Bertaratu ziren ikusleek beharbada honakoa pentsa zezaketen: “Eta hau zergatik da horrela? Zergatik ez beste modu batera?”. Hain zuzen, Ostadar Dantza Taldeak modu honetara justifikatzen zuen hautaketa hau egin izana: Dantza eta txalaparta hitzak josita, guk asmatutako hitza da dantzalaparta. Txalaparta erabili nahi genuen gure dantza batzuen doinuei laguntzeko, edo soilik txalapartaz jotako doinuaz dantzatzeko. Baina, dantzatuz, txalapartan erabiltzen den jolas konpartitua ere egin nahi genuen, dantzariek eurek ‘txalaparta’ joz. Hortik dator ikuskizunari izen hau eman izana”.

Horrela beraz, erritmoarekin jolasean eta hainbat musika-instrumenturen melodiek lagunduta osatu zuten dantzariek emanaldia. Hainbat unetan  txalaparta izan zen presentziarik nabarmenena izan zuen instrumentua, baina dantzari zein musikariek beste hainbat tresna ere erabili zituzten erritmo-mota ezberdinak plazaratzeko: hainbat motatako makilak (handiak, txikiak…), trabazak, brokelak, trazak, eskuak...

Dantzei dagokienez, berriz, Euskal Herri mailan ezagunak eta historikoki garrantzia izan duten hainbat dantza eskaini zituzten, hala nola: Gipuzkoako Makil handi eta brokel dantzak, Abaltzisketako txantxoak, Nafarroako Jaurrieta herriko ‘Axuri Beltza’, Baztango esku dantza, Zuberoako aulki dantza, bikoteka dantzatzen diren ‘Txotis’ eta ‘Mazurka’ koreografiak…              

Dena den, kontuan izanik aurtengo emanaldiko funtsezko gakoetako bat erritmoa izan dela, dantza edo koreografia batzuk aipamen berezia behar dute. Horixe da esaterako, Zegamako Gorrotxategitarren “pandangoa” eta “arin-arina”ren kasua: Zegamako Gorrotxategitarrek albokaz jotzen zituzten erritmo eta neurri ezberdineko bi pieza hauek. Hori horrela, dantzariek pieza bakoitza bi modutara erakutsarazi zuten: alde batetik, gaur egun dantzatu ohi den bezala (erritmo eta neurri bereziek batzuetan musikaren aurka doazela pentsaraziz), eta bestetik, musikaren ezaugarrien arabera egokituta.

Bestalde, erabat “dantzak” izan gabe, historikoki baserriko lan-munduarekin edota jolasarekin lotuta egon diren hainbat koreografia edota lan-erritmo ere plazaratu zituzten. Txalapartaren kasuan bezalaxe, pertsonen arteko ‘jolasa’ izan zen lan-erritmo hauen oinarria, hala nola Ote jotzea-n (hiru pertsonek markatutako erritmoa), Aldapeko-n (bi pertsonek markatutako erritmoa) eta Kirikoketa-n (hiru pertsonek markatutako erritmoa). Azken honetan gainera, dantzariek horretarako propio moldatutako koreografia bat dantzatu zuten. Bestetik, Eguen zuri koplak abesterakoan, dantzariak hiru taldetan banatu ziren, eta talde bakoitzeko kideek erritmo jakin bat eramateko ardura izan zuten. Horrela beraz, Ostadar Dantza Taldeak ez zituen soilik besteengandik jasotakoak plazaratu, euren sorkuntza edo moldaketa propioak egiteko gai direla ere erakutsi zuten.

Ekitaldiaren amaiera, ohi bezala, sinbolismo sozial, politiko eta kulturala duen Hator hator Gabonetako abesti ezagunaren koreografiak markatu zuen, baina ekitaldia biribiltzeko, Ostadar Dantza Taldeak azken sorpresa bat zuen prestatuta ikus-entzuleentzat (“sorpresa”, hain justu, jendeari banatutako eskuorrietan honen berri eman ez zutelako): Mikel Laboa abeslariak eginiko Martxa baten lehen notak abestiarekin eginiko koreografia (‘Agurra’ dantza herrikoiaren pausoak tartekatuta). Modu honetan, abeslariari omenaldia egiteaz gain, gure herriaren eta kulturaren zentzua zertan datzan islatu nahi izan zuten dantzariek, hain justu, dantza egin ahala abestiaren letra interpretatuz (eta jakina, emanaldi osoan bezala, erritmoak markatutako pauso horiei jarraituz).

Horrek guztiak osatu du Dantzalaparta. Horixe izan da, aurtengo Ostadar Dantza Taldearen Gabonetako emanaldia. Jendaurrean bertan esan zuten bezala, dantzatzeko modu berriekin “esperimentatu” nahi izan zuten, eta jendeari “zerbait berria eskaini”. Hain zuzen, “herriak sortutakoa herriari erakutsaraztea” izan da helburua beste behin, baina beste modu batera. Aurreko urteetan esaterako, Euskal Herriko historiako hainbat pasarte dantzen bidez islatu izan dituzte, edota Beasaingo mitologiari erreferentzia zehatzak egin izan dizkiote. Aurten, berriz, dantzatzeko eta erritmoa kudeatzeko modu ezberdinak erakutsarazi dituzte.

Horrela beraz, Ostadar Dantza Taldeak “bete” du bere urteroko ohitura: Gabonetako emanaldia egitea. Izan ere, azpimarratu beharrekoa da dantza taldearentzat urteroko zita garrantzitsuenetakoa dela Gabonetako oporren bueltan antolatzen duten ekitaldi hau, eta jada urte asko daramatzate jarraian emanaldi hau eginez. Normalean, Eguberri eta Urte berri egunaren artean egin ohi da ikuskizuna, baina aurten, Gabonak ere hala tokatu direlako, Errege egunaren biharamunera aldatu behar izan zuten. Dena den, ikuskizunaren mamia ez zen galdu, eta Eguberrietako magiaren giroa sumatu zen emanaldian.

Eta azkenik, Ostadar Dantza Taldea oso eskertuta dagoela esan behar da ekitaldia egiteko jaso duten laguntza eta babes guztiagatik. Eurek halaxe adierazi diete euren esker ona izandako laguntzaile guztiei: “esker bereziak eman nahi genizkieke urtero legez emanaldia prestatzen lagundu diguten dantzari, guraso, musikari, laguntzaile... guztiei. Azken finean, emanaldian ikusten den emaitza ez litzatekeelako posible izango uneoro guri laguntzen ibili diren pertsona horiek guztiak gabe. Beste urte batez, mila esker benetan Ostadar Dantza Taldearen Gabonetako emanaldia posible egiteagatik”. Era berean, esker hitzak izan zituzten emanaldira joandako herritarrentzat ere:  “Zuen guztion babesari esker lortu dugu aurrera egitea, eta gaur egun zerbait bagara, zalantzarik gabe, zuei esker da”.

Eta orain, Ostadar Dantza Taldea gogotsu dago 2017. urtean ere dantzan jarraitzeko. Datozen asteetan Inauterietako larunbatean Beasaingo kaleetan zehar egingo duten dantza-desfile irekia antolatzen hasiko dira buru-belarri. Gogorik eta ilusiorik ez zaie falta dantza taldea osatzen duten haur, gazte zein helduei, eta aurrerantzean ere garbi dute edozein modutara dantzan jarraituko dutela, izan ere, eurek askotan esaten duten bezala, dantzatzen duen herria ez delako sekula hilko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ostadar Dantza Taldea

Ostadar Dantza Taldea

Beasaingo dantza talde bat gara eta efa 30 bat lagunek osatzen dugu. Oriamendi kaleko 10. zenbakian dugu egoitza. Urte osoan zehar dantza ekitaldiak antolatzen eta dantzatzen saiatzen gara, bereziki herri mailan, baina noizbehinka bestelako jarduerak ere antolatzen ditugu: ekitaldiak, hitzaldiak... Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, sare sozialetan ere aurki gaitzakezue (Facebook, Twitter), edota bestela gure e-maila erabili dezakezue: ostadardt@gmail.com